«Ez diot inori horrelakorik desio»

Bilboko neska gazte bati ere matelezurra puskatu zioten 2019ko apirilean, foamezko pilota bat botata. «Asteak» pasatu zituen minez: «Ezin nuen jan, ezin nuen hitz egin, ezin nuen lorik egin».

maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Vox alderdiak Bilbon antolaturiko ekitaldi baten aurkako protestara joan zen 2019ko apirilaren 13an A. neska gaztea—ez du izen osoa eman nahi—, eta masailezurra bitan xehaturik itzuli zen handik, ospitalera. Casilda Iturrizar parkean zen Espainiako alderdi ultraeskuindarraren mitina, eta A-k zehaztu duenez, «jende pila bat» batu zen protestara: «Kolore eta ideologia politiko guztietakoak geunden». Ez dator bat gertatu zenari buruzko bertsio batekin: «Haiek diote jende bortitza ginela, eta esaten dute harriak botatzen ari ginela, edukiontziak erretzen... Ez zen hala». Batzuk «harriak botatzen» ari zirela dio, Jesusen Bihotzaren parean, baina harago zegoela bera: «Euskalduna parean nengoen justu».

Ertzain lerro bat zeukaten aurrean, BERRIAri azaldu dionez: «Gu destatzen ari ziren, baina ez nuen uste tiro egiteko asmorik zutenik». A-k dio ez zuela beharrik ikusi mugitzeko: «Ez nintzen ezer egiten ari». Eta «bat-batean» hasi ziren tiroka: «Zaharrak zeuden, manifestazioarekin zerikusirik ez zuten txirrindulariak... Esango nuke ez zeudela hamar metrora baino gehiagora». Orduan ohartu zen ertzain batek harengana zuzenduta zeukala foamezko jaurtigailua: «Buelta ematen hasi nintzen, eta ezkerrerantz abiatu nintzenean masailezurraren atzeko partean jo ninduten». Kexu da une horretan ez zutelako artatu: «Polizia berez gu babesteko dago, baina ez zidaten galdetu ondo ote nengoen, anbulantziarik behar nuen...». Kalez jantzitako polizia bati eskatu zion anbulantziari deitzeko, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten: «Probak egin zizkidatenean esan zidaten masailezurra bi puskatan hautsita neukala».

Ebakuntza eginda, egunak igaro zituen ospitalean, baina mina «asteetan» izan zuen: «Bizpahiru aste pasatu nituen zopa janez, ezin nuelako ahoa ireki. Ezin nuen jan, ezin nuen hitz egin, ezin nuen lorik egin... Alde batera etzaten banintzen, odola pilatzen zitzaidan, eta beste aldera ikaragarrizko mina ematen zidan». Orain «ondo» dagoela dio, baina «bizi osorako» plaka batzuk ditu barnean, ez lituzkeenak «eduki behar». Salaketa jarri zuen gero, eta oraindik ez du epairik jaso; bai, ordea, berrehun euroko isun bat, mozal legea aplikatuta polizia iraintzea egotzita. Beldurrez, ez du polizia indarkeriaz iruzkinik egin nahi izan, baina irmo dio: «Ez diot inori horrelakorik desio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.