urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Puerto Rico bidegurutzean

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
AEBetako lurralde nagusia XIX. mendearen inguruan eratu zen. Zertxobait lehenago hasi zen independentzia gerrarekin (1776-1773), eta 1912an amaitu, Arizona eta Mexiko Berria Batasuneko estatu bihurtzean. I. Mundu Gerraren atari hartan, bi ozeanoen, eta Kanada eta Mexiko arteko eremu haren mapak amaituta zirudien: Ingalaterratik independentzia aldarrikatu zuten hamahiru estatuen ordez 48 ziren. Mendebaldeko hedapenean, Europako potentziei erosi, Mexikori gerra egin eta, batez ere, bertako biztanleen aurkako sarraski eta konkista odoltsuetan harrapatu zuten lurra, Europatik zetozen kolonoen esku uzteko.

Batasun horretan beste estatu bi baino ez dira sartu hurrengo 110 urteotan, Alaska eta Hawaii, biak ere 1959an. Azken asteotan, baina, zenbait mugimendu izan dira egoera hori alda dadin. Lehendabizikoa Washington hiriburuari dagokio; Kongresuan ostegunean onartu zuten hiria 51. estatu bihurtuko lukeen ebazpena, baina oso zail du Senatuan behar besteko babesa biltzea. 700 mila biztanle ditu Columbiako barrutiak, gehiengo afro-amerikarra, eta presidentea edo Kongresua bozkatzeko aukerarik ez. Mintzatuko gara beste batean luzeago hiriburuaz.

51. estatu bihurtzeko beste ahalegina Karibetik dator; Puerto Ricotik. 123 urte dira Espainiaren kolonia izatetik AEBen menpe geratu zirela. Puertorricarrak estatubatuar herritarrak dira, baina uharteko biztanleek ez dute presidentea bozkatzerik. Washingtonen duten ordezkariak, berriz, ez du boto eskubiderik, Kongresuaren erabakiek uhartean ere eragiten duten arren.

Ofizialki Puerto Rico ez da kolonia bat. 1952an, Estatu Libre Elkartu izendatu zuten, eta hala Nazio Batuen Deskolonizazio zerrendatik kanpo dago. Baina Washingtonek behin eta berriz erakutsi dio nork agintzen duen benetan. 2017ko Maria urakanaren ondorioei (3.000 lagun hil ziren) Trumpen administrazioak emandako erantzunak eta 2016ko bankarrota egoerak argi utzi zuten XXI. mendeko kolonia bat dela. Uharteko klase politikoaren ustelkeriak bezainbat AEBeko subiranotasunaren ondorioek —portuetarako kabotaje-arauak, kasurako— ekarri zuten hondamendi ekonomikoa; baina Auzitegi Gorenak bankarrota legea baliogabetzeak, eta Obamaren administrazioak eta Kongresuak ezarritako fiskalitatea behatzeko batzordeak,beste behin azpimarratu zuten zenbateraino den Puerto Rico subirano.

Egoera jasangaitza da, denek onartzen dute hori. Baina konponbidea ez dute denek berdin ikusten; areago, uhartean eta Estatu Batuetan jarrerak oso desberdinak dira antzeko sentsibilitate politikoen artean. Zenbait demokratak estatu bihurtzea bultzatzen dute, eta hau abagune egokia dela diote. Oso bestelako ikuspegia izan dute errepublikano gehienek: nola onartu ingelesez egiten ez duen, nabarmen pobreagoa den eta, ziur aski, errepublikano bozkatuko ez lukeen estatu bat?

Puerto Ricora joanda, baina, prozesu horren irakurketa oso desberdina da. 51. estatu bihurtzea herritarren zati handi batek babesten du, baina, oro har, politikari eskuindarren jarrera da. Sektore aurrerakoiek gaitzetsi egiten dute «integrazioa». Testuinguru horretan, Puerto Rico Statehood Admission Act (estatu gisa onartzeko legea) aurkeztu zuten otsailean kongresuan 49 kongresukidek, eta Senatura ere eraman dute. Funtsean, puertorricarrek AEBetako estatu izatea bozkatuz gero, presidenteak eta ganberek hori baimentzea eskatzen du. Epe laburrean, 51. estatua bihurtzea, alegia.

Alderdi demokrataren ezkerrean uzkurrago dira, horratik, egungo jarrera 123 urteko kolonialismo, errepresio eta bazterketaren ondorio dela aintzat hartuta. Biztanleen ia erdiak pobrezia mailatik behera bizi direnean, nekez hauta dezake herritar batek nagusiarekiko harremanei buruz. Alexandria Ocasio-Cortez eta beste ordezkari demokrata batzuek Puerto Ricoren autodeterminazio legea (Self-Determination Act) aurkeztu zuten martxoan. Herritarren eztabaida parte-hartzailea bultzatzen duen egitasmoa da, uharterako aukera bakoitzaren ondorioak, baliabideak eta trantsizio epeak zehaztuko lituzkeena; herritartasunaz, hizkuntzaz, kolonialismoaren ondorioez eta abar.

Auzia ez da erraza, mendetako bidegabekeriak ez dira berehala konpontzen. Errealitate konplexua da Puerto Rico, menpekotasun harreman konplikatua dauka Estatu Batuekin. Baina ahalduntze ariketa garrantzitsuak egin ditu azken lauzpabost urteotan. Krisiaren aurrean gizarte laguntza emateko sortutako taldeek sekulako lana egin zuten Maria urakanak kolpatutakoekin, antolatuz ibili dira pentsiodunen kolektiboak, feministak, arrazismoaren aurkakoak..., eta pandemia aurreko udan, Ricardo Rosello gobernadorea kanporatzea lortu zuten milaka lagunen protestak egin zituzten. Adi ibili beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.