Azaroaren 25a

Gizonei «ardura hartzeko» exijituko die mugimendu feministak mobilizazioetan

Ostiralean kalera ateratzera deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak. Autodefentsa eta antolakuntza feminista aldarrikatu dute

Euskal Herriko mugimendu feministak agerraldia egin zuen atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna izango da ostiralean, eta aurten ere kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Bilbon egindako prentsaurreko nazionalean. Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude! lelopean, indarkeria matxistaren «hamaika formak» salatuko dituzte azaroaren 25ean, eta autodefentsa feminista aldarrikatuko dute. Gizonei ere mintzatu zaizkie agerraldian: «Dagokizuen ardura hartzeko exijitzen dizuegu. Utzi erasotzaile eta konplize izateari. Azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ezer ez bada aldatzen».

Feministek deitoratu dute indarkeria matxistak mekanismo berriak asmatzen dituela «etengabe», eta horren adibide jarri dute udako jai giroan ziztaden inguruan gertatutakoa: «Kontrol sozial etengabea, beldurrean oinarritutako mezuak eta neurriak, Poliziaren presentzia neurrigabea... Eta dena, berriz ere, arreta emakumeongan jartzeko. Sistema heteropatriarkal kapitalista modu gordinagoan azaleratu zaigu; esplizituki, inolako lotsarik gabe». Ildo horretan, salatu dute erreakzio bat izan dela: «Feministok sortzen dugun olatu bakoitzean, sistemak hori geldiarazteko mekanismoak jartzen ditu martxan».

Hori dela eta, ostiralean, indarkeria matxistaren molde guztien aurka mobilizatuko dira: «Indarkeria instituzionala, lan esparruan jasaten duguna, etxean pairatzen duguna, heteroarautik ateratzeagatik jasaten duguna... Aski da! Nazkatuta gaude!». Dena den, ohartarazi dute mugimendu feminista antolatuta dagoela eta bortxa horiei aurre egiten ari zaiela: «Badakigu zein den bidea: gure arteko sareak eraiki, elkar zaindu, borroka komunak martxan jarri, ardurak hartu, gizonak interpelatu eta sistema errotik aldatzeko moduak eraiki. Autodefentsa feminista da tresna eraginkorrena; antolakuntza feministaz boteretuko gara».

«Justizia feminista»

Hego Euskal Herrian eta Espainian sexu askatasunari buruzko legearen harira sortutako polemikaz galdetu diete Bilboko agerraldian. Mugimendu feministako kideak ez dira auzi teknikoez mintzatu, baina, adierazi dutenez, «zigor handiagoa edo txikiagoa jartzean» baino gehiago, «eragindako mina aitortzean eta onbideratzean» jarri nahi dute arreta. Aurtengo leloari erreparatuta, «egiazko justizia feminista» aldarrikatu dute: «Kontzeptua eraikitzen ari gara oraindik, baina ez datza soilik bide penalean. Mugimendu feministak beti salatu du indarkeria instituzionala eta legeen aplikazio patriarkala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.