Koronabirusa

Ziurtagiria zabaltzearen aurka agertu da fiskaltza

EAEko Auzitegi Nagusiak gaur aztertuko du Jaurlaritzaren eskaera. Astebetean gaitza zuten 162 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian

COVID ziurtagiriari buruzko erabakia hartuko du gaur EAEko Auzitegi Nagusiak. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
EAEko Fiskaltzak ontzat jo du COVID ziurtagiriaren erabilera beste bi astez luzatzeko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera; ez, aldiz, eremu gehiagotara zabaltzeko galdea. Joan den ostiralean Jaurlaritzak baimena eskatu zion EAEko Auzitegi Nagusiari ziurtagiriaren derrigortasuna otsailaren 13ra arte luzatzeko, eta orain arteko establezimenduetan ez ezik, hoteletara, turismo ostatuetara eta joko aretoetara ere zabaltzeko. Gaur aztertuko du eskaera auzitegiak, baina atzo fiskaltzak argitu egin zuen zein den bere irizpidea: uste du Jaurlaritzak ez duela eman ziurtagiria beste eremu batzuetara zabaltzeko beharra justifikatzen duen «datu zehatzik», eta, beraz, ez du eskaera hori ontzat jo. Orain arte erabili den moduan erabiltzen jarraitzearen alde agertu da, hala ere. Besteak beste, tabernetan, gimnasioetan, ospitaleetan eta zahar etxeetan ziurtagiria eskatzen jarraitzea babestu du.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, ziurtagiria tresna egokia da txertaketa bultzatzeko, eta espero du gaur epaileek ontzat jotzea egindako eskaera. Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren hitzetan, ziurtagiriak balio izan du jende gehiago txertatzeko. Datu bat eman zuen atzo: 20-29 eta 30-39 adin tarteetan hiru puntu egin du gora txertaketak neurria ezarri zenetik.

Erietxeak, arintze bidean

Birusaren transmisioari dagokionez, berriz, herenegun 3.541 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian, 8.678 test diagnostiko eginda: Osakidetzak 2.757 positibo detektatu zituen, eta Osasunbideak 784. Sagarduiren arabera, datuek erakusten dute kutsatu kopuruaren beheranzko joera «moteldu» egin dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gainera, ohartarazi zuen gaitza duen pertsona batek zenbat kutsatu ditzakeen adierazten duen birsorkuntza tasa hazten ari dela: 0,98koa da orain.

Ospitaleetako egoera, berriz, arintze bidean da. Hegoaldeko ospitaleetan 948 eri daude gaitzarekin, horietatik 121 ZIUetan. Hala, azken bi asteotan %20 egin du behera erietxeetako pazienteen kopuruak, eta %33 ZIUetakoak. Bestalde, gaitza zuten 162 pertsona hil dira astebetean Hegoaldean. Urtarrilaren 17tik 23ra bitarteko astean ere heriotzek datu iluna utzi zuten: 165 hildako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.