Transexualei arta emateko zerbitzua aurten abiatuko du Eusko Jaurlaritzak

Profesionalak falta direla eta, lehenik Bizkaian eta Gipuzkoan abiaraziko dituzte zerbitzuak, eta geroago Araban

inaut matauko rada
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Jaurlaritzak 2022. urtea amaitu aurretik abiaraziko du transexualen arretarako zerbitzua, eta Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak adierazi du hala eskatzen dutenei laguntza psikologikoa eta afektiboa ematea izango dela helburu nagusia. Hasieran, zerbitzu hori Bizkaian eta Gipuzkoan emango dute soilik; izan ere, sexologian eta genero identitatearen arretan adituak diren bi psikologo kliniko baino ez daude Osakidetzan. Bestalde, hasieran zerbitzu hori adingabeentzat izango da, baina, aurrerago, gainontzeko adinetara zabalduko dute. Azkenik, Osakidetza transexualen arretarako gidaliburua eguneratzen ari dela nabarmendu du Quintasek.

Adierazpen horiek Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean egin ditu Quintasek, hartan lantzen ari baitira EAEko trans lege berrian egingo dituzten aldaketak. Izan ere, aurtengo martxoaren 8an onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko legearen aldaketa.

2012ko trans legearen bigarren erreforma da Eusko Jaurlaritzan eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari direna; aurreko aldaketa 2019ko ekainean egin zuten, eta transexualitatea despatologizatzea izan zen esanguratsuena. Adingabeek beren iritzia entzuna izateko eskubidea edukitzea eta erabaki medikoetan izango duten parte hartzea izango dira oraingo erreformaren ildo nagusiak. Bestalde, Osakidetzak lehen mailako arreta sarearen barruan eskaini beharko ditu transexualen arretarako zerbitzuak.

EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek egin zuten legea aldatzeko proposamena, eta, atzoko batzorde parlamentarioan, hainbat eragileren ekarpenak jaso zituzten, Naizen elkartearena, esaterako. Hala ere, LAB lege erreformaren alderdi batzuen aurka agertu da. Besteak beste, salatu du testu berriak babestu nahi duen genero identitateen aniztasuna ez dela iritsiko lan mundura: «Diskriminazioa bukatzeak enpresen esku jarraitzen badu, eskubide formalen aitortza formalismo hutsa izango da aurrerantzean ere», adierazi dute ohar baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.