Noiz sortua: 2020-06-07 00:30:00

'Bost egun, bost gau'

Pasaeran

Egilea: Manuel Tiago. Itzultzailea: Iñigo Roque. Argitaletxea: Katakrak.

Irati Majuelo -

2020ko ekainak 7

Iñigo Roquek Manuel Tiagoren Bost egun, bost gau nobela laburra eta bi narraziotxo erreskatatu ditu Katakraken azken argitalpenerako. Berreskuratze horrekin batera, akaso ahanzturan utzi nahi genituen kontuak ekarri dizkigu mahai gainera, hiru lan horiek lotzen dituen haria Portugalgo iheslariei muga pasatzeko lotzen zitzaien soka bera baita, azken finean, eta mugalari euskaldunak ere aritu baitziren jardun horretan. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako emigrazio portugesak mila istorio izango ditu kontatzeke; honako honetan, lau gaztek mugak iragateko bizi behar dituzten miseriak ikusarazten dira.

Istoriook, halaber, ez dira edozeinen eskutik idatziak. Izan ere, Manuel Tiago idazlea Alvaro Cunhal da izatez, Portugalgo Alderdi Komunistako kide eta hiru hamarkadaz idazkari nagusi izana. Iheslaria izan zen bera ere, eta azalean bizi izandakoa eta hurkoei begietan ikusitakoa dago hiru idazlan horien atzean. Egiak, erraietatik jaurtikiak, balio bikoitza du beti. Pisu sinboliko handiko lanak dira, beraz, bai egilearen ibilbideagatik, bai euskarara ekarritako haren lehen lanak direlako, eta, bereziki, egun migrazioen gaiak eta iragana errebisatzeko beharrak eragiten dituen barne-lurrikarengatik. Balio sinboliko horrek, ordea, narrazioak aurrez idealizatzeko arriskua ekar dezake, itzal handiegia ezartzekoa.

Istorio sinpleak dira egiaz, hizkera eta trama xumekoak. Iheslariaren eta mugalariaren arteko mesfidantza da hiru kontakizunen motorra; etorkizunarekiko ezjakintasunak eta desegonkortasunak bultzatzen ditu hala mendian gora, edota armairu barnean ezkutaturik orduak ematera. Soiltasunari eta ekintzen indarrari emana da Tiagoren idazkera, bidaia behartu horien austeritateari ongi egokitzen zaiona zinez, baina sakontasun gehiagoren falta sumatzen duena sarri. Esaterako, fidatu ezinak sortzen duen ezinegona primeran islatu arren, pasatzaileen amarru eta zitalkeria urriak tentsioa jaisten die narrazioei. Gogorra da esatea, baina onberatasunak harritzen du bat, bereziki hitzaurrean Amets Arzallusen hitzak irakurri ostean.

Gosea, nekea eta kezka izan zitezkeen eleberriaren zein narrazioen protagonistak, etengabea baita euren presentzia. Gehiago dakigu oin minduez eta tripazorriez Andre, Abel, Francisco eta Saulen bizitzez baino. Ez dakigu zergatik duten muga igarotzeko beharra, arrazoi ekonomikoak ala politikoak dauden atzean, edota biak. Ez dakigu zer uzten duten atzean, zer bilatzen duten mugaz bestaldean, norbait ote duten esperoan. Zenbaitetan eskertuko lirateke halakoak, narrazioei beste dimentsio bat emanen liekete, barrena dardararaziko ligukeen hondo bat. Baina argi dago idazleak estilo soilarekin bat adierazi nahi izan zuela gertaeren latza, iheslarien deshumanizazioa, agerian uztea pasatzaileentzat beste bat baino ez zirela askoren artean, larrera eraman beharreko abere galduak balira bezala, Iñigo Roquek hitzatzean ongi adierazten duenez.

Alabaina, Roqueren aitzinsolasa eta Arzallusen hitzaurrea dira liburuaren bi puntu fuerteak, Tiagoren kontakizunak iraganarekin eta orainarekin konektatu eta, testuinguru bat emateaz askoz harago, migrantearen begiak parez pare jartzen dizkigutenak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko

Arantxa Iraola - Jon Ordoñez Garmendia

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da Gipuzkoako herri horretan, eta tabernetako jarduna mugatuko dute. Beste taberna bat itxi dute, langile batek "positibo ahula" eman ondoren.

Urkullu mitin batean, Zornotzan, ekainaren 27an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Urkulluk ez du Ordizian bozketak atzeratzeko asmorik

Igor Susaeta

Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariaren ustez, bozkatu ahal izateko baldintzak «guztiz» bermatuta daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna