Koronabirusa. Itxialdien itzalean (III). Konfinamendua lehen eta orain.

Itxialdian oraindik argirik ez

Etxeko konfinamendutik urtebetera, bere hartan segitzen dute bakartzeko dauden zailtasun batzuek. Adituen ustez, ez da jarri baliabide askirik, eta, zenbaitetan, egoerak bereziki zailak dira kudeatzen.

BERRIA.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun

Joan dira hilabeteak, joan da urtea, baina, hala ere, konfinamendua ez da bihurtu iraganeko. Izan kutsatzeagatik edo birusa duen norbaitekin zuzeneko kontaktua izateagatik, oraindik ere ohikoa da zenbait eguneko itxialdia egin beharra. Pausa behin-behinekoa izan arren, neurriak erdiz erdi gelditzen ditu bizimoduak, zailtzen ditu eginbeharrak, eta izaten dira endredoak. Oro har, denboraren joanak eta ikasitako lezioek ez dute arindu ixteak dakarren zama.

 

Etxealdi goiztiarrak izan zituzten batzuek. Euskal Herrian konfinamendua ezarri baino are lehenago sartu behar izan zuen etxe zuloan Itziar Gonzalezek (Iruñea, 1997). Erizaina da, eta ospitaleko kardiologia solairuan ari zen lanean orain dela urtebete; han zen pandemiak eztanda egin zuenean, eta berehalakoan sumatu zituen zetorrenaren lehen zantzuak. Otsail bukaeran eman zioten bakartzeko agindua, kutsatua zen lankide batekin harremanetan egoteagatik. Gonzalezek kontatu duenez, artean inor gutxik ikusten zuen birusa arazo larri baten gisan Nafarroan: «Madril inguruan gehiago ari zen hitz egiten gaiaz, baina hemen ez zen askorik aditzen birusaz».

Erizainak azaldu duenez, konfinatzera deitu zuten horiek ere ez zuten argi nola jokatu. Hainbat dei jaso zituen, baina, zehaztu duenez, «ziurgabetasuna» sumatzen zuen horietan guztietan. Dena dela, aginduei men egin, eta logelan bakartu zuen bere burua. Aldiz, oso pertsona gutxiri kontatu zien gertatutakoa. «Bakartu beharra oso normalizatua dago orain, baina lehen... jendeak edozer gauza pentsa zezakeen, eta oso beldur nintzen». Gonzalezi ez zioten egin birusa detektatzeko inolako probarik, eta konfinatu eta lau egunera atera zen berriz kalera. «Dei bat jaso nuen esanez ospitalera itzuli beharra nuela, lan zama handitzen hasia zelako».

Hala, kutsatua zegoen edo ez jakin gabe bueltatu zen erizaina lanera. 2020ko martxoa zen orduan, eta, haren arabera, halakorik gertatzea «pentsaezina» litzateke gaur egun, asko ikasi baita urtebetean, «zorionez».

Izan ere, espero gabe iritsi zen konfinamendua herritar askorentzat, baita hainbat agintarirentzat ere; ustekabean. Hilabeteetan, soziologiako zenbait adituk salatu dute neurria diseinatzeko orduan ez zirela aintzat hartu birusaren transmisioaz besteko faktoreak; hala uste du, adibidez, Opik ikerketa taldeko Unai Martin EHUko irakasleak. Haren ustez, kutsatzeari erreparatu zitzaion soilik, eta horrek kalte handiak eragin ditu alderdi ugaritan: «Asko galdu zen bidean». Haren aburuz, ezinbestean egin beharko litzaieke so bakoitzak itxialdia bete ahal izateko dituen bizi baldintzei, eta ez zen egin halakorik. Gainera, gaur egun trabak oraindik badaude: administrazioek ez dute jarri bakartzea behar bezala egiteko baliabide nahikorik. «Gutxi ikasi dugu. Izan dugun denborarako, gutxiegi».

Bakartzeak bazter utzi ditu

Lan baldintzak, etxebizitzaren ezaugarriak, eta elkarrekin bizi diren lagun kopurua. Faktore horiek biziki baldintzatzen dituzte bakartze neurriak, Martinen iritziz. Hala izan zen joan den udaberrian, eta hala da oraindik ere. Lanari dagokionez, adibidez, aski handiak dira konplikazioak: «Zenbait kasutan, telelanerako aukera eskaintzen zaigu bakartu behar dugun egunetarako, baina jakina da hori ez dela beti posible».

Adituak, gainera, are larriagoa den ohartarazpen bat egin du: kasu batzuetan, behin-behinean konfinatu beharrak arriskuan jartzen du lanpostua bera. «Denek ezin dute lanean huts egin. PCRa egitearen edo lana galtzearen artean aukeratu behar izaten dute batzuek. Ez da hain harritzekoa probarik egin nahi ez izatea, eta errua egozten zaie». Martinek salatu duenez, pertsona horiek kriminalizatu egiten dira oro har, eta neurriak behar dira horri aurre egiteko: «Ulertu beharko genuke baliabideak guztiei ematea dela guztiok babesteko biderik zuzenena».

Zer gertatzen da konfinatu behar duena pertsona oso edadetua denean? Eta gaztea denean? Haur txikia denean? Galdera horiek guztiak eta beste hainbeste ditu Martinek buruan. Ikerketa taldekoek aztertu dituzte egoera horiek, atera dituzte ondorioak, baina, dioenez, kasik ez da eman irtenbiderik. «Esaterako, benetan irrigarria da ume batek bakartu behar duenean gertatzen dena. Kutsatua ez badago, gurasoek ez dute ia erraztasunik lanera ez joateko; behintzat, ez beti», salatu du Martinek.

Bistakoak dira zailtasunak. Ordea, ikerlariaren arabera, espero zitekeen halakorik: «Hau gertatzen da itxialdiaren moduko egiturazko politika bat egiten den bakoitzean. Neurri bat guztientzat berdina bada, onuragarri izango da gehien duenarentzat, eta, kontrara, kalte eginen zaio gutxien duenari».

Neurriak nola ezarri diren ikusita, Martinek argi du zein herritar soslai izan den buruan horiek ebaztean: «Etxebizitza erosoa duen pertsona bat, telelanerako arazorik izanen ez duen norbait, seme edo alabarik gabea». Gainerakoek hala moduz aritzea besterik ez dute.

Esaterako, bi urte eta erdiko alabarekin eta senarrarekin bizi da Esti Espartero gasteiztarra. Gainera, etxean lau izanen dira aurki, haurdun baita. Kontatu duenez, kutsatzea ekiditea helburu, familia «kontu handiz» ari da jokatzen azken hilabeteetan, baina, halere, bakartu egin behar izan zuten urtarrilaren erdialdean. Senarra kutsatu zen lehenik. Gero, positibo eman zuen Esparterok ere; ez, ordea, alabak.

Egoera «oso zaila» izan zen koordinatzen, gasteiztarraren esanetan. «Hamar egunez, maskara jantzirik ibili ginen senarra eta biok etxean. Alaba hain gaztea izanik, ez zen posible gelan bakartzea. Ez litzateke bideragarria, inondik inora ere», esplikatu du.

Bestalde, Esparterok aitortu duenez, «amorratua» sentitu zen konfinamenduko zenbait egunetan. «Gogorra da jendea kalean ikustea, aske, eta zu etxean gelditu beharra. Askori ez zaie tokatu oraindik, baina jakin dezatela orain bakartzea askoz gogorragoa dela joan den udaberriko itxialdian baino».

Behin-behineko baina latz

Nork bere modura bizi ditu itxialdiak, eta, egun horietan, bakoitzaren baldintzen arabera, askotarikoak izan daitezke askatu beharreko korapiloak. Ezinbestean, psikologikoki ere nabarmena da bat-bateko bakartzeen eragina. Horri dagokionez, Nerea Perez Uria Bizkaiko Psikologoen Elkargoko dekanordeak uste du alde handia dagoela iazko etxeko konfinamendu orokorraren eta gaur egungo behin-behineko itxialdien artean. Batik bat, denboraren neurriak bereizten du bata bestearengandik: «Gaur egun, konfinatu behar dugunean badakigu iraupen mugatukoa dela; kontrara, iaz ez genekien noiz aterako ginen berriz etxetik». Hori jakitea lagungarri da jendearentzat, haren iritziz. «Senti dezakezu haserrea, amorrua edo larrimina, baina badakizu, ongi bidean, konfinamenduak hamar egun iraunen duela».

Dena dela, Perez Uriak azaldu du etxean edota logelan itxita egin beharreko egunetan ohikoa dela estres handiko uneak izatea. Esaterako, tentsioa biziagoa da testen emaitzaren zain zarenean, edo, positibo izanez gero, kontaktuen zerrenda egin beharra dagoenean. «Gogorra da jendeari deika hasi beharra, eta zuk zeuk norbait kutsatu izanaren beldur izatea ere ohikoa da». Psikologoaren arabera, horrelakoetan maiz ager daiteke erru sentimendua. «Batzuetan, zure kontaktuei gertatzen ahal zaien oro hasten zara imajinatzen: Pertsona hori larri gaixotzen bada, ZIUan bukatzeraino? Hori da gakoa».

Artikulu biluma:Itxialdien itzalean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.