Koronabirusa

Modernaren txertoak ere hasi dira iristen Hegoaldera: 1.900 dosi aste honetan

Santos Indurainen arabera, Nafarroan txertaketaren erritmoa «apurka handituz» joango da. 15.700 euskal herritarri jarri zaie txertoa orain arte

Atzo, ospitale ibiltaria aurkezten, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Astero, Pfizerren 22.000 dosi iristen ari dira Hego Euskal Herrira, eta horiei, hemendik aurrera, Modernaren beste 1.900 dosi gehituko zaizkie astelehenero. Logistikoki RNA mezulari bidezko bi txerto horiek ezaugarri propioak izan arren, bi dosi jartzea eskatzen dute batak zein besteak. Horregatik, hala Eusko Jaurlaritzak nola Nafarroako Gobernuak erabaki dute txertoa jartzen zaion pertsona bakoitzari bigarren dosia gordetzea. Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzetan, «paziente bakoitzaren txertaketa zikloa» betetzen dela bermatu nahi dute horrela.

Orain arte, Hego Euskal Herrian 15.700 herritarri jarri zaie jada Pfizerren txertoa; Ipar Euskal Herrian, berriz, iragan urtarrilaren 5ean hasi ziren jartzen—lehen asterako 4.870 dosi iritsi ziren Baionako ospitalera—. Orain arte egindako ahaleginari Modernaren txertoak gehituko zaizkio. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseiluaren arabera, asmoa da datozen asteetan txertaketaren erritmoa «apurka handituz» joatea.

Txertaketa motel joatea leporatu zaie gobernuei. Kritika horren aurrean, Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasuneko zuzendariak ohartarazi du «iraupen luzeko» lasterketa izango dela, eta «sei hilabete eta hamabi hilabete artean» iraungo duela, farmazia industriak txertoak ekoizteko eta banatzeko duen ahalmenaren arabera. Artundok ulergarritzat jo du sortu den larridura, baina azpimarratu du «lehen aldia» dela hain denbora gutxian halako ahalegin handia egiten dutela komunitate zientifikoak, enpresek eta gobernuek:«Denok nahi genuke txerto gehiago izatea, baina daudenak daude».

Euskal Herriko osasun agintariek lehentasun gisa jarri dute lehenik zahar etxeetako egoiliarrak eta langileak txertatzea. Ipar Euskal Herrian, adibidez, hil honen amaierarako zahar etxeetako kanpainaren lehen fasea amaitzea espero dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 310 egoitzen erdietan jarri dira lehen txertoak, eta bigarren dosia hurrengo asteazkenetik aurrera hasiko dira jartzen. Txertaketa estrategia «aurreikusitakoaren arabera» betetzen ari dela ziurtatu zuen Sagarduik, atzo.

Nafarroan urtarrilaren 21erako, lehen dosia jarriko zaie 13.000 egoiliar eta langileri. Orain arteko erantzuna %92koa izan da. Erroko zahar etxean urtarrilaren 5ean jarri zuten lehen dosia, baina agerraldi bat izan denez, positibo direnei sendagiria ematean jarriko zaie bigarrena. Berez, otsailaren 12rako bigarren dosia jartzea espero da. Hortik aurrera,hurrengo xedea osasun sistemako 18.000 profesionalak izango dira, baita etxean bizi diren menpekotasun handiko pertsonak eta haien bizikideak ere.

Txertaketa kanpaina indartzeko, hilabete eta erdiz ospitale mugikor batek zeharkatuko du Nafarroa. EGALURG lankidetza hitzarmenaren baitan, Tolosako (Okzitania) Unibertsitate Ospitale Guneak utzi dio hori Osasunbideari.

930 positibo

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuakatzo 930 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian, aurreko egunean baino 49 gutxiago: Araban, 114; Bizkaian, 370;Gipuzkoan, 237; eta Nafarroan, 195.Ospitaleetako egoerak, apurka, okerrera egin du. Gela arruntetan 455 eri daude, bezperan baino 10 gehiago. ZIUko oheetan, berriz, 91 daude, bat gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.