Gatazkaren ondorioak. Miarritze

Bake prozesua «indartu» nahi du Bake Bideak Miarritzeko ekitaldietan

Bizikidetzaren aldeko topaketa egingo dute gaur, eta, bihar, presoen eskubideen aldeko giza katea. Biktimak eta euskal presoak dira ardatz

Euskal Elkargoko ordezkarien eta Ipar Euskal Herriko hautetsien agerraldia herenegun, Miarritzen. GUIILAUME FAUVEAU.
Maider Galardi
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Lehen egunetik diogu, prozesuaren bi elementu nagusiak biktima guztiak eta presoak dira». Hala azaldu dute Bake Bideko kideek gaur eta bihar Miarritzen (Lapurdi) egingo dituzten topaketen eta mobilizazioaren funtsa. Gatazkaren konponbidean urrats bat gehiago egin nahi dute elkarteko kideek: «2011ko Aieteko konferentziarekin, ETAren armagabetze integralarekin eta bere desegitearekin, Euskal Herriko bake prozesuak ez du atzera egiterik». Asteburuan eskatuko dute bide horretan pauso berriak emateko, eta, horregatik, dute jomuga biktima «guztientzako egia, errespetua eta ezagutza» eta euskal presoentzako «konponbide orokorra eta erabatekoa». Gaur egingo dute Gure elkarbizitza eraikitzeko topaketa Belleuve kongresu gunean, eta, bihar, berriz, giza katea egingo dute Orain presoak lelopean.

Emilie Martin antolatzaileak Euskal Irratian azaldu ditu topaketaren xehetasunak: «Ideia nagusia da elkarbizitzaren inguruan hitz egitea». Horretarako, askotariko biktimen mahai inguru bat antolatu dute, besteak beste, Komando Autonomoen eta GALen biktimekin. Gainera, Cristiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohiak ere parte hartuko du topaketetan, bideokonferentziaz. Hortaz, gaurko jardunaldia biktimen elkargune izan dadin nahi dute antolatzaileek, baita bizikidetzaren inguruko gogoetarako plaza ere: «Biktimen hitzek eta ekintzek esperantza ematen diote bakeari: minaren gainetik, orria itzultzen lagundu nahi dute».

Bestalde, bihar arratsalderako mobilizazioa ere iragarri du Bake Bideak. Euskal presoen egoeraren irtenbidea eskatzeko, giza katea antolatu dute 16:00etan, Miarritzen bertan. Hondartza eta kostako bidea hartuko du mobilizazioak: «Ongi irteteko 1.500 eta 3.000 lagunen artean beharko dira», argitu du Martinek. Haren esanetan, bihar jende asko izango da Miarritzeko hondartza aldean, eta horrek aukera emango du «jende asko ukitu ahal izateko».

150 boluntario arituko dira mobilizazioa antolatzen, eta kilometro eta erdiko ibilbidea sei gunetan bereizi dute. Horregatik, giza katea 16:30ean hasiko bada ere, dei egin dute 16:00etarako bertan izateko.

Frantziari eskakizuna

Bake Bidekoek azaldu dute Frantziako Justizia Ministerioarekin 2017ko udazkenaz gero abian den elkarrizketarako mahaiak bere fruituak eman dituela, eta, besteak beste, presoak hurbiltzeko eta DPS neurriak kentzeko balio izan duela. Edonola ere, biharko mobilizazioa baliatu nahi dute presoen auzian pauso berriak emateko eskatzeko. Salbuespenezko neurriak ken ditzatela eskatuko dute: DPS kentzea, preso gehiagoren hurbilketa —atzo gerturatu zuten Aitzol Iriondo presoa Lannemezanera (Okzitania)—, eta baldintzapeko askatasuna onartzea, bai larri eri diren presoen kasuan eta baita Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Jon eta Unai Paroten kasuan ere. Konponbide «orokor eta erabaterako» zimenduak jarri nahi dituzte, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.