Nafarroako gobernu osaketa

Txibitek lehendakari karguaren zina eginda, abian da Nafarroako Gobernua

Berriz lehendakari izatea lortu duen lehen emakumea da; aurretik Urralburu eta Sanz soilik izan dira behin baino gehiagotan presidente. Talde guztietako ordezkariak, 22 alkate eta eragile ugari bildu dira

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
1979tik soilik Gabriel Urralburuk eta Miguel Sanzek lortu dute behin baino gehiagotan lehendakari izatea. Ustelkeriaren orbanak zikindu zuen lehena, eta UPNko buruzagi ohia izan da denbora gehien iraun duen presidentea. Atzo bi goi kargudun ohi horiei gehitu zitzaien Maria Txibite, hori lortzen duen lehen emakumea. Haren aurretik Yolanda Barcina eta Uxue Barkos izan dira lehendakaritzara iritsi diren bi emakumeak, baina UPNko buruzagi ohiak eta Geroa Baikoak ez zuten lortu bigarren aldiz gobernatzea. Atzodanik, Maria Txibitek bai. Nafarroako Parlamentuan lehendakari karguaren zina egin zuen, eta era horretan abian da gobernua. Gaur goizean hamahiru kontseilariek egingo dute karguaren zina.

Oso ekitaldi instituzionala izan zen atzokoa. Gris kolore iluneko harlauzaz osatutako parlamentuko ataria askotariko kolorez jantzitako gonbidatuz mukuru zegoen. Lehen lerroan nabari zen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Haren alboan, Espainian sozialistek lortutako bi erkidegoetako gobernuetako presidenteak zeuden: Emiliano Garcia-Page, Gaztela Mantxakoa; eta Adrian Barbon, Asturiaskoa.

22 alkate

Han ziren talde guztietako ordezkariak. Gertu zen ere, ordubete lehenago, Gurutzeko plazako parkinaren obrak geldiarazi zituztela iragarri zuen Cristina Ibarrola, Iruñeko alkatea. Han zegoen ere UPNren barruan hauteskunde emaitza onen ondorioz gorantz datorren Alejandro Toquero, Tuterako alkatea. Horiez gain, Nafarroako beste hogei alkate hurreratu ziren atzoko ekitaldira, ia denak sozialistak.

Nafarroako botere instituzionalaren erretratu soziologikorako parada eman zuen atzokoak. Han ziren Maria Iraburu Nafarroako Unibertsitateko errektorea, Javier Taberna 1991tik Nafarroako Merkataritza Ganberako buruzagia eta Joaquin Galve Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidentea. Bere uniforme dotoreenekin han ziren ere Foruzaingoko, Guardia Zibileko, Espainiako Poliziako eta armadako buruzagiak ere.

Nafarroako ereserkiaren doinuen artean gerturatu ziren oholtza nagusira Maria Txibite, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Nadia Calviño Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordea. Tomas Menak, legebiltzarreko Protokolo arduradunak, azaldu zituen ekitaldiaren nondik norakoak euskaraz, gazteleraz eta keinu hizkuntzan. Segidan Txibitek karguaren zina egin zuen. Hitzez hitz, honako hau adierazi zuen gazteleraz: «Promes egiten dut Nafarroako Foru Erregimena errespetatuko, mantenduko eta hobetuko dudala, [Espainiako] Konstituzioa eta legeak beteko ditudala eta Nafarroako Gobernuko lehendakariaren karguak dituen betebeharrak fidelki beteko ditudala».

Jarraian Iruñeko Orfeoiak Raimundo Lanasen Navarra mía interpretatu zuen. Murillo el Frutoko jota kantariaren abesti horrekin ekin zioten ekitaldiari eta amaieran Joxean Artzeren eta Mikel Laboaren Txoria Txori kantatu zuen abesbatzak. Ziurrenik eguneko unerik hunkigarriena izan zen, adi-adi jarraitu baitzuten han bertaratutakoek.

Lehenik, Hualdek hitz egin zuen, euskara eta gaztelera tartekatuz. Hualdek azaldu zuen maiatzaren 28an nafarrek elkarrizketaren eta desberdinen arteko akordioen alde egin zutela. Negoziazioak «neketsuak eta zailak» izan badira ere, uste du herritarren agindu hori bete dela. «Azkenik, emaitza Nafarroaren onerako da, eta gehiengo anitz eta aurrerakoia ordezkatzen du. Programa akordioa sinatu duten taldeek, ordea, ez dute gehiengo osoa eta akordio zabalagoak lortzea izan behar dute helburu». Hualderen arabera, elkarrizketa eta akordioa beharko dira aurrerantzean ere «hezkuntzan, autogobernuan, ogasunean edo hizkuntz politikan diren desadostasunak gainditzeko». Adibidez, uste du Foru Hobekuntza berritzeari buruzko eztabaidari heldu behar zaiola «oinarrizko araudi instituzional hori XXI. mendeko errealitatera egokitzeko».

Txibitek, berriz, asteleheneko diskurtsoaren ildotik jo zuen, berriro ere elkarbizitza hizpide harturik. Tartean, euskaraz pilulatxoak ahoskatu zituen: «Komunitate plurala gara». Gutxiengoan egonik ere «aldeko gehiengo soziala» dutela eta egonkortasuna lortu nahi dutela azaldu zuen. Haren ustez, eskuineko gobernuen kontrako norabidea hartuko du egungo gobernuak. «Zuzenduko dudan gobernua gaindiezinezko hesia izango da genero indarkeria eta klima aldaketa ukatzen dutenentzat, sormen artistikoaren aurka direnentzat, memoriaren legeak indargabetu nahi dituztenentzat». Haren irudiko, «larrialdi demokratiko baten aurrean dago gizartea, eta nafarrei ziurtatu zien gobernuak ez dituela eskubideak murriztuko.

Adierazi zuen parlamentuan gutxiengoan egonagatik «egonkortasuna» lortzen saiatuko dela, eta gobernuaren lehentasunak zerrendatu zituen. Horien artean daude industriaren eraldaketa, iraunkortasuna, zerbitzu publikoen hobekuntza, hezkuntza publikoa bultzatzea, enplegu politikak, gizarte babesari eustea, bizikidetza plana eta autogobernuan «aurrerapauso gehiago» ematea. Lehen neurrietako bat berrindustrializazioari buruzko lantaldea osatzea izango dela iragarri zuen. Bere senideek emandako babesa ere eskertu zuen Txibitek, eta hunkitu egin zen une horretan.

Calviñorentzat funtsezkoa

Calviñok hitz egin zuen, eta «funtsezkotzat» jo zuen kargua berriz hartzea «aurreko lau urteetako kudeaketari egonkortasuna eta jarraitutasuna emateko». Txibiteren bertuteak goraipatu zituen. Euskarazko esaldi pare bat esan zituen, hitzok egoki ahoskatzeko argibideak baitzituen idatzita agirian. Amaieran, dantzari batek aurreskua dantzatu zion Txibiteri. Dena amaituta, bertaratutakoek zoriondu egin zuten.

Gaur, 11:30etik aurrera hamahiru kontseilariek hartuko dute kargua. Atzo jakin zenez, Euskarabideko zuzendari izango da Jabi Arakama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.