Castillo Suarez.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. ZIRRI-ZARRA

Trajeak

2016ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Barkosen kanpaina Nafarroako lehendakaritza eskuratzeko oso ona izan zen. Bikaina. Presidentegaia traje ilun batekin ageri zen, atorra zuri batekin, mahai batean bermatuta, jada karguan egongo balitz bezala. Hondoa zuria zen eta bera bakarrik ageri zen. Lema ere oso ona zen: Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Eta ez zen hutsala: presidentea zen eta ez lehendakaria, abertzale zein ez-abertzaleen lehendakari abertzalea izan nahi zuela adierazi baitzuen kanpaina hartan. Esan eta lortu. Inork ez zekien nor zen bigarrena edo hirugarrena zerrenda horretan. Bigarren mailakoak izan ziren gainerako hautagaiak. Kontua zen Barkos lehendakaritzara iristea. Eta iritsi zen. Eta ez du, nik dakidala, traje urdin hura berriz jarri. Itxura informalagoa erakutsi du beti.

Antzeko kanpaina egiten ari da IƱigo Urkullu. Mitinetarako oihaletan Urkullu lehendakari lema ageri da. Urkullu jarduneko lehendakaria da, ordea. Ez dugu lehendakari gisa irudikatu beharrik. Hamaika aldiz ikusi dugu trajea jarrita. Serio eta batzuetan zurrun(egi). Horregatik hautatu dute trajerik gabeko argazki bat, nik uste. Hurbilagokoa izateko. Hurbilagokoa izaten saiatzeko. Gorbata, baina, ez du kendu. Informalegia litzateke. Podemosekoak ibiltzen dira gorbatarik gabe. Eta Arnaldo Otegi. Trajerik gabe ere agertzen da hauteskundeetako afixan, atorra hutsetan eta mahukak bilduta, Eraiki Euskadi lemaren pean. Lanean hasi behar dugunean jasotzen ditugu mahukak. Zerbait eraiki behar dugunean.

Formak ez dira inoiz hutsalak. Eta Urkulluren atorra zuri, on eta ongi lisatuak ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.