Vicent Partal.
Enbaxada bila

Ordu batzuk baino ez

2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Martxelo, kito. Ordu gutxi barru jakingo dugu zein den hauteskundeetako emaitza ofiziala, eta geroan pentsatzen hasi beharko dugu. Geroa, dena pentsatzen dugun bezala ateratzera, laburra izango baita. Urtebete, urte eta erdi, gehienera jota. Subiranotasuna gailenduz gero, argi; denok espero dugun moduan, uste izatekoa da berehala jarriko dela martxan erreferendumari bide emango dion mekanismoa eta, beraz, independentziarako ahalbide jakin eta berehalakoa. Ez da sinestekoa, baina hortxe gabiltza...

Agian, horrexegatik erabaki du estatuak bere armategi guztia erabiltzea. El Mundo-ko kontu hori, berriz, lagunen batek esan dit estatu kolpe baten antzekoa dela, jendeari boto asmoa aldarazteko egindakoa.

Ez nau, ez, batere harritzen Pedro J.-rengandik. Egunkaria auzian, eta zuen herriarekin zerikusia duten beste hainbatetan, nahikoa eta gehiegi ezagutzen duzue lehendik ere, eta hemerotekak ere josita daude harenean argitaratutako gezurrez eta ergelkeriez. Gainera, batzuk, ez batere originalak ere: Carod agintean zela, asmatu zuten hainbat kontu zeuzkala Suitzan, eta haien bidez finantzatzen zuela ETAk. Dena den...

Dena den, nahiz eta ez nauen batere harritzen El Mundo-ren sormenak, harrigarria iruditzen zait zer adierazten duen. Denak balio du, ea orain txikitu dezagun eta halakoak, hain zuzen, zantzu nabarmen bat dira aspaldiko Espainia horrek zer-nolako izua dion Kataluniaren independentziari.

Kontatuko dizut datorren astean; hemen, zorrotz aztertu beharko ditugu emaitzak, ñabarduraz josita egongo baitira, ziur asko. Masek zer egingo duen: gora, behera, edo gehiengo absolutua lortu. Unionistek zer egingo duten: behean geratu, edo arnasbidea hartu. Zein sartuko den parlamentuan, eta zein geratuko kanpoan, eta zer portzentaje lortuko dituzten batzuek eta besteek. Izan ere, ondo bidean, lau egun barru bozkalekuetara jo beharko dugu, berriro; baina izan nahi dugunaren inguruko botoa ematera, azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.