Kataluniako prozesu subiranista. Diada

Halere, berriro kaleak betez

ANCk independentzia erdigunean jartzeko eta horretarako batasun estrategikoa mamitzeko eskatu die JxCri eta ERCri. Masiboa izan da mobilizazioa, baina beste aldietan baino jende gutxiago bildu du

Hainbat herritar Bartzelonako Espainia plazan zabaldu zuten estelada baten azpian, atzo.
Hainbat herritar Bartzelonako Espainia plazan zabaldu zuten estelada baten azpian, atzo. ERIC FONTCUBERTA / EFE

Igor Susaeta - Berriemaile berezia

2019ko irailak 12

Ateratzeko kalera, Diadak mugarri bat, bozgorailu bat, izan behar duela Auzitegi Gorenean epaitu dituzten buruzagi subiranisten epaiari erantzuteko orduan. Horretan bai, ideia horretan ados jarri dira JxC Junts Per Catalunya eta ERC Esquerra Republicana. Elkarren arteko tirabira ia endemikoak baztertu, edo baretu, eta mezu hori zabaldu dute azken egunetan. Kasurako, Carles Puigdemont JxCko liderra eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia elkarrekin azaldu dira Genevan (Suitza) grabatutako bideo batean, eta «denen» beharra dagoela azpimarratu zuten. Epaia gogorra izango dela aurreikusita, eta Moncloako oraingo maizterrek ere Kataluniako auziaren aurrean ezikusiarena egiten dutenez, datorrenari «adorez eta determinazioz» erreakzionatzeko eskatu zien Quim Torrak herenegun herritarrei, Diadarako, Kataluniako egun nazionalerako, Palauko areto batetik helarazitako mezu instituzionalean. Autodeterminazio eskubidea «gauzatu» behar dela ere adierazi zuen, hori nola egin zehaztu gabe, ordea. Hong Kongen hango gobernuaren kontra ekainetik egiten ari diren mobilizazio jendetsuen eredua jarraitzea eredu txarra ez litzatekeela iradoki zuen, gainera, Generalitateko presidenteak. «Protestak funtzionatzen du», nabarmendu zuen.

Kataluniako bi indar subiranista nagusiek herritarrak deitu dituzte, berriro, eta erdigunean jarri. Badakite ezinbestekoak direla duela ia hamarkada bat abiatutako prozesu subiranistarekin aurrera jarraitzeko, baina haiek, bien bitartean, prozesu horri heltzeko bide-orririk zehaztu gabe, ados jarri gabe, jarraitzen dute 2017ko azarotik, Espainiako Estatuaren Kataluniaren kontrako errepresioa hasi zenetik.

Bi indar hegemonikoek prozesuaren etapa berrian eman beharreko pausoak adosterakoan dituzten zailtasunek azkeneko urte eta erdian herritarrengan eragin duten nekea eta haserrea gorabehera batez ere azkeneko hilabeteotan loratu da bigarren sentipena, herritar horiek beraiek deiari erantzun diote, eta atzo ere, milaka lagun atera ziren kalera ANC Biltzar Nazional Katalanak antolatzen duen Diadako mobilizazio nagusian Omnium Culturalen eta AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien laguntzarekin antolatuta—. Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 600.000 lagun bildu ziren Espainia plazaren bueltan. Eta Elisenda Paluzie ANCko presidentea agertokira igo zenean, 18:00ak pasatxo zirenean, «batasuna» eskatu zien alderdiei, baina ez «edozein» batasun, «baizik eta independentziaren helbururako batasuna». Izan ere, oraingoz bat egitetik urrun daudela dirudi, azken asteotako adierazpenei kasu eginez gero, gutxienez. Oriol Junqueras Esquerrako liderrak hauteskundeak eskatzen ditu kartzelatik; eta estatuarekin «konfrontazio demokratiko bat» mantentzea Puigdemontek, Bruselako erbestetik. Paluzie mintzatu eta gutxira elkarrizketatu zuten Torra TV3n, eta adierazi zuen baietz, ados dagoela independentziaren helburua «alderdi politikoen aurretik» jartzearekin.

Hori ozen eta argi exijitu zioten kalera atera ziren herritarrek, atzo. Masiboa izan zen elkarretaratzea berriro, oso kontuan hartzekoa; apenas egiten diren munduan hainbeste jende biltzen dutenak. Baina egia da ANC 2012an gisa horretako Diada independentistak antolatzen hasi zenetik jende gutxien erakarri duena izan dela. Betiere udaltzaingoaren zenbakiak aintzat hartuta, aurreneko lauek 1,5 milioi pertsona inguru bildu zituzten, eta hurrengo hirurek milioi bat, gutxi gorabehera. Paluzieren esanetan, aurtengo Diada arriskuan egon zen uztailean, prozesuaren beraren dinamika dela eta. Dena den, 450.000 lagunek eman zuten izena azkenean 460.000 izan ziren iaz, eta mezu argia bidali zieten Kataluniako alderdi politiko nagusiei eta instituzioei.

Madril eroso dago orain

Objectiu indepèndencia lelopean, izar bat irudikatu zuten Diadan esteladak, Kataluniaren independentziaren aldeko banderak, izar bat du. Izar hori irudikatzeko, eta Espainia plaza elkargunetzat hartuta, jendez betetako sei adar osatu zituzten plazatik abiatuta, horiekin «independentziaren pluralismoa» erakusteko.

Eta ideia horrekin ados dago Esther. 40 urte, Sant Marti de Torroellakoa (Bartzelona), Once de Setembre-ko mobilizazioarekin hasieratik bat egin zuena. «Alderdi guztietako jendea dago hemen», azpimarratu nahi izan du. Horregatik, atzo agertokitik exijitutakoa berretsi du: «Herriak nahi du alderdiak elkarrekin joatea». Eta bere argudioaren azalpena jarraian: «Izan ere, Espainiako Gobernuak ikusten baldin badu elkarri eraso egiten ari garela, oso lasai egongo da». Ez du «gustuko» ERCren egungo planteamendua, baina ez zaio iruditzen Madrilekin erreferendum bat adostea zientzia fikziozko pelikula baterako gidoi bat denik. «Gauzak lortzeko, borrokatu beharra dago. Gazteak, gainera, borrokarako prest daude. Gehienak independentistak dira».

BERRIA Euskal Herriko egunkari bat dela argitu, eta Jordi Rosesekoak (Girona) barrez erantzundakoa izan da Kataluniako independentistak ez direla «kontzertu ekonomiko batekin» konformatuko. «Ni, behintzat, ez». Ez ditu gogoko «interes alderdikoiak». Angela bere lagunak ere ez. «Politika da hori!», bota dio Jordiri. Lehen ERCri bozkatzen ziola argitu du. «Orain JxCtik gertuago nago». Bat egiten dute desobedientziaren bidearekin. Desobeditzeko prest daude. «Baietz, emakumea! Errepresaliak egonez gero gu salbu geundeke!», Jordiren zirtoa.

Carme eta Silvia Bartzelonakoak dira. 55 eta 60 urte. «Egin dezatela herriaren mailan dagoen zerbait», eskatu die JxCri eta ERCri. ANCren tesia, hauteskundeetan independentismoak %50a gainditzen badu aldebakarreko independentzia aldarrikapen bat egitea, babesten dute. Subiranismoak emaitza hori lortuz gero, pentsatzen dute «arriskatuko» direla Kataluniako Parlamentuan, ondorioak ondorio. «Batzuk, behintzat, bai».

Hain zuzen, prozesu subiranista etapa berri batean sartzekoa denez, Marta Vic-ekoari (Bartzelona) ez litzaioke gaizki irudituko independentismoak liderrak aldatzea. Arnau bikoteak ez dio hausnarketa horri erantzun. «Luzea» egiten ari zaio prozesua, baina ohartarazpen bat egin du: «Katalanok zerbait baldin badugu, hori pazientzia da». Dena den, ez da baikorregia buruzagi politikoek eman ditzaketen hurrengo pausoei dagokienean. «Ez baldin bagara kalean mobilizatzen, ez dute ezer egingo». Angels Chacon Generalitateko Enpresa kontseilariak burutazioa baztertu zuen lehengo astean, baina Paluzie ANCko presidenteak atzo goizean adierazi zuenez, ez du gaizki ikusten epaiaren ondoren greba orokor batera deitzea. Marta eta Arnauk, 31 eta 36 urtekoek, bat egingo lukete. «Gu kalean egongo gara».

Herrikide dituzte Bruna, Irene eta Laura, 19 eta 22 urte artekoak. Eguerdira arte ez zuen atertu, baina gero eguzkiak gogotik berotu zituenez bazterrak, itzal preziatu baten jabe egitea lortu ahal izan zuten. Desobedientziaren bidea jarraitu behar dela iruditzen zaie. «Haserre» daude alderdiak ez direlako ados jartzen. «Katalunian arazo hori izan dugu beti, ez dakigula elkarrekin joaten. Penagarria da», esan du Brunak. Areago joan da desobedientziaren bidea ibiltzeko deian: «Iraultzak konfrontazioaren bidez egiten dira». Esquerraren jarreraz galdetuta, uste du «federalismoa» nahi duela.

ANC alderdi bihurtzea?

Peraladako (Girona) Pere 45-50 urtekoarentzat, oso kontuan hartzeko irtenbidea izango litzateke «estatu federal bat» ahalbidetu ahal izatea prozesuko «borrokaren» bidez. «Betiere legearen barruan eta modu baketsuan, ahal dena lortu behar da, nahiz eta hori independentzia ez izan».

Bestelako «bide-orri bat» dauka Francisco Bartzelonakoak. 64 bat urte. ANC bera jarri du erdigunean. «ANCren etorkizuna alderdi politiko bihurtzea da. Inpendentismoa batzea lortzen duen bakarra da. Botoen %70-80 batuko duen alderdi bat falta da Espainia eserarazteko». Bide batez, alderdi politiko independentistei belarrietatik tira egin zien, «ez dutelako eskatzen duten batasunik erakusten». Gauza bera egin zuten 600.000 herritarrek.

Erdigune bat eta bost kale

Elkartasunak eta eskubideen defentsak batuta

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna