begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Oscarretako nahas-mahasean aztarrika

2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Egiari zor, inor gutxiri axola zitzaion Oscarretako zeremonia. Munduak dituen 7.000 milioi biztanleetatik, 9,5ek baino ez zuten gaupasa egin iragan igandeko ordu txikietan. Arrazoi osoz. Azken finean, ezer berririk ez zen gertatu ez Los Angelesen, ez Londresen, ez Parisen.

Pandemiak jota den planeta honetako bizilagunei bost ikuskizuna ez zen ikuskizun hark. Nahiz eta mantra moduan errepikatzen diren There Is No Business Like Show Business (Ikuskizunaren negozioa bezalako negoziorik ez dago) eta The Show Must Go On (Ikuskizunari eutsi behar diogu) leloak, zaletuok buruz dakizkigun horiek, mendeetan zehar irmo iraun dutenak Los Angelesen Parisen bezala. Birusa birus eta ez-estreinaldiak ez-estreinaldi.

Inor gutxik pasatu zituen esna igande-asteleheneko ordu txikiak. Ez da harritzekoa. Sari banaketa guztiak aspergarriak dira arras. Bai Hollywooden, bai Cannesen. Venezian zein Donostian. Bilbon, Miarritzen eta Buenos Airesen. Eta gero gerokoa: sareak. Zure poltsikoko telefonoan baldin badituzu glamour gutxiko zeremonia horren irudiak, zertarako egingo duzu zaintza? Zertan izan behar adi, tente, zelati eta atezuan zenekiena (Nomaland-ek irabaziko zuela, hots) baieztatu arte?

Bai, arrazoi osoz egin zuten kale zaletuek gau hartan. Alta, benetan esaten dizuet kontu xelebre eta interesgarri franko gertatu zirela hantxe eta orduantxe.

Agian ez dute hausnarketa sakon baterako adina emango. Apika ez dugu inolako ondorio zehatzik aterako hiru ordu iraun zuen konexio hartatik baina, berriro diotsuet, kontuan hartzeko puntu pare bat, bizpahiru, lauzpabost (ere) izan baziren.

Esaterako, Hollywoodeko akademiakideak oraindik ez daude ez prest, ez presto, ez prestaturik zuzendari oldarkor batek luzaturiko probokazio garratzean erortzeko. Nahita eta gogoz erortzeko ere. Egonkortasunaren aldekoak dira akademiakide horiek, nahiz eta haien artean zinemagile basa, gazte, moderno, iraultzaile urri (oso urri) izan egunotan. Oreka nahi dute mantendu. Seguru sentitu filmetan eta moduetan eta pentsamenduetan. Hormonen, neuronen, kameraren, muntaiaren, argazkiaren edota soinuarenaltaramendurik ez dute gogoko. Beraz, amildegiaren ertzera bultzatzen dituen sortzaileak ez du atarramendu onik aterako bere balentriaren truke.

Atrebentziaz jo duten hori kontent utzi nahian eta euren buruari benetan atrebituak direla frogatzeko asmotan, sariren bat eskainiko diote. Baina momentuz ez garaikur potolo-potoloa. Horrexegatik, hain benetakoa, hain ederra, hain barea eta, aldi berean, hain tristatua den Chloe Zhaoren Nomadland izendatu zuten garaile nagusi, eta Emerald Fennellen A Young Promising Woman-ek jatorriko gidoiaren Oscarrarekin konformatu behar izan zuen.

Bi film horiek maite ditut nik maite. Baina Emeraldearenak jitoan uzten nau pantailaren aurrean, aretoaren ilunpean. Gizonezkoen gainean mendeku hartu nahi duen neska psikopata horren erretratuak kinka larrian, desoseguan, artega utzi ditu Me Too mugimendua horren estimu handian duten hainbat eta hainbat. Eta nik hori dut plazer ezkutua.

Askok eta askok ontzat eta aintzat hartzen dutena kolokan, dudatan jartzeko tresna egokiagorik ez da zinema baino. Eta Emeraldek badaki erabiltzen arma hori. Ondorioz, ez zuen Oscar nagusia eskuratu...

Beste gogoeta bat inor gutxik ikusi zuen zeremonia haren inguruan. Ez Ameriketako Estatu Batuek ez Hollywoodek ez dute beltzekiko duten zorra oso-osorik kitatu. Igual sekula ez dute pagatuko. Bai, aktore eta izar beltzak izan ziren zeremonian. Gidari, gonbidatu, lagun eta ikur. Bai, Judas and the Black Messiah filma izendatu zuten sarietarako hautagai. Bai, musika beltza entzun zen ez-zeremonia hartan. Baina azken momentuan, esprintaren unean, kanpoan, bazterrean utzi zituen akademiak beltzak. Hala izanik, botak jantzita, joe ta ke kamera aurrean, bere arrazaren urguilurako Marveleko superheroia izanda hil zen Chadwick Boseman zokoratu zuen akademiak, eta Anthony Hopkinsi eman zion saria. Bai, Hannibal Lecter izandako horri. Egunotan, mantso-mantso adinak eta bizitzak jota den goi mailako gizartekide agure zuriarena egiten duen horri.

Bai, Oscarretako nahas-mahasean ibiliz gero, ondorio serioetara iritsiko gara; pixka batean arakatuz gero. Esaterako, akademiakideak gustura ibiliko lirateke bai horixe, Druk-eko mozkorti memeloekin zurrutean, filmaren zuzendariaren alaba hilaren omenez topa eginez. Horditu, gehienen negar faltsuetan itotakotristeziaz blai, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.