PROPOSAMENAK

2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Proposamen edota konpromiso hauek jaso dituzte indar politikoek hauteskunde programetan:

EAJ
«EAJk konpromisoa hartzen du ahalik eta adostasunik handienarekin ezartzeko testu artikulatu bat (...). Estatuarekin negoziatu aurretik, euskal herritarrekin kontsultatu ahalko da. Estatus berriaren proposamenak elementu berezi eta nagusi gisa aurreikusi beharko ditu hauek»:
Nazio aitorpena.«Proposatzen dugu euskal autogobernua eguneratzeko etorkizuneko akordioak euskal herriaren identitate nazionala aitortzea. Hala, aitorpen horrek euskal gizartean herritar askok partekatzen duten nazio bateko kide-sentimendua jasoko du».
Erabaki eskubidea. «EAJk uste du Euskal Herriaren eskubide historikoak, bere autogobernuaren erakunde adierazpen gisa, erabat gauzatzen direla bertako herritarrek askatasunez eta demokratikoki adierazitako erabakitzeko eskubidearen bidez; eskubide horren erabilera zehatza Estatuarekin itundu beharko da».
Aldebikotasuna.«Euskadi-Estatua harremanak alde bikoak izan beharko dira eta printzipiootan oinarrituko dira: elkarrekiko aintzatespena, lankidetza, koordinazioa, lehiakortasuna eta berezko gaiak babesteko tresnak».

EH BILDU
Oinarriok jasoko dituen eredu baten defentsa.
«Nazio izaeraren aitortza».
«Estatuarekiko harreman ereduaz zein politika publiko guztietaz erabakitzeko eskubidea».
«Auzitegi Konstituzionalaren edota Espainiako Kongresuaren erabakien menpe egongo ez den autogobernu marko burujabea».
«Harreman eredua libre eta demokratikoki definitzeko (...) galdeketa edota erreferendumak arautu eta egiteko ahalmena baliatzea».
«Prozesu argi bat arautzea euskal herritarrek Espainiako Estatuarekin zein Euskal Herriko beste lurraldeekin edukiko duten harremanean erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal dezaten».
Galdeketa gaitzaile bat egiteko konpromisoa.
«Estatus berriaren proposamen konfederala lege proposamen gisa aurkezteko konpromisoa».
«Legebiltzarraren gehiengoak babestuta adostutako galdeketa baten aldeko konpromisoa».
«Hiru lurralde administratiboen artean lankidetza politiketarako eremu instituzional egonkor baten aldeko konpromisoa».

ELKARREKIN PODEMOS
«Proposatzen dugu estatutu berriaren berritze prozesuarekin jarraitzea (...). Itun politiko eta sozial handi baten alde egiten dugu (...) ahalik eta parte hartze handiena duena eta berreste mekanismo adostu, alde biko, argi eta garden bat daukana».
«Euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea defendatuko dugu, ulertuta pertsonek beren borondatea modu libre eta demokratikoan azaldu ahal izatea (...), eskubide honen aplikazioa modu legal eta hitzartu batean sustatuta».
«Euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea eta negoziazio eta akordio marko batean bere gauzatze adostua aitortzeko beharra defendatzen dugu, une bakoitzean indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren barruan. Elkarrekin Podemosek Argitasun Lege bat sustatuko du (...) lurralde estatusari buruz kontsulta adostuak ahalbidetzeko, galdera argiekin eta gehiengo kualifikatuekin, lotesleak izateko».

PSE-EE
«Autogobernua eguneratzeko beharrean sinesten jarraitzen dugu (...), hori testu artikulatu bideragarri eta baliagarri baten bidez egin behar dela, egungo estatutuak baino adostasun zabalagoak behar dituela eta ordenamendu juridikoa errespetatu behar duela».

PP+C's
«PP+C's-en alternatiba konstituzionalista engaiatuta dago euskal autogobernuarekin estatutua erabat eta modu leialean garatzearekin, konstituzioaren eta Auzitegi Konstituzionalak egiten duen interpretazioaren arabera».
«Ez diogu babesa emango Gizarte Segurantzaren transferentziari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.