Castillo Suarez.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. ZIRRI-ZARRA

Autokritika

2016ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ez naiz ni autokritikaren kontrakoa. Kritikoa naiz oso neure buruarekin eta neure ingurukoekin. Hala ere, iruditzen zait alde batera utzi behar dela hauteskunde kanpainetan. (Auto)kritika kanpainak prestatzeko egin egin behar da, baina gero ez da komeni aipatzea. Finean, hauteskunde kanpainak botoak eskuratzeko dira, eta ez galtzeko. Gainera memoria laburra dugu hautesleok. Horregatik bitxia egin zait Laura Mintegi berreskuratu izana EH Bilduk hauteskunde kanpainarako eta, gainera, autokritika egitea. Ez dakit onuragarria izango den EH Bildukoendako kargua utzi (behar izan) zuen hautetsi bat berreskuratzea, eta, areago, pasa den legegintzaldian izandako hutsuneak gogora ekartzea. Ezetz esango nuke. Mintegik zerrendatu egin ditu EH Bilduk erakutsitako gabeziak: barne demokrazia, parte hartzea, pedagogia, komunikazioa e. a. Sobera, nire ustez, kritika laidoa bilakatu daitekeelako ongi erraz. Badakit tranpa egiten ari naizela eta aipatu gabe utzi dudala Mintegik adierazi nahi zuena, gainditzen ari direla arazo horiek alegia. Irakurketa positiboa. Hala ere, berriz diot, horrelakoetan alde negatiboarekin geratzeko arriskua dugu —nik, bederen horretarako joera daukat—, eta EH Bilduk, zerbait irabazteko baldin badu, gauzak desberdin egin ditzakeelako izanen da. Era desberdin batez adierazteko moduarengatik. Eta hori da nik oraindik sumatu ez dudana. Eta horretarako, inor gutxiesteko asmorik gabe, jende berria behar da. Eta interferentzia gutxiago, baina hori beste zutabe baterako utziko dugu…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.