Nafarroako Unibertsitateari 1,5 milioi erreklamatu zaizkio

Astelehenean bezala, Goikoetxeak Yolanda Barcina babestu du eta Idoia Nievesen salaketak ukatu ditu

Lourdes Goikoetxea, atzoko agerraldira bidean. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2014ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Lourdes Goikoetxea presidenteordeak ikerketa batzordean egindako agerraldiaren bigarren egunean, datu berri bat gutxienez plazaratu zuen. Nafarroako Unibertsitateak bere langileen senideei matrikula doan egiteagatik, Ogasuneko inspekzioak 1,5 milioi euro erreklamatzen dizkio. Betidanik unibertsitateak ez du doako matrikula hori inoiz aitortu, baina 2012an araudi aldaketa bat egon zen eta Ogasunak lau urte atzera eginda, inspekzioa egin eta zor hori erreklamatu zion. Goikoetxea irizpidearekin ez zegoen ados, eta unibertsitatearen ikuspuntuarekin bat egin zuen. Bere ezadostasuna azaldu zien hainbat aldiz Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari gerenteari zein inspekzioko arduradunei. Ogasunak oraindik ez du 1,5 milio euro jaso, Unibertsitateak Nafarroako Administrazio Auzitegira jo zuelako inspezkioa legezkoa den ebatzi dezan.

Ezkerrako Txema Mauleonek galdetu zion ea bere jarrerarekin inspektoreen jarduera zalantzan ez zen jartzen ari: «Ez, inspektoreak babestu ditut». Mauleonek gogoratu zion inspekzio hura unibertsitatarentzat «jokaldi txarra» zela esan ziola Idoia Nievesi eta ea hori bateragarri al den inspektoreak babestearekin. Goikoetxeak erantzun zion baietz. «Zuk zure ikuspuntua duzu baina nik segurtasun juridikoa ere bermatu behar dut Ogasunari ere eragin diezaiokeelako irizpide horrek».

Goikoetxeak astelehen arratseko kontraesanetan eta ahanzturan erori zen. Adibidez, Nievesek egindako salaketa guztietatik ia denak onartu zituen beti ere bere ikuspuntua emanda eta irizpide desberdintasunetara mugatuta. Hain zuzen, salaketa larriena ukatu zuen: 2011ko irailaren 27an Merca'o jatetxeko bazkalostean inspekzio planaren xehetasunak eskatu izana. Geroa Baiko Manu Aierdik galdetu zion ez al zen deigarria Nievesek urte eta erdi lehenago lekukoei salaketa hori aipatzea: «Nievesi galdetu beharzaio», esan zuen erantzunik eman gabe. Nievesek kasu hura Alvaro Miranda kontseilariari ere komentatu zion eta Mirandarekin gertaera horri buruz hitz egin al zuen galdetuta, ez zen oso sinesgarri azaldu: «Ez dut gogoan».

Aralar NaBaiko Patxi Zabaletak BEZ zergaren ordainketa atzeratzeko «80 edo 90 enpresen» izenak zein inspekzioa egindako ostalaritzako lau enpresen izenak emateko eskatu zion. Goikoetxeak ez zuen eman nahi izan. Gainera, Zabaletak galdetu zion ea Barcinarekin geratu zen BEZaren atzerapenaren inguruan Volkswagenekin hitz egingo zutela. Goikoetxeak erantzun zion VWk agindu ziola Parlamentuan horren berri ez emateko: «Nafarroan gobernu batek agindu behar luke, eta ez enpresa batek», erantzun zion Zabaletak.

CANen aferan, bereari eutsi

Nafarroako Kutxaren auzian bereari eutsi zion. Bere esanetan, Nievesengana jo zuen jakiteko bi aitorpen eredu horien jabegoa izatea nori zegokion: Ogasunari edo CAN fundazioko gestore iraunkorrari (bere menpe). Eskaera horren atzean Barcina zegoela ukatu zuen.

BEZaren atzerapenari buruz iritzi publikoari zergatik ezkutatu zitzaion galdetuta, kontrako saihesbidea hartu zuen: «Beti izan dut egia esateko asmoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.