ESKUTITZA. Aita Santuak joan egin behar zuen Francorengana

Natalia Ginzburg, eta haren testua dakarren egunkariaren azala. BERRIA.
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Irailaren 27ko fusilatzeen ostean, Corriere della Sera-k azalean argitaratu zuen Natalia Ginzburgen gutuna

Aita Santuak dio hiru aldiz deitu ziola telefonoz Francori bost heriotza-zigorrak baliogabetu zitzala eskatuz eta «ez ziguten entzun». Baina ez zukeen telefonoz deitu behar, joan egin beharko zukeen. Argi eta garbi zegoen joan egin beharko zukeela.

Telegramak bidali zituen. Baina telegramak harreman ofizialen mundukoak dira. Horregatik, hain zuzen, hasieratik bertatik gauza jakina da alfer-alferrik direla. Telefono-deiak telegramak baino gehixeago dira. Baina telefono-deiak ere gutxiegi dira. Telefono-deiak ikasle bat azterketetarako gomendatzeko egiten dira. Zerbait bene-benetan nahi baldin bada edo hil ala biziko konturen baldin bada, trena edo hegazkina hartu eta joan egin behar da bertara. Hemen bost pertsonaren bizitza zegoen jokoan. Espainia herrialde katolikoa da. Franco bere burua katolikotzat aitortzen duen diktadore bat da. Zergatik ez da joan Aita Santua, bera, Eliza katolikoaren izenean, hiltzera kondenatutako bost pertsona horiek ez hiltzeko eskatzera?

Baina gutako inork ez zuen benetan uste Aita Santua hara joango zenik. Baliteke norbaitek itxaropena izatea joango ote zen, baina itxaropena izatea ez da espero izatea. Joan egin beharko zukeela garbi zegoen, begi-bistakoa zen; oso gutxitan egon da hain garbi nola jokatu beharko zukeen Aita Santu batek. Baina, espero, inork ez zuen espero. Aita Santuarengandik telegramak espero ditugu, normalean: sumina, dolumina adierazteko telegramak, zorionak ematekoak.

Orain dela urte batzuk Juan XXIII.a zegoen, beste Aita Santu guztien desberdina, gauza konbentzionalak ez baina zehatzak eta praktikoak egiten zituelako, eta denak harritzen ziren horrelakoetan, eta bihotza arindurik eta pozik sentitzen ziren. Orain, berriz, etsita gaude Aita Santuarengandik ustekabeko ezer ez espero izatera, eta bitxia eta urruna iruditzen zaigu Juan XXII.aren garaia.

Juan XXIII.a hegazkina hartu eta Madrila joango zatekeen. Ustekabeko ekintza bat izango zatekeen Aita Santu batengan, baina horixe zen, argi eta garbi, egin beharko zatekeena. Baina oraingo Aita Santu honengandik ez dugu espero ekintza zehatz, bakun, egiazkorik, eta oraingo honetan ere ez genuen espero, eta ez da gertatu, gertatu ere. Hegazkina hartzea zen kontua. Geroago berak ere gogoratuko zuen egitate bat izango zatekeen, geuk ere gogoratuko genukeena, eta izatez hain-hain berezia ere ez zatekeena, zeren ez baita aparteko kemen fisikorik behar Espainiara joan eta bere burua katolikotzat definitzen duen diktadore bati heriotza-zigor batzuk baliogabetzeko eskatzeko; behin eginez gero, eragina baldin bazuen, mundu guztiarentzat berebiziko bihotz-arintzea ekarri izango zukeena, eta, eraginik ezean, edozein modutan guk gogoratu izango genukeena, eta bai beretzat bai guretzat, oroitzapen sano, egiazkoa izango zatekeena, eta inola ere ez koldarkeriazkoa.

Aita Santua guztiz pertsona garrantzitsua eta oso ahaltsua da jende asko eta askorentzat, igandez igande, bere leihopean, lur honetan Kristoren Bikariotzat eta Elizako agintari nagusitzat ikusi eta txalotzen duen jendearentzat. Nahiko nuke jakin ea nola erreakzionatzen duen nahita nahiez bururatu behar zaion gogoeta honen aurrean: «Ni nintzen mundu osoan hil diren bost horien alde zertxobait egin nezakeen bakarra, baina etxean geratu naiz».

Honelako zerbait esango du beharbada: «Kontu handiko arazoa den, arrisku handikoa, ezin nuen ezezko baten laidoa hartzera arriskatu, Eliza Katolikoa naiz, ezin nintekeen fruiturik gabea gerta zitekeen bidaia bat egitera menturatu, Elizaren ospea, Elizaren autoritatea, Elizaren boterea zegoen jokoan». Baina zergatik zen kontu handikoa? Zergatik arriskutsua? Zein zen arriskua? Eta, egia esateko, ezezko baten laidoa hartzeko arriskatu izan balitz, hegazkinetik jaitsi izan balitz bere aurpegiarekin, bere pertsona fisikoaren pisuarekin, hantxe jaitsi izan balitz, nekaturik, zahar, triste, bere jantziluze aberatsen kargarekin, ez ote zen izango, umiliazio baten argitan, Aita Santu batentzat beharbada ezohikoa izango zen egoera batean, orain dena baino mila bidez indartsuagoa? Ez ote zen mundu guztia bere alde jarriko? Eta ez al zen izango beretzat zehazki eta praktikan giza-bizitzaren, justiziaren alde agertzeko aukera bat, beharbada horrelakorik beste inoiz izango ez duen aukera bat?

'CORRIERE DELLA SERA', 1975EKO IRAILAK 30, ASTEAZKENA

Itzultzailea: Josu Zabaleta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.