Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lehendakarigaiak

«Herri proiektua» agindu du

2016ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
«Alor bakoitzeko profesional eta aditu onenekin inguratu naiz. Herri honek proposamen sendoak behar ditu, eta esparru bakoitzean onena den jendeak egiten ditu proposamen horiek». Arnaldo Otegi (Elgoibar, Gipuzkoa, 1958) EH Bilduko EAEko lehendakarigaiak datozen hilabeteetan berekin batera ariko den lantaldea aurkeztu du Donostian, Kursaalean. Otegik eta beste hamar lagunek irailerako «herri proiektu bat» osatuko dute: Helena Francok, Iñigo Iruinek, Esther Larrañagak, David Fernandezek, Nerea Idigorasek, Unai Pascualek, Oihana Etxebarrietak, Eider Rodriguezek, Iratxe Esnaolak eta Jose Maria Usatorrek. Datozen asteetan taldea handituz joan daiteke, Otegik behin baino gehiagotan nabarmendu baitu horretarako aukera zabalik dutela: «Ez du alderdi politiko baten egitura; ideologikoki eta politikoki plurala da, eta talde irekia izango da».

Lantaldearen asmoa egungo egoera politikoa sakon aztertzea izango da, «ikuspuntu eraikitzaile eta partekatu batetik, etorkizunari begira proposamen errealak jartzeko mahai gainean». Otegik zehaztu du irailean aurkeztuko duten idatziak lau atal nagusi izango dituela ardatz: pertsonak, ingurumena, askatasun demokratikoa, eta nortasuna eta kultura. «Ez dugu oso klasikoa den zatiketarik egin nahi. Lau alor horietan oso zeharkakoak izango diren gaiak landuko ditugu». Hala, xedea alorrez alor herri proiektu bat osatzea izango du taldeak, Otegiren esanetan, gehiengoaren interesak defendatuko lituzkeenak: «Eskaintza bat proposatuko diogu herri honi, baita herri honetako eragile sozial, politiko eta sindikalei ere».

EH Bilduko lehendakarigaiaren ustez, «egoera historiko» batean bizi da Euskal Herria, eta ezinbesteko ikusten du «ekarpen handi bat» egitea, modu positiboan. «Azken hauteskundeek erakutsi dute Espainiako Estatua ez dela demokratizatuko. Aliantzak herrialde honetan aurkitu behar ditugu. Siglen gainetik, hauteskunde lehien gainetik, eta politika espektakuluaren gainetik». Ateak zabaldu dizkio ekarpenak egin nahi duen orori. «Herri honek behar du amankomunean eraikitzea proiektu bat, burujabetza izango duena xede. Gizarte aurreratu bat egituratuko duena. Eta gatazkari lotuta zintzilik gelditu diren xehetasunak adostasunez konponduko dituena».

Ez da bozetarako programa

Herria eraikitzeko eskaintza politikoa izena darama proposamenak. Hala ere, Otegik argi utzi du ez dela Eusko Legebiltzarrerako udazkeneko hauteskunde kanpainako eslogana. «Proposamena lantaldearen izenean egingo dugu, ez EH Bildurenean». Onartu du gerta daitekeela proposamen batzuek ez egitea bat EH Bilduk osatuko duen programarekin, baina positibotzat jo du kontrako ikuspuntuak agertzea. «Ez gara beldur. Guztiz aberasgarria izango litzateke eztabaida politikorako. Taldekide bakoitzari esan diot askatasun osoz lan egiteko, eta proposatzeko beharrezko ikusten duten guztia. Herriarentzat eta gure eztabaidarako ona izango litzateke».

Otegik aitortu du Espainiako Estatuak «ahaleginak» egingo dituela bere hautagaitza baliogabetzeko, baina itxaropentsu agertu da, «zailtasun juridiko handiak dituztelako». Ondoan daukan Iruin abokatuari begiratu dio orduan: «Esan dut onenekin elkartu naizela», esan du barre artean.Dena den, erabakia bat edo beste izan, «independentismoak» aurrera egingo duela uste du. «Hautagaitzaren baliogabetzeak, gainera, ez luke eragin juridikorik izango lantalde honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.