Josu Urrutikoetxea Espainiaratzeko eskatu du Auzitegi Nazionalak

Moreno epaileak egin dio galdea Frantziari, 1987an Zaragozan izandako atentatu bat leporatuta

Ehunka lagun, atzo zortzi, Ugaon, Josu Urrutikoetxea askatzeko eskatzeko manifestazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Josu Urrutikoetxea Espainiaratzeko eskatu dio Frantziari. Fiskaltzaren irizpideari jarraituta egin du estradizio eskaria Morenok. 1987. urtean ETAk Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuartelaren aurkako atentatuagatik Urrutikoetxeak zabalik duen auziagatik galdegin du haren Espainiaratzea. ETAren eraso hartan parte hartzea egozten diote Urrutikoetxeari, eta, ondorioz, hilketa eta atentatu terrorista delituak leporatu dizkiote —11 hildako izan ziren—. 2002an auzipetu egin zuten Urrutikoetxea delitu horiengatik, eta 2005ean haren aurkako atxilotze agindua eman zuten, ihes eginda zegoelako. Joan den astean atxilotu zuten, Frantzian.

1987ko atentatu bat izanik, preskribatzearen inguruko azalpenak eman behar izan ditu autoan Auzitegi Nazionaleko epaileak. Frantziari gogoratu dio Europako Batasuneko zuzentarauaren arabera estatu batek ezin duelaestradizioa ukatu delitua egin zen estatuan auzia preskribatuta ez baldin badago, nahiz eta ustezko delitugilea dagoen estatuan delitua preskribaturik egon.

Autoan, delitua preskribatzearen inguruko datuetan jarri du indarra epaileak. Morenoren arabera, Urrutikoetxearen aurkako atxilotze agindua 2005ean eman zuten, eta, beraz, hortik aurrera zenbatu behar dira urteak—hogei urte—. 1987tik zenbatzen hasiz gero, hogei urte baino gehiago pasatuta daude 32, zehazki—, eta, beraz, preskribatuta legoke delitua, baina Morenok abiapuntua 2005ean du, atzemate agindua eman zen urtean.

Estradizio eskaria egiteaz gain, AEGC guardia zibilen Espainiako elkartea herri akusazio modura aurkeztea onartu du epaileak. Elkarteak Urrutikoetxea jotzen du ETA zenaren «ideologotzat», eta txalotu egin du Morenok Espainiaratzea azkar eskatu izana.Halaber, Frantziari galdegin dio eskaerari baiezkoa emateko.

Kartzela zigorra du Frantzian

Maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea, Alpeetako Sallanches herrian, Frantziako zerbitzu sekretuek eta Guardia Zibilakelkarlanean egindako operazio batean. Espetxera bidali zuen epaileak, baina ospitaleratu egin zuten; haren gertukoek azaldu zutenez, ebakuntza bat egitera zihoan atxilotu zutenean.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako jarduneko Barne ministroak nabarmendu zuen Espainiaratzeko behin-behineko eskaera egiteko aukera badagoela, haren atxiloketa «lehentasun gorenekoa» zelako Espainiako segurtasun indarrentzako.

Urrutikoetxeak zortzi urteko espetxe zigorra dauka betetzeko Frantzian. Parisko Auzitegiak 2017ko ekainean kondenatu zuen, 2011-2013 artean Norvegian izan eta ETAren egitura politikoan parte hartzea egotzita. Urrutikoetxea ez zen auzi saioetara azaldu orduan, eta epaiketa berriro egiteko eska dezake. 2011n jarduera armatua utzi, eta ETAEspainiako Gobernuarekin elkarrizketak abiatzen saiatu zen Oslon, baina saiakera antzua izan zen. Parisekin ere saiatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.