jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Mina

2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Paco Etxeberriak dio herri honetan biktima batzuek izan dutela aitorpen instituzionala, baina ez soziala. Eta beste batzuek izan dutela aitorpen soziala, baina ez instituzionala. Biktimen Eguna da gaur, eta Etxeberriaren hitz horiek nolabait modu sinple batean adierazten dute Euskal Herrian horiekiko izan den jokaera. Hitz bat, isiltasun bat, zarata bat, tinbre bat, pintaketa bat, poltsa bat, esku bat, bizkar bat, muxu bat, malko bat. Begiradak. Ezinezkoa da neurtzea azken hamarkada luzeetan Euskal Herriko gatazkak utzitako mina, mina kuantifikaezina delako. Baina parteka daiteke, eta herri honek badu batzuek eta besteek sentitu duten mina ezagutzeko beharra. Horrek ez ditu zauriak sendatuko, ez guztiak behintzat, baina Ane Muguruzak gaur egunkari honetan aipatzen duen kontakizun poliedrikoak puntu batera eramango du gizarte osoa. Eta puntu hori izan daiteke abiapuntu bat edo helmuga bat, baina elkargune bat izango da.

Biktimei ezin dakieke hori baino gehiago eska. Eta hori ere ezin dakieke exijitu. Baina gizarteak eta alderdiek horien mina ezagutu eta guztiei aitortzeko beharra duten bezala, erakundeei dagokie horien guztien mina arduraz kudeatu eta aitorpen instituzionala guztiei egitea. Eta, horretarako, ezinbestekoa da mina eragiten jarraitzen duten indarkeriak gelditzea. Gelditzeko eskatzea. Gelditzeko exijitzea. Oraindik ere mina ez baita soilik oroitzekoa, gehiago ez eragitekoa baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.