Kalea hartu dute migratzaileek

Iragan ostiralean Melillan geratzea lortu zuten migranteek protesta egin dute. Marokoko Poliziaren tratu txarrak salatu dituzte: «Hesian, jendarmeek autoekin zapaldu zituzten gure lagunak»

jone arruabarrena
Melilla
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Minutu gutxi falta ziren atzo 19:30etarako, baina herritar batzuk eta kazetariak baino ez zeuden Melillako Espainia plazan. Hain zuzen, leku horretan deitu zuten elkarretaratzera pasa den ostiralean Melillan gertatutakotik bizirik atera ziren migranteek, hesiko heriotzak salatzeko. Bat-batean, oihu batzuk entzun ziren, geroz eta ozenago. Demokraziaren etorbidetik migrante beltzen talde handi bat zetorren, «beltzen bizitzek inporta dute» oihukatuz. Eskuetan zekarten pankarta handi bat ere; Fronterako fluxuak bizitza hobetzen du, irakur zitekeen bertan. Migranteek, apurka, plaza osoa hartu zuten. Eskuz zein ordenagailuz egindako afixak zeramatzaten esku artean; koloretsuak batzuk, zuri eta beltzean besteak. Zure ametsek ez dezatela hesi bat aurkitu irtetean; Ez dira mafiak, atzerritartasun legea da; edo Inor ez da ilegala zioten, besteak beste. Elkarretaratzearen ondoren, zirkulu bat egin, eta isilik geratu ziren protestara bertaratutako guztiak, hildakoen omenez. Hegoaldeko mugan hildako gehiagorik ez, letra koloretsuez irakur zitekeen zirkuluaren erdian jarri zuten pankarta batean. Kandelek eta loreek apaintzen zuten. Isiltasuna hautsi zuen bozgorailuetatik irtetzen zen kantu batek; «Hesi bat dago Melillan. Ezerk inportako ez balu bezala; ez nire bizitzak, ez nire duintasunak» zioen emakume ahots batek. Gero, Iberiar penintsulan zehar egin ziren elkarretaratzeetan irakurritako komunikatu bateratua irakurri zuen Melillako herritar batek.

Horren ondoren iritsi zitzaien Melillako sarraskitik bizirik irtendako migranteei hitza hartzeko garaia. Horietako batek egin zituen ordezkari lanak. Azaldu zuenez, beraien herrialdeetatik ihes egin behar izan dute migranteek, eta trantsizio herrialdeetan etorkin horien eskubide guztiak urratu dituzte. Besteak beste, Marokon gertatutakoa ekarri zuen gogora: «Batzuek galdetzen duzue zergatik ez garen Marokon gelditu. Bertara heldu ginenean UNHCR [Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria] erakundera joan ginen, eta asiloa eskatu genuen. Dokumentu bat eman ziguten orduan; geroago konturatu ginen paper soil bat zela, ez zuela inolako baliorik, kanporatuak izateko arriskua geneukala».

Hain zuzen, esan zuenez, «sarekadak» egiten zituen Marokoko Poliziak, migrante beltzak «harrapatzeko»: «Eman ziguten dokumentua erakustean, ezertarako balio ez zuela esan, eta Mauritaniako edo Aljeriako basamortura botatzen gintuzten».

Azaldu zuenez, Marokon ez daukate etxe bat izateko eskubiderik, eta, beraz, horregatik bizi behar izaten dira basoan. Hala ere, bertan eraikitako kanpamentuak erre eta janaria kentzen zieten Marokoko jendarmeek, eta azaldu zuenez, horrek bultzatu zituen hesia gurutzatzera. Mugan gertatutakoa ere azaldu zuen ordezkariak: «Hesian, poliziak gomazko pilotak eta negar eragiteko gasa bota zizkigun, baita makilekin jo ere. Gure lagun batzuk Poliziaren autoekin zapaldu zituzten jendarmeek».

Horrez gain, salatu zuen Marokok hesian zauritutako batzuk derrigortu dituela Aljeriako Gobernuak bidaltzen dituela esatera: «Ez da egia, gu ez gaitu inork bidaltzen». Pedro Sanchez Espainiako presidenteari ere zuzendu zitzaizkion migranteak: «Ez dezala gehiago esan mafiak garenik; benetako mafiak Espainiako Gobernuaren diruarekin finantzatzen dituzuenak dira». Oihu artean bukatu zen bilkura: «Atzerritartasun legea hiltzailea!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.