'Aita Mari' erreskate ontzia Sizilian porturatu ahal izango da gaur

112 migratzaile jaso zituen Mediterraneoan iragan astean, eta portu seguru bat eskatua zuen. Beste bi ontzi daude 800 migratzailerekin

Aita Mari itsas salbamendu lanetan. ITSAS SALBAMENDUA.
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Aita Mari erreskate ontziak Mediterraneo itsasoan erreskatatutako 112 migratzaileek badute non lur hartu. Lehorreratzeko portu seguru bat eskatzen ari zen ontzia premiaz, eta egunak eman ditu baimena erdietsi nahian. Atzo arratsaldean iritsi zen baimena: Siziliako Augusta portuak eman die aukera. Gaur goizean porturatuko dira.

Orain dela bederatzi egun abiatu zuten azken operazioa, eta 112 migratzaile erreskatatu dituzte guztira ordutik. Ostiralean hartu zituzten azkenak; 45 lagun.

Non porturatu ez zutenez gero, etsipenez, ontzian ziren zenbait migratzailek gose greba hasi zuten asteartean.

Tentsioa, gora

Tentsioa areagotzen ari zen ontzian. Hala ohartarazi zion atzo Izaskun Arriaran Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak Efe berri agentziari: «Ez du zentzurik trabesia luzea pairatu duten pertsona hauen sufrimendua areagotzeak». Gehitu zuen atzo goizean ontzian zeuden zenbait migratzaileren artean «gaizki-ulertuak eta tentsio uneak» izan zirela: «Tripulazioa lan handia egiten ari da egoera horiek kontrolatzeko eta lasaitasuna mantentzeko». Europako Batasunak migrazio politiketan duen ardura gogorarazi eta igarobide seguruak eskatu zituen.

Mediterranea gobernuz kanpokoerakundearen arabera, Aita Mari-z gain beste bi ontzi daude Mediterraneoan migratzaileak jasota, portu bila. Sea eye 4 ontziak 476 migratzaile jaso ditu itsas zabaletik, eta Sea Watch 4-k, 312. Italiako Gobernuaren datuen arabera, aurten ia 25.000 migratzaile iritsi dira jada Italiako kostara. Iaz, garaiotan, 19.200 zenbatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.