Errealitatea, artelan bat bezala

Maialen Lujanbiok 'Bizitza happening' soinu instalazioa paratu du Tabakalerako eskaileran

Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbio, atzo, Tabakalerako eskailerapean. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan gertaera baten lekukoa izan zen Maialen Lujanbio: «Eskailerapeko ezkututik ageri, lau oinazpi, ahoz gora. Oin hutsen gainean, bi gorputz oskolduta, buruak eskailera zokorantz». Ikusi zuenaren kontakizuna orain Tabakalerako behe solairuko pareta batean idatzita dago: «Bi ertzain. Eskailera atzera inguratu dira gizon gazteengana, tente makurtuei. Jaiki da gizonezkoetako bat. Ea zertan ari diren, ertzainak. Otoitzean, gizonak». Ekialdera begira.

Pasadizo hartan oinarrituta, Tabakalerako zurezko eskailera nagusiak Lujanbioren soinu eta testu instalazio bat hartu du: Bizitza happening. Gora eta behera ibili bitartean, jendeak soinu piezekin eta esaldi poetikoekin gozatu, eta gogoeta egingo du.

Scala proiektuko hirugarren instalazioa da Lujanbiorena, eta otsailaren 27ra arte iraungo du. Pauline Oliverosek egin zuen aurrenekoa, Sound Patterns, abendutik apirilera. Niño de Elchek egin zuen bigarrena, La pena y el alivio, maiatzetik irailera. «Datorren urtean etorriko dira berriak», adierazi du Oier Etxeberriak, Tabakalerako arte garaikideko arlo buruak. «Scala proiektua berezia da benetan: instalazioa bertikalean kokatuta egoten da, horizontalean egon ordez. Uste dut bakarra dela munduan».

Behe solairuko hormetan eta eskailerapean hasten da instalazioa, testuez. Hiru eskailera tarteetan Lujanbioren ahotsa eta errezitatuak hedatzen dira, bafleez. Eta horma zurietan esaldiak datoz; behekoan: Bizitzak gal dezake/ bizitzaren antza; lehen solairuan: Kulturaren tenplua/ mendebalderantza; bigarrenean: Buztin bilakatzen da/ lurreko lokatza; eta hirugarrenean: Minetik babestea/ begiradan datza.

Begiradaren perspektiba

Bizitza happening instalazioak zer jatorri, funts eta forma dituen azaldu du Lujanbiok: «Kultura garaikidearen zentro batean bizitza arrunteko halako pasadizo baten lekukoa izateak talka egin zidan. Gertaera hori txinparta bat baino ez da, gogoeta orokorrago bat egiteko». Nolakoa izaten ote da pertsonaren begirada errealitatearen aurrean, eta nolakoa forma artistiko baten aurrean.

«Gertaera hura izan zenean, ez nuen erreakzio espliziturik eduki. Begirada aseptiko bat izan zen nirea, urruna, zentro artistiko baten barruko markoan». Eta pentsatu zuen kaleko bizitza errealean ere ez ote zaien inguruko gauzei modu bertsuan begiratzen, «akritiko eta hotz».

Happening bat edo artelan bat balitz bezala begiratzen ote zaion errealitateari, zalantza sortzen zaio Lujanbiori. «Zein distantziatara, non kokatzen gara gu? Zenbat hunkitzen gaitu inguratzen gaituen errealitateak?». Gogoeta era horrek berehala dakar beste aldea: artelan bati bezala begiratzen baldin bazaio errealitateari, nola begiratzen zaie arteari eta forma plastikoei, «aseptikotasun berberarekin?».

Errealitatearen, errepresentazio plastikoaren eta begiradaren perspektibaren arteko harremanari buruz ari da artista, hiru horien arteko distantziari buruz.

Pasadizo haren ondorengo gogoetek idazketa batera eraman dute Lujanbio. Eta planteamendu poetiko bat, bertso erakoa eta soinuzkoa egiten ari izan denean, maiz errepikatzen den kezka bat sortu zaio: «Errealitatearen zein erabilpen artistiko egin ohi dugu, nola egiten dugu eta zein zilegitasunekin. Zein posiziotan kokatzen gara beste norbaitek bizi duen errealitatearekiko».

Zalantza horiek guztiak, pentsamenduak eta ideia nahasiak nola eraman soinuzko forma batera, Xabier Erkiziak lagundu dio. «Erkiziari zor zaio soinuzko egituraketa eta dimentsio hau, grabaketa».

Bukatzeko, Lujanbiok esaldi bitan laburbildu du emaitza: «Zalantza bera da obra. Eta esan dezaket neure buruaren erradiografia sonoro bat dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.