Albistea entzun

Literatura. 'Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak'

Sirena kantuak Kretan

Egilea: Nikos Kazantzakis. Itzulpena: Luis Berrizbeitia. Argitaletxea: Elkar.

Aiora Sampedro -

2017ko urriak 22

Luis Berrizbeitiaren eskutik itzuli du Elkarrek Nikos Kazantzakis idazle kretarraren (1885-1957) nobelarik ezagunenetarikoa, Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak izenburupean. Kazantzakis Greziako literatura modernoak eman duen idazle eta filosofo handienetarikoa da; adibidez, 1956an boto bakar batengatik geratu zen Juan Ramon Jimenezi eman zitzaion Literaturako Nobel saria jaso gabe. Nobela horretan, elkartuta jasoko ditu irakurleak greziarraren narrazio-gaitasunik behinena eta ezinegon existentzial nagusiak.

1930eko hamarkada, Grezia. Narratzaileak, lehen pertsonan, bidaia batean ezagututako gizon miresgarri baten requiem modura aurkeztuko digun eskuizkribuan, berarekin bizi izandako irakaspenen eta gertakarien berri emango digu. Nobelan, oinarrian, narratzaileak Kreta irlara lignitozko mina bat erreskatatzeko asmoz egiten duen joanaldi baten berri ematen digu. Bidearen hasieran, beste gizon bat ezagutuko du, Zorba, eta, haren nortasun erakargarriak sorginduta, bidean laguntzeko eskatuko dio. Horrela, Kretan mina ireki eta elkarrekin lanean hasiko dira, nahiz eta azkenean, proiektua bertan behera geratu eta bi lagunak banandu egingo diren.

Esan daiteke obra figura arketipikoak baliatuz dagoela idatzita eta, betiere, literatura klasikoaren tradizioa oroitarazten duela: Zorbaren karismak bidearen hasieran harrapatuko du narratzailea, irakurtzen ari den Jainkotiar komedia-ko gidariaren moduan; bestalde, bi gizon kontrajarriren arteko elkarrizketa filosofikoek edo Odiseoren jiteko protagonistak tradizio helenikoa oroitarazten digute. Horiek guztiak daude Zorban.

Funtsean, bizitzaren zentzuaren bila ari den eta bizitza bera zentzutzat duen pertsonaien arteko joan-etorriak daude oinarrian. Izan ere, Zorbaren bidez izaki bizidun guztiekiko maitasuna, unean unekoari ekiteko zehaztapena eta bizi-poza helarazten dizkigu Kazantzakisek, eta horiek, ostera, narratzailearen jarrera zurrun, tentuzko eta artegagarriarekin talka egingo dute.

Idazlearen teknika berezko paisaia greziarra gogora ekartzeko duen maisutasunak eta elkarrizketa filosofiko sakonetan lirikotasuna tartekatzeko abileziak markatzen dute. Bestalde, narratzailearen izaeran, ia Zorbarekin mimetizatzeraino pitinka-pitinka gertatuko den aldaketaren berri eman bitartean, erritmoa mantentzeko eta suspenseari eutsiko dioten bigarren planoko istorioak txertatzeko gaitasunak harrapatu naute.

Zer esanik ez, Zorbaren bizitasunak liluratzen du narratzailearen zuhurtziak gidatutako irakurlea, limurtzaile onenen mailan. Hala ere, egia da Zorba pertsonaiaren bidez bizitzaren ikuskera egiazkoa eta originala iritsarazten zaizkigula, baina zenbaitetan handinahiegia eta are misoginoa ere gerta dakiguke Kazantzakis. Ez da inor epel uztekoa greziarraren idatz-tankera; horretan ere maisua da.

Laburpena bi hitzetan. Aipatutako idatz-tankera probokatzaile horren eta tesi nagusiaren arteko adibiderik garbiena liburuan bertan aurkitutako honako esakune honen bidez eman liteke: «Hasieran ekintza izan zen, eta azkenean ere bai».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ez dakit hizkuntzak ez ote nauen ni menderatzen nik bera baino gehiago»

Itziar Ugarte Irizar

Mundu baten bukaera bizitzearen kontzientziaz eta pertsonala eta kolektiboa «harmonizatzeko» nekeaz aritu da 'Landura' lan berrian. Hamargarren poema liburua du, eta, bide horretan, komunitate bati idaztearen sentipena izan du lagun.

Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arbola sendoa musikaren ekosisteman

Naroa Torralba Rodriguez

'Musikaste 1973-2022. Euskal musikaren 50 urte' liburua eman du Eresbilek. Jaialdiak mende erdia bete duela-eta argitaratu dute

Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.