Bidea emanen diete kontuei, hirugarrenez

Aurrekontu hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk. Konpromisoak lotu dituzte osasungintzan, 0-3 zikloan eta euskaran

Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz, EH Bilduko ordezkariak, atzo, akordioa aurkezteko agerraldian. BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak aurrekontuak izanen ditu 2022. urtean ere. Maria Txibiteren gobernuak aurrekontu proiektua aurrera atera ahalko du hirugarrenez, EH Bildurekin sinatutako itunari esker. Horren arabera, koalizio abertzaleak konpromisoa hartu du aurrekontu legearen onarpena erraztera [abstentzioaren bidez eginen dute], eta edozein taldek aurkez ditzakeen helegiteen kontra bozkatzera, aurretik adostuak ez badira. Trukean, hainbat zuzenketa jasoko ditu aurrekontuen testuak, «gizarte lehentasunak aintzat hartuta». Guztira, 10 milioi euro gehiago inbertituko ditu gobernuak, akordio honen bitartez.

ZERGAK ETA FINANTZAKETA

Iragan urriaren 27an, legearen aurreproiektua adostu zuten gobernuak eta EH Bilduk, baina azaldu zuten hura ez zela «erabateko akordioa», eta «iritzi oso ezberdinak» zituztela zerga neurrien inguruan. Atzo iritsi zen behin betiko ituna, eta testuan jasota dago zergen alorrean «desadostasun nabarmenak» dituztela bi aldeek oraindik ere, baina zenbait konpromiso hartu dituzte, ertz horiek leuntze aldera: besteak beste, Audenasa enpresaren eta energia berriztagarriei lotutako inbertsioen zerga hobarien gaineko txostena eginen dute, pentsiodunen gutxieneko diru sarrerak bermatuko dituzte eta Nafarroako Finantza Institutua sustatuko dute. Bestalde, udalen finantzaketa eredu berria blindatuko du aurrekontu itunak, udal mapa erreformatzeko legea garatuko dute, eta kalte ordainak pagatuko dizkiete Itoizko urtegiak kalte eginiko udalerriei.

HEZKUNTZA

EH Bilduk eta gobernuak 1,5 milioi euroren zuzenketak txertatu dituzte aurrekontu proiektuan, 0-3 zikloa indartzeko, Pirinioetan Batxilergoko institutu bat eraikitzeko eta desgaitasuna duten haurrei arreta goiztiarra emateko. Berritasun nabarmenetako bat izanen da «18.000 eurotik beherako errentak dituzten familiei 0-3 zikloaren doakotasuna bermatzea». Bestalde, erakunde berri bat sortuko dute tokiko erakundeekin batera, haur eskoletako «hezkuntza ikuspegi eta kudeaketa komun» batera jotzeko, eta konpromisoa hartu dute «ratioak jaitsi eta lan baldintzak nabarmen hobetzeko».

OSASUNGINTZA

Ia hiru milioi euroren zuzenketak adostu dituzte EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak Osasungintzan; besteak beste, Tuterako Sofia Erregina ospitaleko ZIUa handitzeko, Lizarrako Ospitalea zaharberritzeko eta langile gehiago kontratatzeko. Gainera, «Psikologiako 15 edo 16 profesional» kontratatuko dituzte Lehen Arretan, «osasun psikologiko publikoa eta kalitatezkoa» bermatzen haste aldera. Horrez gain, «osasun garraiorako enpresa publiko bat» sortzeko konpromisoa hartu du gobernuak, eta baita «Medikuntza eta Pediatriako zerbitzu publikoak bizkortzeko eta sinplifikatzekoa» ere.

EUSKARA

Aurreko zirriborroan ezarria zegoena baino ia milioi bat euro gehiago erabiliko ditu Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko proiektuak finantzatzeko; adibidez, Sarean Euskaraz programa, udal eremuan euskara garatzeko laguntza programa eta hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko diru laguntzak. Horrez gain, «helduek euskara doan ikasi ahal izateko bidean urrats eraginkorrak egiteko» konpromisoa hartu du gobernuak, horretarako diru funtsak handituta.

Azkenik, ETB3 telebista katea Nafarroa osoan ikusteko aldarrikapena ere jaso dute EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak hitzarmenean. Zehazki, Txibiteren gobernuak «beharrezko ekinbideak bizkortuko ditu eta, ahalik eta lasterrena, ETB3 eremu guztietan ikusi ahal izateko irtenbide tekniko egokiena bilatuko du».

GIZARTE POLITIKAK

Aurrekontu itunean azpimarra jarri dute gizarte politikak eta zerbitzu publikoak indartzeko beharrean. Hitzaurrean berean, xede nagusien artean aipatzen dira «osasun, hezkuntza, gizarte-eskubide eta enplegu politiketako baliabideak handitzea» eta «zaintzaren eta gizarte babesaren aldeko apustu irmoa». Hala, 1,6 milioi euro gehiago emanen dituzte zahar etxe eta eguneko zentroak berritzeko edo eraikitzeko, eta 300.000 euro, LGTBI+ eta Berdintasun arloko proiektuak garatzeko. Hitzarmena berrituko dute SOS Arrazakeriarekin ere. Bestalde, oinarriak jarriko dituzte etxebizitza «eskubide subjektibo» gisara aitortuko duen legea garatzeko, eta «pizgarrien eta zigorren bidez, alokairu prezioei eusteko neurri fiskalei buruzko lege proiektu bat» adosteko ere.

Hitzarmenean azaltzen denez, abenduaren 23ko osoko bilkuran onartuko dute aurrekontu legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.