ELAk salatu du lanpostuak kenduko dituela Artiumek

Jendearentzako arreta zerbitzuko langileek elkarretaratzea egingo dute gaur, murrizketa salatzeko. Museoak gezurtatu egin du asmo hori izatea

aitor biain
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun

Hamasei langile ari dira egun Gasteizko Artium museoan bisitarientzako arreta zerbitzua eskaintzen. Azpikontratatuta ari dira beharrean, ordea. ELAk azaldu duenez, zuzendaritzak kontratua berritu nahi du orain, baina salatu du adjudikazio berriaren aurrekontua %20 txikiagoa izango dela 2018koaren aldean. Sindikatuaren arabera, horrek hainbat lanpostu desagerraraziko ditu, eta lan baldintzak «nabarmen» okertu. Bada, testuinguru horrek lan gatazka abiatu du arte garaikidearen euskal zentro museoan, langileek protestak iragarri baitituzte datozen egunetarako. Gaur bertan, egoera salatzeko elkarretaratzea egingo dute museoaren atarian, 10:30ean.

 

Sindikatuaren arabera, aurrekontuaren murrizketa museoak kontratatu dituen zerbitzu orduetan antzeman daiteke. Izan ere, aurten 10.218 orduko zerbitzua hitzartu nahi du museoak enpresarekin, hots, 2018ko adjudikazio prozesuan adostu baino 2.678 ordu gutxiago. Horrez gainera, zerbitzu orduaren prezioa jaitsi egin da lanpostu kategoria guztietan, ELAren arabera, eta kategoria batzuk ere kendu egin ditu.

Hori horrela, ELAk museoko zuzendaritzari eskatu dio bertan behera utz dezala adjudikazio prozesu berria, «kalte larriak» eragin ditzakeelako langileengan eta enpresetan. Sindikatuak enpresei ohartarazi die, bestalde, baldintza horiek onartuz gero, zerbitzuaren egungo kostuak estaltzen ez dituen akordioaren ondorioak beren gain hartu beharko dituztela.

Egoera argitu artean, langileek mobilizazioei ekitea erabaki dute, eta datozen egunetan adostuko dute greba hasi edo ez.

Museoak gezurtatu egin du

Artium museoak ukatu egin du, ordea, bisitarientzako arreta zerbitzua adjudikatzeko lehiaketa berriak lanpostuak kentzea ekarriko duela, edota lan baldintzak okertuko dituela. Era berean, zuzendaritzak gezurtatu egin du aurrekontua txikitu duela; aitzitik, jakinarazi du zerbitzu orduaren prezioa orain bi urteko adjudikazioan onartu baino %5 handiagoa dela. Eta ziurtatu du sektorearen lan hitzarmen kolektiboa kontuan hartzen duela.

Museoak ohar bidez azaldu du alde guztiekin bilera bat egin zuela egoera aztertzeko, eta haren ondoren, berriz elkartzeko eskaintza egin ziela guztiei. Harrezkero, baina, erantzunik ez duela jaso dio zuzendaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.