Tokio 2020. FUTBOLA

BRASILEK LORTU DU URREA

Amerikako selekzioak 2-1 irabazi dio Espainiari finala, luzapenean, eta zilarrezko domina eskuratu dute Oiartzabalek, Merinok, Zubimendik, Simonek eta Moncayolak.

Martin Zubimendi, atzo, finala jokatzen. JEON HEON-KYUN / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Gertu izan zuten urrea Mikel Oiartzabalek, Mikel Merinok, Martin Zubimendik, Unai Simonek eta Jon Moncayolak, baina zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuten. Ez da gutxi. Espainiako futbol selekzioak galdu egin zuen Brasilen aurkako finala, luzapenean, eta, euskal futbolariek ezin izan zuten urrea kolkoratu.

Banako berdinketarekin amaitu zen neurketa, eta luzapenean sartu zuen gol erabakigarria Brasilek, 107. minutuan. 2-1 amaitu zen. Oiartzabal, beste behin, jokalari nabarmendua izan zen. Eibartarrak sartu zuen lehia berdintzeko gola, eta partida luzapenera eramatea behartu. Espainiako selekzioko jokalari onenetakoa izan da euskal herritarra. Ezin alboratu Simonen, Zubimendiren eta Merinoren parte hartzea ere. Inportanteak izan dira, eta haiengan konfiantza osoa izan du Luis de la Fuente hautatzaileak. Moncayolak gutxiago jokatu du.

Brasil zen egungo txapeldun olinpikoa, eta, atzoko finala irabazita, bigarren urrea jarraian eskuratu du. Ez zuen, ordea, lan erraza izan. Partida parekatua izan zen. Momentu batzuetan, Brasil izan zen jokoaren jabe, eta beste batzuetan, Espainia. Oreka nagusitu zen lehia amaierako emaitzan ere: banako berdinketa. Hala ere, oro har, Brasilek eman zituen nagusitasun zantzuak.

34. minutuan heldu zen partida aldatu zezakeen jokaldia. Simon baloia ukabilekin urruntzen saiatu zen, baina ez zuen asmatu, eta aurrean eraman zuen Brasilgo aurrelaria. VARaren bidez jokaldia berrikusi ondoren, penaltia adierazi zuen epaileak. Dena alde zuen Brasilek markagailuan aurretik jartzeko, baina Richarlisonek gora jaurti zuen. Hobeto zegoen zelaian Brasil, eta lehen zatiko azken unean eman zuen kolpea, 47. minutuan. Matheus Cunhak area barrutik zutoin albora egindako jaurtiketa batekin jarri zuen 1-0ekoa. Abisatzen ari ziren.

Bigarren zatia hasi eta berehala izan zuen Espainiak partida berdintzeko aukera. Oiartzabal protagonista. Eibartarrak egindako jaurtiketak aterako bidea hartu zuen, baina Soler taldekidea jo zuen, eta kanpora joan zen. Brasilek azkar erreakzionatu zuen, eta aukera garbia sortu. Richarlisonek egindako jaurtiketari erantzun bikaina eman zion Simonek, eta Brasilen bigarrena eragotzi zuen Athleticeko atezainak.

Espainiako selekzioak gola behar zuen, nahitaez, eta erasora jo zuen. Ordu erdiren faltan iritsi zen saria. Eta, nola ez, Oiartzabal izan zen golegilea. Solerren erdiraketa ezkerkada indartsu batekin errematatu zuen, eta sarera bidali zuen baloia; jaurtiketa geldiezina zen, eta berdinketa lortu zuen Espainiak. Olinpiar Joko hauetan, zilarra lortzeko bidean erabakigarria izan da eibartarra. Arauzko denboran ez zen gehiago mugitu markagailua.

Luzapenean, Brasilen gola

Brasilek estutu egin zuen apur bat luzapenaren lehen zatian. Neurketa hautsi samar zegoen, eta min egin zuen. Minutuek aurrera egin ahala, esfortzua nabaritzen hasi ziren Espainiako selekzioko jokalariak. Brasil freskoago zegoen.

Eta bigarren zatian iritsi zen haren bigarren gola, 107. minutuan. Askoz azkarrago ibili zen Malcom, aurrea hartu zion Jesus Vallejori, eta Simonen aurrean ez zuen barkatu. Erabakita utzi zuen finala. Zilarrarekin konformatu behar izan zuten euskal futbolariek; gaitz erdi.

Azkenekoz, Sydneyko Olinpiar Jokoetan lortu zuten zilarrezko domina gizonezkoen futbolean euskal herritar batzuek. 2000. urteanizan zen. Jesus Maria Lacruz, Unai Bergara eta Daniel Aranzubia euskal herritarrek jokatu zuten. Finala Kamerunen kontra galdu zuten. IƱaki Saez izan zen Espainiako selekzioaren hautatzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.