Koronabirusa

Sagarduik ohartarazi du «gora» doala bilakaera epidemiologikoa

Erredakzioa
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Bilakaera epidemiologikoa gora doa, eta asistentzia presioa gero eta handiagoa da». Hala adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, atzo. Horri aurre egiteko, «gure bizitza soziala eta mugikortasuna» ahalik eta gehiena mugatzeko eskatu zuen. Hori jo zuen konfinamendu bat saihesteko bide bakartzat. Izan ere, Hego Euskal Herrian 1.789 kasu atzeman dituzte azken orduetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gainera, orain arteko positibo tasarik handiena erregistratu dute. Nafarroan, aldiz,azken hilabetean izandako kasu kopururik txikiena.

Azken orduetan 12.618 PCR eta antigeno proba egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 1.445 izan dira positiboak; hau da, %11,45eko positibo tasa. Lurraldez lurralde, Araban 84 kasu atzeman dituzte, Bizkaian 641 eta Gipuzkoan 638. Horiez gain, EAEtik kanpo atzemandako beste zortzi positiboren berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Ospitaleen egoerari dagokionez, azken orduetan 84 lagun ospitaleratu dituzte, eta, denera, 119 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Sagarduiren esanetan, datu horiek berresten dute Eusko Jaurlaritzak hartu berri dituen neurri murriztaileak egokiak direla: «Osasun sistemaren kolapsoa eragotzi nahi baldin badugu,gaur eta orain jardun behar dugu».

Nafarroan, bestalde, 329 kasu atzeman dituzte, 4.208 PCR eta antigeno proba eginda. Positibo tasa, beraz, beste hiru lurraldeetan baino txikiagoa da: %7,8.

Basauriko baheketaz

ESK sindikatuak adierazi duenez, Basauriko (Bizkaia) anbulatorioaren jarduerak «gainezka» egin du, 13 eta 40 urte arteko herritarren artean herenegundik han egiten ari diren baheketa masiboaren ondorioz. Sindikatuak salatu du Osakidetzak ez duela zerbitzua «indartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.