ANALISIA

Gorotza Miarritzeko basamortuan

Martxelo Otamendi Egiguren -

2019ko abuztuak 24
Basamortua bihurtu du Frantziako Gobernuak turistez gainezko egon ohi den Miarritzeko erdigunea. Gozo daude miarriztarrak, edaritegietako eta dendetako arduradunak eta langileak eta, ez joateko eman dizkieten aholkuak gorabehera, egoskortu diren turista apurrak. Segurtasun arduradunek ezarri dituzten zirkulu kontzentrikoetan barneratzen zaren neurrian igotzen dira kaltetuen deskalifikazioak antolatzaileekiko.

Miarritzeko hondartza nagusian erabat itxita dago, hala nola hondartza eta lehen lerroko etxeak bitarteko lorategi zabalak. Bizpahiru kafetegik daukate hondartzatik gertu egoteko pribilegioa. Kafetegi horretako arduradunetako baten arabera, gailurra etorri arteko asteotan, denera hirurehun bazkari eta afari eman dituzte. Ostegunean, hogei eman zituzten, eta atzo ez zuen espero gehiago ematea.

Hondartzara begira geundela, zaldi gaineko poliziak ikusi genituen hondartzan batetik bestera paseatzen. «Ikusi al duzu hori baino gauza alferrikakoagorik?», galdetu zidan ostalariak zaldunak seinalatuz, segurtasuna aho betean erabiltzen duten polizia arduradunek zaldunak kaleratzeko erabakia erridikulizatuz bezala. «Nork espero dute harrapatzea zaldien bidez?», esanez bukatu du kexua.

Handik hamar minutura, zaldunak bere kafetegiaren parean pasatzerakoan, zer okurrituko zitzaien zaldiei, eta kexuka ziharduen ostalariaren kafetegiaren parean kaka egitea, oroimenezko gorotz opil batzuk uztea. Zaldiek, ezer gertatu ez balitz bezala, aurrera segitu zuten, ohikoa duten elegantziarekin, zaldi gaineko poliziek begirada itsasoaren urrutiko ertzean galtzen zuten bitartean. Besterik ez zuen behar atzo gure ostalariak. Bezeroak galdu, eta etortzeko prest dauden apurrak uxatzea zaldi gorotzen usain sarkorragatik. Sua zerion ahotik, eskatu gabeko opari horiek nork eta noiz kenduko zizkion jakin nahian. Telefonoa eskuetan batera eta bestera deitzen utzi genuen.

Ostalariaren moduko kexuak egin zituzten atzo dendak eta kafetegiak zabaltzera animatu ziren apurrek. Kalteak, edaritegiei, dendei, abokatu bulegoei, arkitekto estudioei, mediku kontsultei eta era guztietako negozioei egin dizkie gailurrak; ez bakarrik G7ko agintariak eta haien sekitoak egongo diren asteburu honetan, baita aurreko astean ere, lehen segurtasun neurriak ikusgarriak izan zirenetik.

Hutsik zegoen atzo Miarritze, ikusi arte sinetsi ezin den moduan. Begi aurrekoa lazgarria zen; zibilik ez kaleetan, eta sekulako beroa, sekulako isiltasunak, poliziaren sirenik ere ez baitago. Poliziak, armadako kideak eta kazetariok jabetu gara lau egunez milaka herritarrena den Miarritzez; igarotzen diren auto bakarrak poliziarenak dira. Gaur, G7ko agintarien etorrerarekin, handiagoak izango dira mugimenduak eta zarata.

Hermes da Miarritzen dagoen arropa dendarik garestienetako bat; kale nagusian dago, beste arropa denda garesti batzuekin batera. Atzo zabaldu egin zuen, baina, dendako arduradunaren hitzetan, ez zuen ezer saldu. Gaur zer egingo duten galdetuta, Parisko arduradunen erabakiaren zain zeudela erantzun zuen. Hermes Miarritzen arropan dena, Henriet da txokolate eta bonboietan. Henrietek ere zabaldu zuen, baina oso jende gutxi ibili zen. Iduriko luke prestigio hutsagatik zabaldu dutela egunotan. Beste horrenbeste Lafayette galerietan, turista faltan, inor ez zebilen, ezta kaleko berotik freskatzeko ere.

Polizien zaldiek hondartza handian zabaldu zuten lorratz beretik zihoan armadako kide bakar bat metalak detektatzeko tresna batetik. Ostalariak ikusi balu, esango zuen zer edo zer.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna