Egoitz Urrutikoetxearen auzibidea instrukziora igortzea deliberatu dute

Parisko Dei Auzitegiak aintzat hartu du fiskaltzaren eskaria. Prozeduran akatsak izan zirela argudiatuta eskatu zuen auzia instrukziora itzultzeko

Egoitz Urrutikoetxea, Parisen, 2020ko uztailean. FERNANDO PÉREZ / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Parisko Dei Auzitegiak Egoitz Urrutikoetxearen auzibidea instrukziora bidali du berriro. Hala jakinarazi zuen atzo arratsaldeko lehen orduan.Otsailaren 17an epaitzekoa zuten, 2005. urtean ETAko kidea izatea eta, beraz, gaizkile elkarteko kide izatea leporatuta. Baina, prozeduran akatsak izan direla argudiatuta, afera berriz instrukziora bidaltzeko eskatu zuen azken momentuan terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak. Esperotako erabakia hartu du Parisko auzitegiak eta gutxienez urtebete luzatuko da Urrutikoetxearen kontrako prozedura judiziala.

Ibilbide gorabeheratsua izaten ari dira Egoitz eta Josu Urrutikoetxea aita-semeak Parisko auzitegietan. Prozedura akatsak direla medio, instrukziora itzuli dituzte behin baino gehiagotan aferak, eta auzitegietara joan-etorrika aritu dira azken urteetan. Garaiak ere badu garrantzia: leporatzen dizkieten ekinbideak Genevako eta Osloko elkarrizketa saiakerekin lotuak baitira.

Egoitz Urrutikoetxearen kasuan, hiru auzibide irekiak zituzten haren kontra, 2003 eta 2005 bitartean ETAko kide izatea leporatuta. Prozedura akatsengatik, hirurak instrukzio fasera itzultzea lortu zuten defentsako abokatuek, eta, garai eta akusazio berberak izaki, hiru auzibideak batzeko eskatu zuten. Bi batu zituzten, eta udazkenean egin zuten epaiketa Parisko Zigor Auzitegian. Hirugarrena Parisko Dei Auzitegiaren esku gelditu zen; hori da otsailean epaitu behar zutena eta instrukziora bidali dutena berriro.

Auzitegien ordena

Konplexua eta nahasgarria da afera, zuzenbide arloko prozeduraren xehetasunak baitira jokoan. Leporatzen dioten aferagatik bi aldiz epaitu dute Egoitz Urrutikoetxea: 2009an, bi urteko kartzela zigorra eman zioten kausa horregatik Parisko Zigor Auzitegian. Baina fiskaltzak dei egin zuen, eta, 2010ean, sei urteko zigorra eman zioten Dei Auzitegian.

2015eko urrian atxilotu zuten Egoitz Urrutikoetxea, Parisen. Orduan, bere kontrako epaiketak berriz egiteko eskatu zuen: 2009ko lehen auzia eta 2010eko dei auzia. Hor dago prozedura hutsegitearen funtsa: zein auzitegiri zegokion kasua berriz aztertzea? Garai hartan, Dei Auzitegiak erabaki zuen lehen instantziaren beha egotea.

Eta horretan dago akatsa prokuradorearen iritziz. «Dei Auzitegiari zegokion epaiketa berriz egiteko eskaera aztertzea, eta Zigor Auzitegiak bere burua 'ezgaitzat' hartu behar zuen», azaldu zien kazetariei otsaileko auzi saioaren bukaeran. Azkenean, arrazoia eman dio Dei Auzitegiko epaimahaiak, eta, beraz, hutsetik abiatuko dute berriz Egoitz Urrutikoetxearen kontrako auzibidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.