Vicent Partal.
Enbaxada bila

Ezustekoari buruz

2012ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Martxelo: ikusten duzu hauteskunde emaitzak ezustean harrapatu gintuela denok. Inork ez, inortxok ere ez zuen antzeman egoera lauso honetara ekarri gaituen sakoneko mugimendua. Subiranismoak irabazi egin du; uste dut esan dezakedala sekulako arrakasta izan duela, baina aritmetika harrigarri, ezusteko batekin irabazi du, eta ikusiko dugu erreferenduma antolatzeko modua egiten duen. Erreferenduma antolatzeko edo, besterik gabe, gobernatzeko. Izan ere, erreferenduma antola daiteke soilik horretarako eskumena baduzu eta hilabete gutxian ez badaukazu gauza txikietan pentsatu beharrik. Dutxa eskoziar bat izan da hau: hotzetik berora hain azkar pasatu gara, ezen ez baitago jakiterik oso ongi zer pentsatu.

Pentsatzen dut egunak pasatu ahala eta ezustekoa egonkortu ahala bozketaren elementu zentrala indarrez azaleratuko dela eta alderdiek egingo dutela erreferenduma datorren urterako iragartzeko modua. Uste baitut horixe espero dugula denok botoa batzuei eta besteei emanda. Baina harrigarria da herritarrok gure kasa nahasteko dugun ahalmena, inork behartu gabe. Azken batean, ez atzera ez aurrera bagaude, jendeak bere botoekin hala nahi izan zuelako gaude. Inori ezin zaio ezeren errua egotzi, nahiz esan behar dizudan izugarri harritzen nauela zenbat jendek esan didan botoa aldatuko lukeela bihar aukera izango balu.

De Gaullek inoiz esan zuen politikariek beti gorde behar dutela euren baitan ustekabeko elementuren bat, ezezaguna, zeinak une jakin batean herritarrak pizteko balioko lukeen. Uste dut hemen, bizi naizen mendebaldeko Italia moduko honetan, inork ustekabea prest izango balu erakutsi egin beharko lukeela. Halako atsekabe moduko bat zabaldu baita, eta berehala baztertu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.