«Lerro gorria» erabakimenari

Jendetza batu da Bilbon, Hamaika Gara-k 'Erreferendumaren alde' lelopean deituriko mobilizazioan. Gure Esku-k ohartarazi du ez duela onartuko erabakitzeko eskubiderik gabeko estatus politikorik

Bilboko itsasadarraren bi aldeak jendez bete ziren atzo arratsaldean ontzitik aritu ziren musikariak entzuteko. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
Bilbo
2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
«Hamar herritarretik zazpik gure etorkizuna erabaki nahi dugu: badago hori baino adostasun zabalagorik? Ez dugu uste, eta gure marra gorria hori izango da: estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidea izan behar du ardatz». Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea udazkenean berrekitekoa da estatus politiko berriari buruzko eztabaidari, eta prozesu horri begira bere gutxienekoa finkatu du Hamaika Gara egitasmoak: lege proposamenak erabakitzeko eskubidea arautzea. «Ez dugu hori baino gutxiago onartuko», esan zuen atzo Josu Etxaburu Gure Esku dinamikako bozeramaileak: «Erabakitzeko eskubidean, atzerapausorik ez».

Aldarrikapen politikoz eta ekitaldi kulturalez blaitutako mobilizazio bat egin zuen atzo arratsaldean Hamaika Gara-k Bilboko udaletxeko eta Arriagako zubien artean, Erreferendumaren alde lelopean. 17:30etik aurrera, milaka herritar elkartu ziren Areatza inguruan, zubietan eta Erripa kaian, Olatz Salvadorrek, Itziar Ituñok eta Dupla eta Zetak taldeek itsasadarretik zihoan ontzi batetik eskainitako musika emanaldiak entzuteko.

Ekitaldian, abestiak eta hitzartzeak uztartu zituzten: Gotzon Barandiaran idazleak errezital poetiko bat egin zuen aurrena, eta bukaeran hartu zuen hitza Etxaburuk. Legebiltzarreko eztabaidagatik «poza» azaldu zuen, eta erantsi ordezkari politikoek «olatu demokratikoa hartzeko aukera historikoa» daukatela. Prozesu horretan, adierazi zuen «instituzioen egitekoa herritarren borondatea arautzea eta hari bide ematea» dela, eta, beraz, hilabeteotan bildutako sinadurak eskuan, euskal erakundeak interpelatuko dituztela erabakitzeko bidea arautzeko: «Ezinbestekoa duten herritarron bultzada emango diegu, erreferendumak egiteko ahalmen osoa beren gain hartu, arautu eta garatu dezaten».



Dupla taldeko kideak eta Itziar Ituño aktorea abesten. Aritz Loiola / Foku

Dinamikaren asmoa da sinadura bilketa hori urtea amaitu arte luzatzea, eta, horrez gain, «herri eztabaida bat» sustatzea, «burujabetzarako bidean hurrengo urratsak zeintzuk izan behar diren adosteko». Halaber, atzo iragarri zuten 2022ko udan mobilizazio «erraldoia» egingo dutela eragile katalanekin batera.

«Autokritika» ere egin zuen Gure Esku-k; izan ere, gogorarazi zutenez, 2018ko ekainean eginiko giza katearen ondoren, EAJk, EH Bilduk eta atal batean Elkarrekin Podemosek estatus berriaren oinarri eta printzipioei buruzko akordio bat erdietsi zuten parlamentuan: «Alderdiei konfiantzazko boto bat eman nahi izan genien. Hilabete asko pasatu dira aurrerapausorik gabe».

Horiek horrela, «inoiz baino presazkoagoa denez, inoiz baino konbentzimendu handiagoarekin» adierazi zuen ez dutela «berriro ere halako etenaldirik edo blokeorik onartuko», iritzita estatus politikoaren gaiak «lehentasunezkoa» izan behar duela agenda politikoan.

Erabakimena, arloka

Esparru anitzetako eragileek osatzen dute Hamaika Gara, eta burujabetzaren beharra adierazteko ikuskeretan nabaritu zen hori. Etxabururen hitzetan, «osasun krisiak erakutsi digu presazkoenari erantzuteko ere erabakitzeko ahalmena behar dugula». Beste arlo batzuk ere aipatu zituen: «Ez gara euskaraz biziko ez badugu gaitasunik hizkuntza politika mugarik gabe erabakitzeko. Ez ditugu enplegu eta pentsio duinak bermatuko ez badugu horretarako eskumenik. Ez gara harrera herri izango ez badiogu planto egiten Mediterraneoan eta Bidasoan jendea itotzen duen politikari».



Jendetza Areatzan, Erripa kaian eta udaletxeko eta Arriagako zubietan batu zen. Aritz Loiola / Foku

Eremu horietan Euskal Herriak egun dauzkan eskumenak ez dira «nahikoa aurre egin beharreko herri erronkak gauzatzeko», Etxabururen esanetan: «Euskal Autonomia Erkidegoan, osorik garatzetik urrun, aspaldi agortuta dagoen estatutu bat dugu, eta Nafarroan, herritarrek berretsi ere egin ez zuten Foru Hobekuntza bat». Horregatik, «subiranotasun osoa garatzeko eskubidea» defendatu zuen, herritarren «bizitzan eta komunitatean eragiten duten auzi guztiei buruz erabaki ahal izateko». Gaineratu zuen «herri gisa aurrera egiteko bide bakarra» dela «hemen eta denon artean erabakitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.