Pablo Gonzalezen atxiloaldia eteteko eskaera atzera bota dute

Maiatzean, Gonzalez beste hiru hilabetez atxilo edukitzea erabaki zuen auzitegi batek. Lau hilabete baino gehiago daramatza atxilo denera

Pablo Gonzalez kazetaria artxiboko irudi batean, atxilotua izan aurretik. BERRIA.
Julen Aperribai.
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Rzeszowko Dei Auzitegiak (Polonia) ez zuen onartu atzo Pablo Gonzalez kazetariaren abokatuak haren atxiloaldiaren kontra ezarritako helegitea. Maiatzean, Gonzalezen espetxealdia luzatzeko eskatu zuten Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Poloniako Fiskaltzaren ordezkariek, eta, eskaera egin ondotik, Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak onartu egin zuen fiskaltzaren eskaera; horren ondorioz, Gonzalezek beste hiru hilabetez atxilotuta egon beharko duela ebatzi zuen auzitegiak.

Erabaki horri helegitea jarri zion Gonzalezen defentsak, baina haren Poloniako abokatu Bartosz Rogalak Efe berri agentziari jakinarazi zion ukatu egin dutela.

Lau hilabete igaro dira Poloniako Poliziak Gonzalez atzeman zuenetik, Przemyslen, Ukrainako mugatik kilometro gutxira. Errusiako zerbitzu sekretuetako agente izatea leporatu zioten, eta, akusazio horren arabera, hamar urterainoko kartzela zigorra ezar diezaiokete kazetariari. Atxilotu zutenetik Gonzalezek ez du modurik izan familiarekin eta abokatuarekin telefonoz hitz egiteko, eta, Oihana Goiriena haren bikotekideak eta Gonzalo Boye abokatuak joan den astean Eusko Legebiltzarrean azaldu zutenez, Gonzalezen bi gutun bakarrik jaso dituzte.

Goirienak azaldu zuenez, hasieran Espainiako kontsulak familiari esan bazion ere burokrazia kontuengatik ezin zirela Gonzalezekin harremanetan jarri, gerora jakin zuten ez dela hori arrazoia. Izan ere, Poloniak dio litekeena dela Goiriena ere inplikatuta egotea Gonzalezi egozten dizkioten kontuetan, eta eskatu diote idatziz azaltzeko herrialde horretako agintariei zergatik nahi duen harekin hitz egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.