Tokio 2020. TRANPOLIN JAUZIAK

PERFEKZIO GAZTEA

Hongchan Quan 14 urteko jauzilari txinatarrak urrezko domina irabazi du hamar metroko plataformako jauzietan. Epaile guztiek hamarrekoa eman diote bost jauzitatik bitan.

Chan, urrezko domina jaso eta gero. PATRICK B. KRAEMER/ EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Objektu bat edo gorputz bat uretan sartzen denean, objektu horrek lekualdatzen duen uraren bolumena uretan sartzen den objektuaren edo gorputzaren parekoa da. Hala dio fisikak. Praktikan, ordea, batzuetan zaila da hala gertatzen dela sinestea.

Tokioko Ur Kirolen Zentroan gertatzen ari da. Hongchan Quan jauzilari txinatarraren jauziak ikusita, nekez sinets daiteke uretan sartzen denean urik lekualdatzen duenik. Eskuekin ura ireki egiten duela dirudi, urarekin bat egiten duela, urik lekualdatu gabe, aparrik sortu gabe.

14 urte ditu Quanek. Urrezko domina irabazi zuen herenegun, hamar metroko plataformako jauzietan. Albiste da hori. Gainera, epaile guztiek —zazpi dira— hamarrekoa eman zioten bost jauzitatik bitan. Perfekzioa. Tranpolin jauzietako Nadia Comaneci. Tokioko Ur Kirolen Zentroan ez zegoen jendetzarik txalo egiteko edota lorpena oihuekin ospatzeko.

Epaileek hamar puntu eman zizkioten bi jauzitan: batetik, barrurantz egindako jauzi nagusi hirukoitzean; bestetik, plataforman buruz behera jarrita, atzerantz egindako jauzi nagusi bikoitzean, kiribil eta erdirekin.

Epaileek beste hamar hamarreko ere eman zizkioten beste hiru jauzietan. Bosgarren jauzian zazpi epaileetatik seik eman zizkioten hamar puntu; zazpigarrenak bederatzi. Jauzi guztietan lortu zuen hamarrekoren bat.

Alde handia

Quangek 466,20 puntu lortu zituen guztira. 40 punturen aldea atera zion bigarrenari, Yuxi Chen herrikideari (425,40) etaehun puntutik gora hirugarrenari (371,40), Melissa Wu australiarrari. Sailkatzeko jauzietan ez zen onena izan. Huts bat egin zuen, eta Yuxi Chen herrikideak irabazi zion.

Txinak lau Olinpiar Jokotan jarraian irabazi du urrezko domina hamar metroko plataformako jauzietan; Rion ere urrea eta zilarra irabazi zituen. Rion jauzietako zortzi lehiaketetatik zazpi irabazi zituen; Tokion zazpitik sei, oraingoz.

Lehiaketa bukatuta, plataforman heldu bat zirudien Quanek heldu izaten jarraitu zuen kazetarien aurrean. 14 urteak aurpegian baino ez zitzaizkion nabaritzen. Amari eskaini zion garaipena. Quanen ama gaixo dago. «Nahikoa diru irabazi nahi dut ama mantentzeko», esan zien kazetariei.

«Prozesu motela izan da», azaldu zuen bere ibilbidea. «Pazientzia izan dut nire entrenamenduetan. Ez dakit zer esan, ez daukat hitzik. Urratsez urrats egin dut, mugimendu bat bestearen atzetik, eta entrenatutakoa jarraitu dut».

Txina da tranpolin jauzietan nagusi, eta ez da erraza hango selekzioan sartzea, lehia oso handia baita. Quanek herrialdeko txapelketa irabazi zuen,eta Tokiokoa izan du nazioarteko lehen lehiaketa.

14 urte ditu Quangek. Txinak Tokiora eraman duen kirolaririk gazteena da, baina ez da, ez Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu duen kirolaririk gazteena, ezta urrezko domina irabazi duen kirolaririk gazteena ere.

Tranpolin jauzietan ohikoa izan da jauzilari oso gazteek parte hartzea. Fu Mingxia jauzilari txinatarrak hamar metroko plataformako jauzien munduko txapelketa irabazi zuen, 1991n, 12 urterekin. Geroztik, gutxieneko adin bat jarri zuten jauzien munduko txapelketetan parte hartzeko: 14 urte. Mingxia, baina, ordurako sailkatua zen 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartzeko, eta Bartzelonan ere urrea irabazi zuen, orduan 13 urterekin.

Ez da kontu berria nerabeek goi mailako lehiaketetan parte hartzea: Marjorie Gestring estatubatuarrak urrezko domina irabazi zuen 1936ko Olinpiar Jokoetan, Berlinen, 13 urte zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.