Euskal sindikatuek salatu dute Marokok gerra inposatu diola Mendebaldeko Saharari

Larunbatean mobilizazioak egingo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan eta beste zenbait herritan, 12:00etan
Sindikatuetako eta Fronte Polisarioko ordezkariak, atzo, Bilbon.
Sindikatuetako eta Fronte Polisarioko ordezkariak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2020ko azaroak 19

Hego Euskal Herriko sindikatuek elkartasuna adierazi diote Mendebaldeko Saharako herriari «Marokoko indar armatuek bi aldeek adostutako su-eten akordioa urratu» ostean, eta Rabati egotzi diote Mendebaldeko Saharari «gerra berri bat» inposatzea. Halaber, iragarri dute bat egingo dutela datorren larunbatean, azaroaren 21ean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo diren mobilizazioekin.

Adierazpena ELA, LAB, Steilas, ESK, CCOO, UGT, CNT eta Bizkaiko EHNEk izenpetu dute, eta horien izenean LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta CCOOko Loli Garciak irakurri zuten agiria atzo; Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkari Mohamed Limamek ere parte hartu zuen prentsaurrekoan.

Adierazpen horretan, sindikatuek salatu dute Marokok su-eten akordioa urratu zuela militarrak bidali zituenean protestan ari ziren sahararren kontra, eta, hori ikusirik, argudiatu dute Fronte Polisarioa «bidezko defentsan» aritu zela herritar zibilen bizitzak babesteko. Sahararrek lau aste zeramatzaten protestan, NBE Nazio Batuen Erakundeari autodeterminazio erreferendum bat exijitzen. Sindikatuek gogorarazi dutenez, bi aldeek izenpetutako akordioetan agertzen da galarazita dagoela harresi militarrean pasabiderik egitea, eta, hortaz, Marokoren jokabidea «legez kanpokoa» dela. 29 urteren ostean «gerra berpiztea» leporatu diote.

Mendebaldeko Saharako herriari eta Fronte Polisarioari elkartasuna adierazteaz gain, sindikatuek Marokori egotzi diote «Magreb osora heda daitekeen ezegonkortasunaren erantzukizun osoa», eta nazioarteko komunitatea eta, bereziki, Espainia ere ahotan hartu dute.

Esan dutenez, NBE ez da gauza izan «modu baketsuan manifestatzen ari ziren sahararrak babesteko», eta azken 45 urteetan ez dute «ezer» egin gatazka konpontzeko. «Gertatutakoa nazioarteko komunitateak duen axolagabekeriaren erakusgarri baino ez da», esan dute.

Espainiari «deskolonizatzeko gelditzen den Afrikako azken lurraldeaz» daukan ardura bere gain hartzeko eskatu diote, eta «saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzen duen erreferenduma berehala egiteko» indar egin dezala.

«Herri sahararra bere kausa legitimoari irtenbidea bilatzeko bakea eta elkarrizketa nahi dituen herri bat da», esan dute sindikatuek, «herri nekatu, zapuztu eta gogaitu bat, 45 urte hauetan bete gabeko hamaika promesa jasan behar izan dituena».

Sindikatuek ziurtatu dute ez dutela Saharako herria «bakarrik» utziko.«Euskal Herria herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin, eta sindikatuek hala adierazi dugu era askotan», esan dute.

Horregatik, herritarrei dei egin diete larunbatean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan eta beste zenbait herritan egingo diren mobilizazioetan parte har dezaten; 12:00etan hasiko dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Nicola Sturgeon Eskoziako Parlamentuan, pentsakor. ©F. BREMNER / EFE

Zer egin Londresen ezezkoaren aurrean

Ander Perez Zala

SNPko sektore batzuk haserre daude independentziarako B planaren eztabaida blokeatu dutelako. Sturgeonen asmoa da bide orria eta galdera 2021eko bozen aurretik jakinaraztea
 ©BERRIA

«Barne eztabaida falta frustrazioa eragiten ari da alderdian»

Ander Perez Zala

MacNeil independentziarako B planaren egileetako bat da, eta «etsita» agertu da SNPren jarrerarekin, horri buruzko eztabaida blokeatu duelako: «Frustrazioa egongo da ez bada galdeketarako biderik egiten».

 ©UNRWA
UNRWAko langile bat janaria banatzen Gazako herritarren artean. ©MOHAMMED SABER / EFE

UNRWAk lanak eten beharko ditu nazioarteak dirurik eman ezean

Arantxa Elizegi Egilegor

Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak 5,7 milioi errefuxiaturen oinarrizko beharrak asetzen ditu. Urte amaiera arte aurreikusitako lanak egiteko, 167 milioi euro beharko lituzke

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna