urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Euskaraldia etxetik

2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Mende laurden baino gehiago da, EHZ jaialdiaren aurretik Piztu Elkarteak antolatu zituen lehen kontzertu haietan, Manu Dibango Euskal Herrian izan zela. Asteon eraman du koronabirusak jazzaren erraldoi kamerundarra. Eta gaitza erabateko protagonista den egunotan, gaitzak ez baina bihotzekoak Parisen hil zuen beste handi batek egin zion itzal Manu Dibangori eguneko albisteetan: Albert Uderzoren heriotzak.

Pentsatu gura dut nik urteetan legez, orain ere askori lagunduko diela bataren musikak eta bestearen komikiek. Asterixekin zenbat ordu eman ditudan pentsatzen hastean, baina, bestelako zerbait ere badatorkit: euria bezain naturala zelakoan irakurri nituela euskaraz bata bestearen atzetik komiki haiek guztiak. Gabriel Aresti izan zen galiarraren istoriok euskaratu zituen lehena, eta poeta hil ostean jaio ginenok Asterix gure hizkuntzan irakurri genuen. 80ko hamarkadan euskaraz eman genuen haurtzaroa Bilbon bertan askok. Espainiera ez zitzaigun arrotza, baina gure mundua euskaraz zen, ikastolatik etxe barrura, komiki, liburu zein irrati. Telebistarik ez zen sartu gurean Euskal Telebista sortu zen arte.

30-35 urte beranduago, askoz gehiago da euskaraz daukaguna. Hizkuntza gutxituek eredu gisa aipatu ohi gaituzte, Ekuadorko kichwetatik galeseraino. Asko egin dugu, baina asko da egin ez duguna ere. Euskaldunak kanal bat zeukan orduan euskaraz eta bi espainolez, hirutik bat, herena. Umeen saioen erdiak.

Euskal zein katalan herritarren zergek ere finantzatzen duten TVEren Clan kateak, esaterako, ez du sosik gastatzen gure hizkuntzan ere emititzeko, egun teknikoki oso erraza izan arren dualaren bidez bideo seinale bat eta hiruzpalau hizkuntzatan izatea audioak (Euronews kateak Europako hizkuntza askotan emititu du luzaroan,). Baina euskal zein katalan alderdiek, Espainiako gobernuen ezinbesteko sustengu izan arren, ez dute inoiz ahalegin handirik egin Madrilen hizkuntzekiko jarrera aldatzeko.

Disney+ streaming zerbitzua iritsi da egunotan Espainiara. Euskal herritar bat baino gehiago irakurri dut hari buruz berbetan sare sozialetan, ia inori ez hizkuntzari buruzkorik, ordea. Katalanek berriz, euren hizkuntzan ere emititzeko kanpaina egin dute.Geroz eta gauza gehiago daude katalanez eta euskaraz ez. Enpresetako webguneak, merkataritza elektronikoa, bidaiak eta abar, oso gutxitan izaten dute euskal bertsiorik; katalanez, berriz, askoz ohikoagoa da. Halakorik ez zeukan konpainia bakoitzak (Tripadvisor, Kayak, Netflix, Amazon eta abar) katalanaren aldeko kanpainaren bat izan du parean.

Koronabirusaren itxialdia agerian uzten ari da euskaraldiaren herrenak. Kalean ahaldundu garena etxeko kontzientzian galdu. Euskaraz bizi nahia adierazten dugu, baina horretarako oztopo handiena ez da pediatra erdalduna, ezina etxe barruan daukagu. Etxean euskararik ez duten eta erreferente nagusia eskolan duten umeengan tamalez eragin larria izango du itxialdiak ziur aski. Baina gauzak horrela, kontrakoa gertatu beharko litzateke euskaraz bizi diren familietan: kaleko erdal igurtzia kenduta, etxe horietako euskara indartu beharko litzateke eta, agian, erdara makaldu ere bai. Lehenetik asko egongo den neurrian, bigarrenetik ez dut uste izango denik. Naomi Kleinen Shock doktrina gogoratzen dugu egunotan gobernuek hartutako eta har ditzaketen neurri askori erreparatuta, baina badira hamabost urte Kleinen liburutik, ordutik beste hiruzpalau lan garrantzitsu ere argitaratu ditu, eta bakar bat ere ez dugu irakurri euskaraz (dokumentalak, aldiz, bai, euskaratu dira). Katalanek denak dituzte euren hizkuntzan. Zygmunt Baumanen garai likidoez ari bagara, beste horrenbeste.

Beti izan da errazena norbere herriko erdara nagusian bizitzea, telebista, Internet, Whatsapp bidez datorren korrontearekin joatea aski da. Itxialdiko etenak hori guztia birpentsatzeko tartea ere ematen du, horratik. Euskaraz bizi gura duenari ez dio ezer eskaintzen Netflixek, Amazonek, Disney+-ek. (Filmin hasi berri da, baina oso xume oraindik). Gure aitak etxean telebistarik sartu ez zuen bezala euskaraz egon artean, konplexurik gabe hartu eta partekatu beharko lirateke azpitituluak.eus eta Euskal Encodings-eko ekimenetan dauden ehunka film eta telesailak. Eta asumitu, halaber, espainierazko itzulpenetan lasai asko ibiltzea ez dela jardun neutroa: hizkuntza horretan eta ez beste edozein erdaratan geroz eta gehiago trebatzeaz gainera, gurean egotea zailtzen du, eta gurean ez dugun beste erdararen baten gozatzeko aukerari ere ateak itxiko dizkiogu.

Islandian edo Estonian ez dute den-dena euren hizkuntzan. Itxialdia ariketa berrietarako tarte egokia ere bada: espainieraren morrontzatik urrundu eta beste hizkuntza batzuetara hurbiltzeko. Egon lasai, aste edo hilabeteotan Bronxeko edo Belfasteko azentura ohituko bazinete ere ez zaizue gertatuko, ingelesa ez da euskara ordezkatzeko mehatxu bihurtuko. Eta mundua ikusteko betaurreko hispanikoak kentzean, begirada guztia aldatzen da. Etxetik irten gabe ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.