Zehatzago, objektiboago

EAEko hezkuntza itunetik lege aurreproiektura eginiko jauzia aztertu dute ordezkari politikoek Bilbon; akordioaren edukiak berreskuratzera deitu dute sinatzaileek.

Ezkerretik eskuinera, Ikoitz Arrese, Leixuri Arrizabalaga, Jose Manuel Gil, Alfredo Retortillo eta Miren Gorrotxategi, atzoko jardunaldietan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Partidako lehen sakea da aurreproiektua. Goazen eztabaidatzera, legeari denok 'bai' esan arte». Adostasuna bilatzeko gonbitarekin itxi zuen atzo Leixuri Arrizabalaga Eusko Legebiltzarreko EAJko kideak Hezkuntza Legeari buruzko mahai ingurua, Bilbon, Zubiak Eraikiz eta Save the Children erakundeek antolatutako Hezkuntza akordiotik euskal hezkuntza legera jardunaldian. Izan ere, ia-ia bakarrik geratu zen parlamentari jeltzalea lege aurreproiektuaren defentsan: PSE-EEko ordezkari Alfredo Retortillok ere aitortu zuen «zehaztasun gehiago» behar dituela, eta hezkuntza itunaren beste bi sinatzaileek berretsi zuten ez datozela bat egungo testuarekin. Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaile Miren Gorrotxategi, kritiko: «Aurreproiektu honi ez, akordioaren elementuetan tranpa egiten duelako». EH Bilduko eledun Ikoitz Arrese, negoziatzera begira: «Aurreproiektu honi ez, eta horregatik egingo dizkiogu zuzenketak».

Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza lege berria lantzeko prozesua aurrekontuen negoziazioarekin nahastu da asteon, eta horrek tentsioa sortu du apirilean hezkuntza ituna babestu zuten alderdien artean. Debaterako giro lasaia eskaini zuen atzoko mahai inguruak, eta agerian geratu zen desadostasun esanguratsuak dituztela talde politikoek hainbat auzitan. Aldiz, bat etorri ziren denak gai batean: lege testuak zehatzagoa izan beharko du.

Izan ere, aurreproiektua «irekia eta lausoa» da, Gorrotxategiren hitzetan. Itunari begira, segregazioari buruzko neurrietan bereziki sumatu du hutsunea: «Akordioa abangoardian dago, baina aurreproiektuak ez ditu neurriak jaso». Arresek gogora ekarri zuen itunarekin batera datozen urteetarako neurri sorta bat onartu zutela, eta han ere jaso zituztela ekitatearekin lotutako hainbat jarduera, hala nola gaineskaintza mugatzea. «Ausartak izan behar dugu: ikastetxea aukeratzeko eskubidea ezin da jarri segregazioaren aurkako borrokaren gainetik». Hala, akordioko atal «nuklearrak» legean ondo definitzea galdegin zuen: «Gutxienez akordioa bezain zehatza izan behar du testuak».

PP-C's-eko ordezkari Jose Manuel Gilek adierazi zuen Eusko Legebiltzarraren eragina gutxitzea dela zehaztasun faltaren xedea: «Dekretuak ez baitira parlamentutik pasatzen». Baina beste gai bati erreparatu nahi izan zion: «Deigarria da zeri buruz ez garen hitz egiten ari: kalitate hitza ez da testuan ageri. Elefante handi bat dugu egongelan, eta beste albo batera begira gaude».

Retortilloren aburuz, «anbiziotsua» da aurreproiektua, «hezkuntza sistema sakon aldatzea» planteatzen duelako, eta horrek talka egin dezake testua zabal uztearekin: «Legeak ezin dira dekretuak bezain zorrotzak izan, baina ez da nahikoa erreferentzia orokorrak egitea. Legeek gobernuaren jarduera kontrolatu behar dute; beraz, mugak ezarri behar dituzte». Halere, gobernuko bazkideak «jarrera onez» ikusten ditu edukiok negoziatzeko.

Hala baieztatu zuen Arrizabalagak: «Aurreproiektuetatik legeetara aldaketa izugarriak egoten dira: legebiltzarreko prozesuan ekarpenak jasoko ditu, eta falta diren gaiak zehaztuko dira». Halere, «teknika legegilea» kontuan hartu beharraz mintzatu zen: «Legea orokorra izaten saiatzen da, bide luzea egin eta aldaketetara moldatu ahal izateko». Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat konfiantza eskatu zuen, baina ezkor erantzun zion Gorrotxategik: «Konfiantza eraiki egiten da, baina zaila da teknika legegilea baliatzen bada parlamentuan adostutako kontuak legean ez sartzeko».

Kontzeptuen interpretazioa

Euskal Hezkuntza Zerbitzua kontzeptuak ere zeresana eman zuen: definizio zehatzik ez dakar aurreproiektuak, eta alderdi bakoitzak nahieran ulertzen du. Gil: «Oraingoaren berdina da. Baina falazia bat da publikoa eta itunpekoa aurrez aurre jartzea». Arrizabalaga: «Zerbitzua da, hezkuntzarako oinarrizko eskubidea asetzera bideratua. Erdigunean ez daude ikastetxeak, baizik zerbitzua eta ikasleak». Arrese: «Ibilbide baten hasiera da, ituntze unibertsala amaitzeko, eta kontzertuak baldintza batzuetara lotzeko, modu progresiboan».

Gainerako alderdietan, ordea, dudak eragiten ditu terminoak, hezkuntza itunean jaso zuten arren. Retortillo: «Ez dut gustuko formula hori; irizpiderik gabe nahasten ditu zentro publikoak eta pribatuak. Interes soziala zer den objektibatu behar da». Gorrotxategi: «Eskola publikoak sistemaren ardatz izan behar duela esatea ez dator bat Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren formulapean bi sareak bereizi gabe jasotzearekin. Eskola publikoa erretorika hutsa da aurreproiektuan: ez da ezertan gauzatzen».

Programa kontratuen funtzioa ulertzeko moduan ere alde handiak agertu zituzten mahai inguruko partaideek. Arrizabalagarentzat «lehentasunezko tresna» dira, eta ikastetxe guztiekin sinatu behar dira, «bakoitzaren beharretara egokituta». Retortillok oroitu zuen erakunde publikoetan normaltasunez erabiltzen dela «finantzaketa molde» hori, baina «hezkuntza irizpideen arabera» aplikatzera deitu zuen, eta ez «zentroen interesen arabera». Arrese, berriz, ez zen agertu kontratuok orokortzearen alde: «Gutxiago dutenei gehiago emateko baliatu behar dira. Bestela, bi abiaduretako sisteman sakonduko da: zentro batek kontratu bat erabil dezake segregazioari aurre egiteko, eta beste batek bikaintasunerantz joateko». Eta Gorrotxategi irmo aritu zen figura horren aurka: «Zentro guztiak ez daude prestatuta lehia horretan sartzeko. Azken batean, programa kontratuak dira mekanismo bat ohi baino baliabide gehiago lortzeko: ondoen prestatutako enpresa lobbyek lortuko dituzte. Akordioak zioen ekitatea lortzera bideratu behar zirela, baina, aurreproiektuan idatzita dagoen bezala, arrakala handituko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.