Albistea entzun

Frantziako Asanblearako bozak. Ipar Euskal Herria

Ezkerreko batasunak dudak sortu ditu

Frantziako Asanblearako bozak eginen dituzte ekainaren 12an eta 19an. Frantziako ezkerreko alderdi nagusiak elkarrekin aurkeztuko dira, NUPES izenarekin. Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietatik bitan Frantzia Intsumisoak ordezkatuko du aliantza. Itunaren zentralismoa salatu dute anitzek.

Frantzia Intsumisoko Tom Dubois NUPESen izenean aurkeztu da 5. hautesbarrutian.
Frantzia Intsumisoko Tom Dubois NUPESen izenean aurkeztu da 5. hautesbarrutian. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat -

2022ko maiatzak 12 - Baiona

Akordio historikoa lortu dute Frantziako ezkerreko alderdiek ekaineko Frantziako Asanblearako bozetarako. Frantziako lehendakaritzarako bozen biharamunean hasi zituzten negoziazioak, Parisen. Iragan asteburuan, hasiera eman zioten NUPES ezkerreko batasun berriaren ibilbideari, Aubervilliersen (Frantzia). Batetik, programa komun baten itzulian adostu ziren, eta, bestetik, alderdi bakoitzak hautagaiak zenbat hautesbarrutitan ezartzen ahalko dituen adostu zuten. Ipar Euskal Herrian, Frantzia Intsumisoaren hautagaiak izanen dira bi hautesbarrutitan; bestean, PS Alderdi Sozialistakoa. Bestalde, EH Bai koalizio ezkertiar eta abertzaleak hautagaiak izanen ditu.

Ikusi gehiago: Nikolas Blain: «Uste dugu ezkerretik eraikitzen ahal den alternatiba EH Bai dela»

Frantzia Intsumisoak abiatu zuen negoziazioa, eta alderdi bakoitzarekin eztabaida bilateralak izan ditu. Finean, EELV-Berdeak, PS eta PCF alderdi komunista batu dira. Elkarrekin aurkeztuko badira ere, alderdi bakoitzak askatasuna izanen du ondotik Asanblean.

Ororen gainetik, helburua lau alderdi horiek batera aurkeztea da, hautesbarruti bakoitzeko ezkerreko bozen biltzeko: gehiengoa lortuko balute, Asanbleako gehiengoa ezkerrekoa litzateke. Ondorioz, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariaren gobernuak kohabitazioa egin beharko luke. Frantzia Intsumisoko buru Jean-Luc Melenchonen arabera, kohabitazioa gertatuz gero, Macronek lehen ministro izendatu beharko luke. Hala, ezkerreko hautesleak hura lehen ministro izendatzera deitu ditu, boz legegileen bidez.

Ezkerreko aliantza bat sortzeko ahaleginetan aritu da, beraz. Baina batek baino gehiagok salatu du lekuko errealitatea kontuan hartu gabe egin dutela akordioa, Parisen. Hala, Ipar Euskal Herrian ere, usaiako ezkerreko paisaia politikoa aldatu du NUPES herri batasun ekologista eta sozial berriak.

Hiru hautesbarruti dira Ipar Euskal Herrian: 4.a barnealdean, —Biarnoko zati bat ere biltzen du—, 5.a eta 6.a. Oraindik sukalde lanetan ari dira hautagaiak, eta maiatzaren 20ra arte izanen dute hautagaitzak ofizialki pausatzeko. Hala, egoera ez da oraindik egonkorra, eta bozetara aurkeztuko diren hautagaien izenak ez dira erabat finkatuak. Alderdi zenbaitek, halere, aurkeztuak dituzte hautagaitzak; hala nola EH Baik. Ezkerreko beste hautagai batzuk abiatuak ziren, baina NUPES aliantzaren ondorioz, eztabaidak martxan dira oraino.

Zalantzak

Alderdietako tokiko egiturek ezkerra batzearen alde eginik ere, erabaki zentralista jomugan jarri dute; eta lekuko errealitatea bazter utzi dutela salatu dute gehienek. Izan ere, NUPESen barnean eginiko akordioaren arabera, Frantzia Intsumisoko hautagaiak izendatu behar dituzte Ipar Euskal Herriko bi hautesbarrutitan, eta PSkoa hirugarrenean. Beste alderdiek, ordea, uste dute beste alderdi batzuetako ordezkariak «egokiago» izan zitezkeela batasuna lortzeko.

Dena den, Ipar Euskal Herriko NUPESeko hautagaiak ezagutarazi dituzte jadanik: Frantzia Intsumisoko militante bat izanen da 6. hautesbarrutian: Tom Dubois; 5.ean, Sandra Pereira (Frantzia Intsumisoa), eta 4.ean, Iñaki Echaniz PSkoa—Oloroekoa da (Biarno) —. Honela mintzatu da Dubois aliantzaz: «Ezkerrarentzat, akordio historiko bat da. Batasun honek liberalak ikaratzen ditu. Ulertzen dut tokian tokiko egoera batzuek trabak sortzen ahal dituztela, baina baliabide guziak erabili behar ditugu irabazteko».

Hain zuzen, «traba» horiez mintzatu da Ana Etxeberri-Ezkurra EELVko Ipar Euskal Herriko bozeramailea. «Kasurako, 4. hautesbarrutian Julien Brunel eta haren ordezko Alice Leizeagezahar ekologistek kanpaina abiatua zuten. Barruti horretan pisua duten hautetsiak dira, hainbat elkartetan inplikatuak direnak. Zentzuzkoagoa iruditzen zitzaigun hautagai horien inguruan osatzea batasuna; baina Parisen erabaki da akordioa, tokiko errealitatea kontuan hartu gabe; domaia da». Oraingoz, Brunelek ez du erretiratu hautagaitza; ondoko egunetan biltzekoa da Les Pieds Sur Terre mugimendua —hainbat elkartek parte hartzen dute hartan—, erabakia hartzeko.

Hala, lekuan leku hautagaitza «disidenteak» sortzeko arriskua piztu du Parisko akordioak. Honela mintzatu da Joe Mendes PSko 5. hautesbarrutiko idazkaria: «Okzitaniako leku batzuetan, PSk bere hautagaiak aurkezteko erabakia hartu du, NUPESen ondoan. Hemen, ezkerreko hautesleen gogoa errespetatzea erabaki dugu, batasun hori onartuz, baina ez dugu ukatzen ahal akordio horren eginmoldea ez dugula gustukoa izan». Izan ere, Etxeberri Ezkurrak bezala, salatu du «akordio zentralista» izan dela. Ipar Euskal Herrian FIko hautagaiak izendatu izana ere jomugan ezarri du. «Adi egonen gara, marra gorri batzuk ez baitituzte pasatu behar, hala nola hizkuntza gutxituen eta euskal presoen gaiaren inguruan».

Duboisek segurtatu duenez, «FIk ez du arazorik eskualdeko hizkuntzekin». Dena den, «hauteskunde errepublikanoak» direla eta «kritikei men egin» behar zaiela uste du. «Frantsesen bizia aldatu nahi dugu baldintza hobeetan bizi daitezen. Usaiako bereizketen gainetik pasatu behar dugu».

Bi ezker

Ipar Euskal Herriko hautesbarrutietan, EH Bairen hautagaitzak ezkerreko beste alderdi baten presentzia eragiten du. Etxeberri Ezkurra: «EH Baik bere lekua badu arrunt, eta guk haiekin lan egiteko ohitura dugu, hala nola herriko bozetan. Zinez pena da tokian tokiko akordiorik ez egin izana, askoz ere logika handiagoa izanen baitzuen».

Mendesek ere EH Baik duen pisua izan du gogoan: «De facto bi ezkerren artean hautatu beharko dute hautesleek, ezker abertzalearen eta ezker errepublikanoaren artean. Komunean ditugu ildo batzuk; beste batzuk, ez. Baina beren lekua dute, dudarik gabe». Azken egunotan, PSk dudak izan ditu bere hautagai propioa aurkezteko 5. hautesbarrutian: Colette Capdevielle diputatu ohia. Azkenean, NUPESekin lortutako akordioa errespetatuko dute.

Maiatzaren 20ra arte, hala ere, hautagaitzak ez dira finkoak. Eskuinak eta eskuin muturrak ere hautagaiak izanen dituzte Ipar Euskal Herrian. Dena den, lehen itzuliko emaitzen araberakoa izanen da bigarrena, eta hautagaiek bigarren itzulirako hartzen duten estrategiak baldintzatuko du, hain zuzen, Ipar Euskal Herriko diputatuak nor izanen diren.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Josu Retolaza, artxiboko irudi batean. ©EUSKAL MEMORIA FUNTSA

Hiltzear zela utzi zuten aske

Maddi Ane Txoperena Iribarren

35 urte beteko dira gaur Josu Retolaza euskal preso ohia minbiziak jota hil zenetik. 33 urte zituen. Kartzelan atzeman zioten gaitza, eta aitzinatua izan arte ez zuten libratu.
Gure Esku-ren aurkezpena Baionan ©Berria

Pirinioetako Bidean parte hartzera deitu dute Baionan

Ekhi Erremundegi Beloki

Ipar Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunek babestu du Gure Esku-k Kataluniako beste plataforma batzuekin batera antolatutako ekimena

Gure Eskuren agerraldia urtarrilaren 29an, uztailaren 2ko egitasmoa aurkezteko. ©Marisol Ramirez / Foku

Aragoiko presidenteak dio uztailaren 2an ez duela onartuko «zaborrik» Pirinioetan

Jon O. Urain

Gure Esku-k eta Kataluniako eragile batzuek mobilizazioa dute uztailaren 2an; asmoa da Pirinioetako 300 bat tontor argiztatzea.

Josu Urrutikoetxea, 2020an, Parisen, BERRIArentzat ateratako argazki batean. ©Eñaut Castagnet

Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketarako data jarri dio Josu Urrutikoetxeari: 2024ko urtarrila

Maddi Ane Txoperena Iribarren

1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatua leporatuta epaituko dute, urtarrilaren 9an, 10ean eta 11n. 2.354 urteko kartzela zigorra eskatuko diote.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.