Koronabirusa. Itxialdien itzalean (II). Zaintza sareak.

Elkartasuna ez da printzatu

Auzolanak eta zaintzak ardaztu zituzten duela urtebete Euskal Herrian sortutako elkartasun sare ugari. Dinamika horietako batzuk berriro jarri dira martxan, baina krisiari erantzuteko mugimendu berriak ere loratu dira.

CC0.
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun

Ikastetxeak itxi zituztenean, umeak zaintzeko beren burua eskaini zuten hainbat herritar izan ziren lehenik. Etxeko konfinamendua iritsi zenean, egoerarik ahulenean zeudenei edo mugitzeko arazoak zituztenei laguntza emateko prest zeuden taldeak eratu ziren gero. COVID-19aren osasun krisia piztu zenean, herritarrek sortutako elkartasun eta zaintza sare ugari loratu ziren Euskal Herriko auzo, herri eta hirietan. Krisiaren eraginez ehundutako dinamika gehienak boluntarioek sustatu zituzten, eta batzuek udalen parte hartzea ere izan zuten. Batez ere, erosketak eta enkarguak egiten zizkieten etxetik atera ezin zirenei, umeak zaintzen zituzten, eta premia zuten ikasleei laguntza eskaintzen zieten. Eusko Jaurlaritzak, berriz, Guztion Artean elkartasun sarea sustatu zuen, adinekoen beharrei erantzuteko.

Etxeko itxialdi zurruna bertan behera utzi ahala, elkartasun sare gehienek amaitutzat eman zuten euren lana, baina pandemiak zaintza sisteman sortutako arrakalek bere horretan jarraitu zuten, eta egoerarik zaurgarrienean daudenen premiek ere bai. Horregatik, oraindik badira konfinamendu garaian ehundu eta lanean jarraitzen duten elkartasun sareak, eta baita krisi egoerak aktibatu dituen elkartasun dinamika berriak ere.

Errenterian (Gipuzkoa), esaterako, pandemia eta konfinamendua iritsi zirenean, udalak zaintza sare publiko komunitarioa martxan jarri zuen herrian egoerarik ahulenean zeuden bizilagunei babesa agertzeko eta haien beharrei erantzuteko. Orduko hartan, herritarrei telefonoz deitzeko 500 boluntariok eman zuten izena, eta ia 10.000 etxeetara deitu zuten, bertan bizi zirenen egoera eta zituzten beharren berri jasotzeko. Bereziki, hiru kolektibori eman zieten arta: adinekoei, ikasleei eta indarkeria jasaten zuten emakumeei eta LGTBI kolektiboko pertsonei. Itziar Ostolaza Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, zaintza sareak udalean jorratu gabeko bide bati ateak ireki zizkion: udalaren, herritar antolatuen eta herritar ez-antolatuen arteko elkarlanari. «Osasun krisi honi osoko erantzuna eman nahi bagenion, komunitatearekin batera egin behar genuen», erantsi du.

Udaren atarian, dinamika hura bertan behera geratu zen, nahiz eta boluntario batzuk beren kabuz jarraitu zuten bakarrik bizi ziren adinekoekin harremanetan. Udazkena iritsi zenean, baina, kutsatzeek berriro egin zuten okerrera, eta udalak elkartasun dinamika berriro aktibatzea erabaki zuen. Ostolazak azaldu du: «Itxialdirik ez zegoen, baina gure herritarren osasun emozionala eta mentala erasanda zegoen, bereziki adineko jendea oso nekatuta eta ahul zegoelako».

Azaroan berriro jarri zuten martxan sarea, eta, ordutik, 5.000 adinekori deitu diete. Bereziki bi esparrutan jarri dute arreta: zaintza emozionalean eta osasun fisikoan. Adinekoei telefonoz deitzeko ardura 150 boluntariok hartu dute, eta horietako bat da Patxo Loperena. Martxoko konfinamenduan ere zaintza sare publiko komunitarioan boluntario gisa aritu zen, eta orain berriro dabil herriko adinekoei aldiro telefonoz deitzen. Hiru bizilaguni hots egiten die, astean behin. Loperena erretiroa hartuta dago, eta gustura aritzen da boluntario gisa: «Egoera honetan elkartasuna behar da. Nik gustura egiten dut, eta haiek asko eskertzen dute». Dioenez, konfinamendutik hona aldaketa handia sumatu du adinekoen animoan: «Lehen, oso beldurtuta zeuden, baina orain lasaiago daude, eta hitz egiteko hainbesteko beharrik ez badute ere, eskertuta daude».

Adinekoei arreta ematetik harago jo nahi dute Errenteriako elkartasun sarekoek, eta, konfinamendu garaiko esperientzian oinarrituta, ikasleei laguntza eskaintzeko dinamika berria martxan jarri asmo dute. Pandemiak agerian utzitako gabeziei aurre egin nahi dietela azaldu du Ostolazak, hala nola arrakala digitalari eta euskara gaitasunari, eta, horrez gain, etxeko lanetan laguntza eman nahi dietela gazteei. Loperenak dinamika horretan bere burua boluntario gisa aurkezteko asmoa dauka, matematika irakasle izandakoa baita. Hainbat gazteren egoerarekin kezkatuta mintzatu da: «Ikasle batzuk eskolatik bueltatzen direnean, etxean bakarrik egoten dira. Haiekin egoteko aukerak bilatu behar ditugu».

Errenterian bezala, Bizkaiko Uribe Kosta eskualdeko hainbat udalerritan ere elkar laguntzeko sareak martxan jartzea erabaki zuten iaz, auzolanaren bidez ekonomikoki gaizkien pasatzen ari zirenei laguntza emateko. Hala, inguruko herritarrei esker, beharrik handienak edo mugitzeko arazoak zituzten bizilagunei erosketak egin, zaborra atera, edota botikak erosi zizkieten itxialdiak iraun zuen bitartean. Neurri murriztaileak arintzearekin batera, bertan behera utzi zuten dinamika, baina, eskualdean zaintza kolektiborako proiektu berri bat laster jaio zen: Ari Du Elkartasun Sarea. «Instituzioak ez ziren kapazak egoera honi erantzuteko, eta, herritarren antolakuntzari, elkarlanari eta elkartasunari esker, gai izan gara proiektu berria sortzeko», esplikatu du Ane Escondrillas sarekideak. Uztailetik, 30 lagun inguru ari dira auzolanean, eta hainbat arlo jorratzeko lantaldeak osatu dituzte: tartean, hezkuntza, indarkeria matxista, osasuna eta agroekologia.

Esconbrillasek azaldu du sarekide bakoitzak dakienaren arabera lagundu dezakeela, ez duela zertan «aditu» izan. Lantalde guztiak oraindik ez dituzte erabat martxan jarri, baina arlo batzuetan egin dituzte urratsak. Hezkuntzari eta euskarari lotutakoa da bat: asmoa da konfinamenduaren eraginez euskararekiko harremana denbora luzez galdu zuten eta ikastegi batera joan ezin diren umeei laguntzea. Gorlizko akademia batek bere lokalaren giltzak utzi zizkien udan, eta toki hura baliatu zuten hainbat umeri klase partikularrak emateko. Aurrerantzean ere ideia horri segida eman nahi diote. Indarkeria matxistaren aurka ere auzolanean ari dira sarekoak: hitzaldiak eman dituzte, eta arreta telefonoa duten maskarak banatu dituzte, besteak beste.

Ari Du sareak erakundeekin garatu dituen harremanei dagokienez, Escodrillasek azpimarratu du euren asmoa dela haiekin «sinergiak» bilatzea, baina menpeko izan gabe. Hala ere, nabarmendu du beharrezkoa deia instituzioen eta herri mugimenduen artean «hartu-emana» egotea, euren xedea badelako politika publikoetan eragitea.

Prekaritateari erantzuna

Errenteriako eta Uribe Kostako ereduek erakusten dute iazko itxialdian jaiotako hainbat elkarlan eta laguntza sarek egoera berrira moldatzeko gaitasuna izan dutela. Baina horiekin batera, badira itxialdi estuaren ondotik, eta herritarren ekimenez, COVID-19aren ondorio sozial eta ekonomiko latzei aurre egiteko sortutako erreminta kolektibo berriak ere. Iruñeko Alde Zaharreko bizilagun talde batek, adibidez, Haritu sarea martxan jarri berri du. «Klase, arraza eta genero zapalkuntzei» aurre egiteko tresna gisa definitu dute euren burua, erantzun kolektiboa oinarritzat hartuta. «Osasun krisiak gehien jo dituenengan begirada jarrita» abiatu dute elkartasun sarea, Markel Jimenez sareko kideak azaldu duenez. Urtarriletik ari dira antolatzen, eta elikagaien elkartasun biltegi bat eta etxebizitza lantalde bat eratu dituzte. Elikagaien biltegiko kide da Jimenez: «Krisiak areagotu egin ditu herritar askoren beharrak, eta instituzioen laguntzak ez dira guztietara iristen». Harituko kideek oinarrizko elikagai eta produktuak biltzen dituzte aldiro Iruñeko alde zaharreko supermerkatuetan,eta, ondoren, gehien behar dutenei banatzen dizkiete.

Jimenezek azaldu du euren asmoa dela «komunitate bat» eratzea, non parte hartzen duen herritar orok «babesa eta zaintza» jasoko baitu bizitzari aurre egin ahal izateko: «Instituzioek karitatea bultzatzen dute. Guk nahi duguna da pertsona bera laguntzaren parte izatea, eta kontzientzia hartzea, arazoa globala baita».

Baionan ere antzeko filosofiarekin antolatu da herritar multzo bat. Herri Elkartasun Brigada dinamika udazkenean jarri zuten martxan, Ipar Euskal Herrian bigarren konfinamendua ezarrita zegoenean eta Baionako auzapezak etxegabeen aurkako neurriak hartu zituenean. «Talde militanteetan zerbait egiteko beharra ikusi genuen, laguntza sare herrikoi baten beharra sumatu genuen, osasun krisiak okertu egin duelako lehendik prekarioak zirenen egoera», kontatu du Niko Lagringe boluntarioak. Baiona FC futbol klubak laga die bere lokala eta astean birritan irekitzen dituzte bertako ateak beharretan direnak laguntzeko; elikagaiak eta higiene produktuak jartzen dizkiete eskura, batez ere. «Sare instituzionaletan jendearen luzaroko egoerak so egiten dituzte laguntza eman ala ez erabakitzeko. Guk ez diogu begiratzen jendearen lansarien paperari: nahi duenak behar duena hartzen du, eta kito».

Lagringek uste du pandemiak «are hauskorrago» egin dituela zenbait egoera pertsonal, eta ezinbestekoa dela hutsune hori betetzea. Ikasleengana ere iritsi nahiko lukete aurrerago, haiek ere pairatzen ari direlako «prekaritatearen eta bakartzearen» ondorioak.

Artikulu biluma:Itxialdien itzalean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.