Helduen alfabetatze eta euskalduntzea. Testigantzak

Baliabide gehiago, motibazio ezberdina

Lurdes Gauna eta Bea Salaberri 1970eko eta 1990eko urteetan hasi ziren euskara klaseak ematen, Gueñesen eta Baionan. Jarduna profesionalizatzen ikusi dute, materiala hobetzen, baina aldi berean baita irakasleen militantzia apaltzen ere.

Bea Salaberri Baionako AEKn hasi zen irakasle, 1990eko hamarkadaren bukaeran. Han segitzen du. BOB EDME.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gure arazoa zen irakasleak topatzea». 1970eko hamarkadaren akabera, Enkarterria, Bizkaia. «Gure eskualdea guztiz erdalduna zen garai hartan: duela ehun urte baino gehiago galduta zegoen euskara, eta frankismo garaian ez zegoen abertzale kutsu hori». Lurdes Gauna Adurizek (Gueñes, 1957) 22 urte eskas zituen garai hartan, eta hark ere ez zekien euskaraz. Baina, denbora gutira, gau eskolako irakasle bilakatu zen. «Enkarterrin euskaraz zekitenak eskualde euskaldunetatik etorritakoak ziren, gure eskualdera ezkonduta, eta horiekin hitz egin genuen: ea posible zen haiek guri irakastea». Halaxe egin zuten. Baina irakasleak lortuta, lekurik ere ez: «Lokalak behar genituen, eta Elizari eskatu genizkion», azaldu du, irriz. «Elizak baietz esan zigun, eta hor hasi ginen, talde txiki bat, euskalduntzen».

Batera egin zituen biak: ikasi eta irakatsi. «Hasieran herrian bertan ikasten hasi nintzen, eta geroago Bilbora jo nuen, trinkoak egitera. Baina herrian gero eta jende gehiago zegoen euskara ikasi nahian, eta, hori dela eta, goizean garai hartako D titulua prestatzen nuen, eta arratsaldean goizean ikasitakoa herrikideei irakatsi behar nien. Hasi nintzen lanean premia handia zegoelako». Memento hartan «boom» bat zegoela dio, jende askok ikasi nahi zuelako: «Zer edo zer genekienok hartu genuen ardura hori. 1979an edo 1980an izan zen».

Bea Salaberri (Donamartiri, Nafarroa Beherea, 1979) du Gaunak pantailaren bertze aldean, bideo dei bidez gertatu baita enkontrua. Hogei urte gazteagoa da Salaberri, eta Gauna euskara klaseak ematen hasi zenean sortua; hogei urte geroago hasi zen baxenabartarra irakasle, artean unibertsitateko ikaslea zela: «Ikasterat etorri nintzen Baionara, eta hasi nintzen euskara irakasten gaueko lan txiki moduan, baina batez ere integratzeko euskal mugimenduan». 1997 eta 2000 bitartean kokatzen du hastapena: «Lizarra-Garaziko akordioak bukatzen ari baldin baziren ere, hor bazen zerbait, euskal mugimendua biziki baikor zen, alderdiek bazituzten proiektu ezberdin anitz, dinamikak baziren elkarteetan... Bazen zerbait giroan, esperantza handi bat, eta dena posible zela». Euskararen irakaskuntzan ekarpena egin zezakeela ikusi zuen Salaberrik: «Nik euskara jaso nuen etxean, gero berantago eskolan-eta, eta sentsazioa nuen zerbait itzuli behar niola gizarteari: eman behar niela besteei bide bat ezagutzeko nik ezagutzen nuen hori guzia».

Irakaskuntza aldatzen

Gaur egun irakasle segitzen dute biek: Gaunak, Deustuko Matxintxu euskaltegian, eta Salaberrik, Baionakoan. Eta biek ikusi dute euskararen irakaskuntza aldatzen. Gaunak dio kanbiamendu «izugarriak» gertatu direla, «arlo guztietan»: «Zuk imajina ezazu, 1980. urtean diru laguntzarik ez, ez geneukan lokalik, ez geneukan ezer. Bakarrik ikasleei kobratzen geniena matrikula moduan, eta oso gutxi zen. Erabiltzen genuen metodoa, gainera, kriminala zen: buruz ikasitakoa, Jalgi Hadi ospetsu hori! Fotokopia oso gutxi egiten genituen, dirurik ez geneukalako; hortaz, gehienetan, idatzi, idatzi, idatzi...». Mintzapraktika egiteko ere arazoak zituzten: «Gure ingurua guztiz erdalduna zen, eta imajina ezazu: eskola nik ematen nuen iluntzeko zortzietatik gaueko hamarretara, eta hamarretan ateratzen ginen tabernara euskaraz aritzera. Los raros del pueblo [herriko arraroak] ginen, euskaraz egiten genuelako».

Salaberrik ere ikusi du baliabideen bilakaera hori, tartea hainbertze urtekoa ez izan arren: «Orain gure kezka ez da gehiago aurkitzea klase bat edo material bat klasera eramateko; gure kezka da hautatzea eskura ditugun gauza guzien artean zein eginen dugun». Teknologia berriek ere anitz zabaldu dute baliabideen aukera, bi irakasleen ustez.

Horren ifrentzuan, ordea, jarrera militantearen beherakada ikusi dute biek, bai ikasleen artean, bai irakasleen artean. Enkarterrin, erraterako, titulua lortzeko asmoz ari dira ikasle gehienak, Gaunaren hitzetan. Salaberrik ere berretsi du jada ez daudela «militantzia hutsean» ikasten dutenak, baina Ipar Euskal Herrian oraindik ikusten ditu norbanako gisa euskara ikastearen hautua egiten dutenak: «Baditugu oraino ikasle batzuk etortzen direnak besteekin harremanak egiteko, kulturaren gustua dutelako...». Aldi berean, ordea, lehen «sekula» pentsatuko ez luketen ikasleak ere badituzte: «Garatu da azken hogei urteetan ikasle tipologia bat hizkuntza instrumentu moduan daukana: motibazio bat duena lan bat ukaiteko».

Irakasleengan ere sumatu dute aldaketa. Salaberri: «Lehen, ikasle eta irakasleak joaten ginen etengabe manifestazioetara, taloak egitera, garagarnoak ateratzera, kontzertuak antolatzen genituen, pasatzen genuen ordaindua zitzaigun baino denbora anitzez gehiago gau eskolan... Profesionalizazio hori gertatu denean, bilakatu denean lanbide bat, denbora osoz, ekarri dituen onura guzien ondoan, ekarri du ere aldaketa hori». Irakasleek, adibidez, «ospe» hobea dute orain, bien hitzetan. Gaunak nabarmendu du, ordea, kosta egiten zaiela irakasle berriak lotzea: «Gazteak hezkuntza arautura joaten dira». Kezka dute biek, halaber, gaurko AEK-k antolaturiko ekitaldiekin: jendea joanen ote den. Ez dute esperantzarik galdu, dena den. Gauna: «AEK-k sortu zenetik lan izugarria egin du euskararen alde, eta, zoritxarrez, egin beharko dugu epe ertainean ere. AEK beti hor egongo da euskararen alde lan egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.