Eskoziako prozesu independentista. Maggie Lennon. Independentziaren Aldeko Emakumeen Kontseilu Nazionaleko kidea

«Gizarte mugimenduak itzuli beharra dauka, eta koordinatu beharra dago»

Lennonek uste du Londresen helburua dela galdeketari baimena ukatuz independentismoa zatitzea. Hori askorentzat izan daitekeen «iraina baliatzeko» eskatu dio Eskoziako Gobernuari.

JON O. URAIN.
jon olano
Glasgow
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Gizarte mugimenduen eta alderdi politikoen arteko aliantza «deseroso» bat beharrezkotzat dauka Maggie Lennon Women For Independence plataformako Kontseilu Nazionaleko kideak.

Zein da Independentziaren Aldeko Emakumeen egitekoa egungo egoeran?

Gure zeregina da emakumeei ulertaraztea modurik onena dela, erabateko berdintasunean bizitzeko behar duten bizimodua edukitzeko, justizia sozialean oinarritutako herrialde bat izatea, egitura desberdin batekin. Hori lortzeko modu bakarra da botere osoa edukitzea.

2014ko galdeketarako sortutako talde ugari desagertu egin ziren, baina zuek hor segitzen duzue.

Badakigu 2014an emakume gehiagok ezezko botoa eman zutela. Horrek zerikusia du argudio ekonomikoak ez sinetsi izanarekin; gai ekonomikoak garrantzitsuagoak dira emakumeentzat, ekonomia gaizki doanean emakumeek gehiago sufritzen dutelako. Austeritateak gehiago erasaten die andreei gizonei baino.

Andreen parte hartze politikoa ere sustatu zenuten. Zer behar antzeman zenuten?

Alderdien politikak esan nahi du bileretara joatea, eta hori ez da beti erraza. Landa eremuetan ez da erraza batzar politiko batera joatea ez baduzu garraiorik. Alderdiak ez dira oinarrietako mugimenduak, eta oinarrietako mugimenduen hazkundea da 2014ko bozketa eraldatu zuena, jendeak bere tribua aurkitu zezakeelako.Gizarte mugimendua oso garrantzitsua izan zen, baina ez zegoen emakumeei hitz egiten zien mugimendurik.

Aldatu da egoera 2014tik?

Erabat. Ez dago ikuspegi argirik datorrenaren inguruan, ez dago denbora markorik, eta noraeza egon daiteke. Sturgeonek gehiago politizatu behar zuen pandemia, haiek [Erresuma Batuko Gobernuak] ere hal egin baitu.

Zein da orduko bozketaren irakasgaia?

Independentziaren aldeko %27-28ko babesarekin abiatu genuen kanpaina, eta %45ean amaitu. Orain %45 ingurutik abiatuko ginateke, nahiz eta ez genukeen hazkunde bera izango. Sakon aldatu behar da kanpaina; norbaitek hartu behar du kontrola, bainainork ez du sentitzen garaia denik. Lehen, Edinburgoko Ituna genuen; jokoa martxan zegoen. Orain ez gaude posizio horretan.

Zergatik ez?

Sturgeonek beti esan du ez duela erreferendumik egin nahi nazioarteko aitortzarik gabe. Ez du Kataluniakoa gertatzerik nahi, baina independentismoan jende asko dago esanez hain zuzen horixe egin behar dela. Hor daude tentsioak. Nolabait, zalantzatan gaude: noiz abiatu behar dugu kanpaina?

2014tik, sortu dira talde berriak.

[AUOB All Under One Banner] Nire ikuspuntua da ez duzula jendearen pentsamoldea aldatzen banderak astinduz. Nola sentituko nintzateke parez pare banitu 10.000 lagun union jack-a haizatzen? Kontrako norabidean joango nintzateke. Nik erreakzio hori badut haien banderarekin, beste aldeko jendeak ere gauza bera sentituko du beste bandera batzuekin. Niretzat ez da beharrezkoa, baina ez dut inor epaituko martxa batera joateagatik; ni ez naiz joango, ordea.

Kontua da nola uztartzen diren SNPren lidergo politikoa eta gizarte mugimenduen autonomia.

Gizarte mugimenduak itzuli beharra du, eta koordinatu beharra dago. Yes Scotlandek ikuspegi logistikotik egin dezake hori, baina ez dut uste eragile politiko batek aritu behar duenik esaten gizarte mugimenduak zer pentsatu behar duen. Gizarte mugimendu bat da: hori da haren edertasuna. Banaketa bat behar da gizarte mugimenduaren eta alderdi politikoaren artean.

Alderdi independentistak ere ugaritu dira, eta Berdeak gobernuan daude.

Lagungarria da, jendeari ikusarazten diolako koalizioa zabalagoa dela. Mundu guztiak ez du politika ikusten beren energia jartzeko eremu gisa, aipatutakoagatik: gizonek dominatua, egitura hierarkikoak. Gizarte mugimenduak itzuli beharra du, baina, hori gerta dadin, norbaitek jo behar du txilibitua hasiera emateko, eta SNP da hori. Mugimenduak eta politikariak aliantza deseroso bat osatu behar dute. Oraingoan unionismoak irabazten badu, ez da izango ikuspegi bat dutelako. Ez dute ikuspegi alternatiborik, ez dutelako behar; ez dute frogatu behar beren alternatiba hobea dela.

Independentismoak prest egon beharko luke horretarako?

Gizarte mugimendua berriro loratuko da. Zenbateraino okertu behar du egoerak, jendeak «aski da» esateko? Alternatiba bat dago, baina ikuspegi alternatibo hori modu indartsuagoan artikulatu beharra dago, eta momentuz ez dago, denak gaudelako kezkatuta pandemiarekin. Baina Sturgeoni ez diogu ezer entzuten gero etorriko denaz. Jendea nekatuta dago; bizitza ez da oraindik normaltasunera bueltatu. Uste dut antolakunde askok dutela ikuspegi hori, ez dakigula oso ondo noiz hasi.

Johnsonek kontsulta ukatzeak bi ondorio izan ditzake: iraintzat hartzea eta independentismoa indartzea, edo kontrakoa: ezezkoa luzatuz gero, independentismoa zatitzea. Hori izan liteke Johnsonen arrakasta nagusia.

Horixe da plana. Edozeinek ikus dezake: zatiketa da helburua. Egia da ezezkoa irain bat izan daitekeela batzuentzat, baina Sturgeon ez badago prest hori baliatzeko, iraina alferrik galtzen da.

Uste duzu egongo dela galdeketa bat? 2023an edo geroago.

Segur aski, bai. Baina Sturgeonek behar du hurrengo bozen aurretik egitea bozketa hori, eta ezin du ziurtatu 2023tik aurrera boterean egongo denik. Ez ordezko argirik dagoelako, baizik eta jendea kezkatu daitekeelako mugimendua zatitzen bada, eta SNPk eserlekuak gal ditzakeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.