HILBERRIA. Juan Lasa

Beasaindik Herrizaingo Sailera

M. ALBISU / GOIERRIKO HITZA.
Jon. Urain
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Juan Lasa Jauregi EAJko kide, Beasaingo (Gipuzkoa) alkate ohi eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohia igandean hil zen, 79 urte zituela. Lasa izan zen frankismo osteko lehen alkatea Beasainen, 1979tik 1983ra bitartean; EAJren siglen pean aurkeztu zen 1979ko udal hauteskundeetara, eta jeltzaleen zerrendak hamar zinegotzi lortu zituen. Nagusitasunez heldu zen alkatetzara, Herri Batasunak hiru zinegotzi lortu baitzituen; bina eskuratu zituzten Euskadiko Ezkerrak eta PSEk.

«Bakoitzak geneuzkan lanak utzi gabe aritu ginen. Borondate handia zegoen, baina luzaro ezin eutsi zitekeena. Gogoa eta ilusioa ikaragarriak ziren. Baina ikusten zen neurri batetik gorako herrietan liberatu beharra zegoela», azaldu zion Goiberri aldizkariari 2011n eginiko elkarrizketa batean. Izan ere, Ampo kooperatibako kudeatzailea zen Lasa udal politikara jauzi egin zuenean.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu karguan jardun zuen gero, 1988tik 1991ra, Jose Antonio Ardanza Jaurlaritzako lehendakari zela. Lasak Luis Maria Retolaza ordezkatu zuen zeregin horretan; Retolazak 1980tik zeraman karguan, baina Carlos Garaikoetxea lehendakariari eginiko entzuketen auzian akusatu zuten, eta kargua utzi zuen. Lasak hartu zuen haren lekukoa, eta Juan Mari Atutxak Lasarena, 1991n.

Sailburu kargua utzita, Lasak urteak egin zituen politikagintzaren lehen lerrotik aparte, baina aurtengo maiatzeko udal hauteskundeetan berriro aurkeztu zen EAJren zerrendetan, ordezko gisa. Atzo arratsaldean egin zioten hileta, Beasaingo Andre Maria Zeruratuaren elizan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.