jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Pentsiodunak

2018ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Atzo kalera atera zen pentsiodun kopurua ikusita, saihetsezina da horrelako mobilizazio batek alderdi politikoengan eragin dezakeen urduritasuna aipatzea. Ez zaio inori oharkabean pasatzen Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen kalera atera ziren milaka pertsona horien atzean boto asko dagoela, eta ideologikoki plurala izanagatik, atzoko mobilizazioak taula gainean jarri duela orain arte jokoan egon ez den pieza bat. Eta ez da peoi bat; pausoka bada ere, erregea bera mugiaraz dezakeen dorre bat da.

Baina boto kopurutik haratago, atzoko mobilizazioak balio behar du gutxitan entzuten zaion kolektibo horri ahotsa emateko. Dorre horren barruan bizi diren horiek isil-isilik baina uste baino indar handiagorekin eusten diote gaur egungo gizarte ereduari hainbat arlotan, bere garaian euren lanarekin eta lansariarekin herri honek azken hamarkadetan izan duen garapena bultzatu ostean. Irabazia dute pentsio duin bat, baina, horrez gain, irabazia dute eurez eta euren pentsioez hitz egiten denean inor ez aritzea zama bat balira bezala, azkenaldian maiz gertatzen ari den bezala.

Pentsioak %0,25 igo dizkieten horiek merezi zuten atzokoa bezalako mobilizazio bat. Baina gizarte honek ere bazuen beharra horrelako irudi bat ikusteko. Dorrea ikusi eta, batez ere, bistatik ez galtzeko dorre horretan bizi direnek ere beharrak dituztela. Kolektibo zaurgarri bat dagoelako atzean. Eta hori botoak baino garrantzitsuagoa delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.