Vicent Partal.
Enbaxada bila

Bagoaz

2012ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Jarria dute eguna, eta egina proiektua: bagoaz. Ez pentsa, Martxelo, ez diot hori dena egina balego bezala, baina garrantzizkoa da aste honetan Katalunian eman dugun pausoa. CiUk eta ERCk, herrialdeko lehen eta bigarren alderdiek, itun bat idatzia eta sinatua dute, eta horrexek eramango gaitu 2014ko erreferendumera eta independentziara. Baldin eta irabazten badugu, esango duzu... Eta arrazoi izango zenuke, baldin eta —nire ustez, espainolak nola dabiltzan ikusita— ez balute aurrez hutsegite goren bat egingo, gu errepublika bat aldarrikatzeraino behartuz.

Dena dela, hori ikusteko dago. Baina ezin ezkutatu dizut nire poza eta ilusioa. Gainera, ziur nago, bai Iniciativak eta bai CUPekoek baietz jakin erronkari aurre egiten, eta CiUk eta ERCk baietz barneratu haiek itunean, autodeterminazioaz diharduen zatian. Nire ustez, ezin garaituzko multzo bat eratuko dute, azkenean, gure gizarte zibil hiperaktiboa Trantsizio Nazionalerako Kontseilu Katalana deitu duten horren bidez batuta.

Egun hauetan askotan gogoratu naiz Ibarretxe Plana deitu zioten hartaz, eta neure buruari galdetu diot zein den prozesu haren eta honen arteko aldea. Asko dira aldeak, baina batek eman dit atentzioa: konturatu al zara gure planean ez diola axola Madrilek zer dioen edo zer ez dioen? Hauteskundeetara deitu zuenean, Masek esan zuen behingoz amaitua zela Madrilek bozkatuko zuelakoa —eta umiliatzen zuenekoa, hori ere esan zuelakoan nago—. Ibarretxekin egin bezala. Ziur asko, orain oso lagungarria izan da haren irakaspena, kalbarioa, eta espero dut dagokion moduan eskertuko ziola norbaitek. Modu diskretuan.

Eta, aizu: hasiko nire partez enbaxadarako lokal baten bila? Donostian, gustatuko litzaidake, baina ez dakit politikoki zuzena izango litzatekeen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.