Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Erreakzioak

Akordioak egiteko prest agertu dira talde nagusiak

Elkarrizketa bidez adostasunak lortzeko, jeltzaleek «eskua luzatu» dute. Espainiako eskuineko hiru alderdiak geldiarazi izana txalotu du Idoia Mendiak. Elkarrekin Podemoseko kideak Pedro Sanchezi begira mintzatu dira: kanpainan agindutakoa betetzeko eskatu diote

Elkarrekin Podemos. Apal baina baikor mintzatu ziren koalizioko ordezkariak; irudian, emaitzei begira. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano, Maider Galardi F. Agirre, Arantxa Iraola
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
«Oso emaitza onak dira. Araban lehen aldiz irabazi dugu»

Andoni Ortuzar EAJ

Txalo artean agertu ziren atzo EAJko buruzagi nagusiak Sabin Etxean bozen balorazioa egitera: lortutako sei diputatuekin pozik. EEBko lehendakari Andoni Ortuzarrek hartu zuen hitza. «EAJk argi eta garbi irabazi ditu hauteskundeak Euskadin; botoetan, eta eserlekuetan», azaldu zuen. «Oso emaitza onak dira».Hauteskundeok utzi duten mugarrietako bat nabarmendu zuen:Araban, historia osoan lehenengo aldiz irabazi dugu». Esan zuenez,EAJ prest dago Madrilen era baikorrean jarduteko. «Eskua luzatzen dugu elkarrizketaren bidez akordioak lortzeko». Estatu «eredu berri baten alde» ariko direla esan zuen, eta autogobernua lehenetsiko dutela.

«Euskadik ulertu du boz hauetan zer zegoen jokoan»

Idoia Mendia PSE-EE

«Sozialistok irabazi ditugu bozak». Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak PSOEk lortutako emaitzak goraipatu, eta azpimarratu zuen «euskal gizarteak eta Espainiakoak elkarrizketaren eta batasun sozialaren aldeko apustua» egin duela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emaitzak ere goretsi zituen Mendiak: lau diputatu eta bi senatari gehiago: «Euskadin lortutako emaitzak sekulakoak dira, bigarren indarra gara, botoen %50 errekuperatuta. Euskadik ulertu du boz hauetan zer zegoen jokoan».

Pedro Sanchez zoriondu, eta «etorkizunera begira» jartzeko unea dela ohartarazi zuen: «Trifachitoa eta ultraeskuina garaitu ditugu. Hori da ziurtasun nagusia».

«Ea Sanchezek kapainako promesa betetzen duen»

Lander Martinez Elkarrekin Podemos

Hego Euskal Herrian hiru eserleku galdu dituen arren, baikor mintzatu zen Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusia: «Gaurko albiste ona da eskuinaren batuketa ez dela nahikoa gobernua osatzeko. PSOEren eta Unidas Podemosen arteko batuketaren nabarmen azpitik daude». Pablo Iglesiasek minutu batzuk lehenago adierazi bezala, Madrilen ezkerreko gobernu bat erdiestearen alde egin zuen Martinezek ere: «Pilota PSOEren teilatuan dago orain. Ikusiko dugu nola bideratzen dituen negoziazioak Pedro Sanchezek, eta kanpainan gobernu aurrerakoi baten alde eginiko promesa betetzen duen, tentazio laranjan erori gabe».

«Emaitza historikoa lortu dugu; erronka denak bete ditugu»

Arnaldo Otegi EH Bildu

Goiztiarrak izan ziren EH Bilduko ordezkariak emaitzak baloratzen. Mertxe Aizpurua hautagaiak 21:20 alderako hartu zuen hitza, oraindik zenbaketa baxua zenean. Baikor, ordurako: «Emaitzak pixkanaka ari dira heltzen, baina pozik gaude: EH Bilduk goranzko joera bat dauka». Iluntzean, dena zenbatuta, Arnaldo Otegi koordinatzailea mintzatu zen. Pozik, hura ere: «Emaitza historiko bat lortu dugu». Onartu zuen «erronka» zailak zituztela, eta denak «bete» dituztela, Kongresuan ERCekin bloke indartsu bat eratze aldera; baita gainditu ere. Bel Pozuetak ez zuen aulkirik lortu, baina pozik agertu zen, maiatzeko bozei begira: «Emaitzak jauzi garrantzitsua dira».

«Barkosek iraungitze data dauka presidente gisara»

Javier Esparza Navarra Suma

Boto gehien jaso duen hautagaitza Navarra Suma izan delako, pozik agertu zen UPNko presidente Javier Esparza: «Berriro eman digute konfiantza nafarrek. Indar nagusia gara». PPrekin eta Ciudadanosekin egindako ituna goratu zuen: «Agerian jarri da batuta asmatu egin dugula. Herritarrek konfiantza eman diote plataformari, eta bozak irabazi ditugu une zaila izan arren».

Foru hauteskundeei begira jarri zen zuzenean Nafarra Suma. «Barkosek iraungitze epea du presidente gisa», esan zuen. «Nafarroa oihuka ari da eskatzen euskal nazionalismorik ez duen gobernu bat. Nafarroa espainiarra da, foruduna eta konstituzionalista. Badirudi ahaztu egin dutela batzuek».

«Emaitzak nahikoak dira markatutako helburua lortzeko»

Ione Belarra Unidas Podemos

Nafarroan ordezkari bat galduta, Unidas Podemosen diputatu nafar bakarra izango da Ione Belarra zerrendaburua. Hitz gazi-gozoak izan zituen ahotan hark ere: «Emaitza hobeak nahi genituen, baina lortutakoak nahikoak dira kanpaina hasieran markatutako helburuak betetzeko: eskuinak geldiaraztea, eta ezkerreko koalizioko gobernu baten alde lan egitea, zerbitzu publikoak babesteko neurriak martxan jartzeko, eta Nafarroako autogobernua bermatzeko». Belarrak eskertu egin zuen herritarren «babesa», eta parte hartzeak lurraldean izandako gorakadari begira, txalotu egin zuen hauteskundeetan izandako «mobilizazio masiboa».

«Bizi izan ditugu aro hobeak, baina geroa badu alderdiak»

Alfonso Alonso PP

Alfoso Alonso EAEko PPko presidenteak onartu zuen emaitza apalek sorrarazitako kezka. «Ez da gau erraza guretzat». Geroa goldatzen hasteko unea dela esan zuen, eta «zentroko» indar gisara alderdiak lehendik izandako erreferentzialtasuna berreskuratzekoa:«Bizi izan ditugu aro gozoagoak, baina alderdi honek geroa du». EAEn Kongresurako batere ordezkaririk ez lortzea zinetan emaitza txarra dela onartu zuen, baina PP ezinbestekoa dela oraindik. «Hor gaude, eta itzuliko gara; hori esan nahi diegu boto emaile izan ditugunei, oraingoan bozik eman ez badigute ere». Alonsorentzat, «bizikidetzaren eta askatasunaren» alde jarduteko giltzarri dira.

«Ezkerreko botoak nahi ditut Nafarroako Gobernurako»

Maria Txibite PSN

Sozialistek lortutako babesarekin harro azaldu zen PSNko idazkari nagusia, Maria Txibite. «Emaitza bikaina da Nafarroako sozialistentzat». Haren esanetan, Nafarroan jasotako babesak eta, oro har, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan izandako garaipenak indar eman zioten Pedro Sanchez presidenteari. «Bermea eman diote buru duen proiektu berritzaileari».

Espainiako hauteskundeetako arrakasta Nafarroako foru bozetara eraman nahi du orain PSNk. Ezkerraren buru izateko asmoz agertu zen Txibite: «Ezkerrak askoz ere boto gehiago dauzka Nafarroan. Ezkerreko botoak gobernatu nahi ditut, Nafarroan ezkerreko gobernu aurrerakoiaren lider izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.