Frantziako Asanblearako bozak. Ipar Euskal Herria. Nikolas Blain. EH Baiko bozeramailea

«Uste dugu ezkerretik eraikitzen ahal den alternatiba EH Bai dela»

EH Baik NUPES Frantziako ezkerreko alderdien batasunetik «kanpo» ikusten du bere burua, nahiz eta gertatzen ari dena arretaz aztertu. Ipar Euskal Herriko gaiak Parisera eraman nahi dituzte, bozen bidez.

GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

EH Baiko bozeramailea da Nikolas Blain (Baiona, 1988). NUPES Frantziako ezkerreko alderdiak biltzen dituen akordioaz aritu da, eta uste du Parisi so dagoen dinamika bat dela. Horiek horrela, EH Bai koalizio ezkertiar eta abertzaleak uste du baduela bere lekua Asanblearako hauteskundeetan.

Nola ikusten duzu NUPES Frantziako ezkerreko alderdien batasunaren hautagaitza?

EH Baik beti begiratzen dio ezkerraldean pasatzen denari, ezkertiarrak baikara. Ezkerreko indar horiekin bildu ginen gure hautagaitza aurkeztu aitzin, legebiltzarreko bozetan elkarrekin zerbait egiten ahalko genuen aztertzeko. Finean, ez da posible izan, bereziki kontzentratuak baitziren lehendakaritzarako bozetan. Bi hauteskundeak biziki lotuak dira haientzat; Frantziako Estatutik begiratuta normala da. Azkenean, gure militanteekin mintzaturik deliberatu dugu EH Bairen boto papera izanen zela hauteskunde legegileetan.

Ezinezkoa ote zen EH Bai akordio horretara batzea?

Elkarrizketak izan ditugu partaide posible batzuekin, baina erraten ziguten Parisko kontsigna goaitatzen zutela. Baina guk abertzale gisa ezin dugu parte hartu gauzak Parisen erabakitzen diren dinamika batean. Hor da haustura; blokeatze puntu nagusia hori da, Paristik heldu baitira erabakiak tokiko errealitateak kontuan hartu gabe. Umiltasunez diot, baina pentsatzen dugu ezkerretik eraikitzen ahal dugun alternatiba EH Bai dela.

Boto baliagarriaren estrategian da NUPES, ezkerra garaile ateratzeko...

NUPESekoek lehendakaritzarako bozen hirugarren itzuli gisa aurkezten dituzte Asanblearako bozak; kapitalizatu behar dute [Jean-Luc] Melenchonen irudia, baina diputatu bat ez da bakarrik Parisen ordezkari, tokiko ardura ere badu, tokiko kezkei erantzuteko. Guk islatu nahi duguna da lurralde gisa badugula egiazko proiektu bat. Ez dugu uste NUPESekoak liratekeenik gure proiektua Parisen defendatzeko ordezkaririk hoberenak.

Batasun horrek ez ote du EH Bai hauskortzen?

Hori aztertzen ari gara. Dena den, gure errealitatera hurbilduta, Melenchonek boz gutiago lortu ditu 2022an 2017an baino; beraz, ez dira arras errotuak gure panorama politikoan. Emaitzen arabera ikusiko dugu, baina ezkerraren alternatiba eraikitzeko dinamika EH Bairen inguruan pasatzen ahal da. Halere, Frantziako hedabideetan ageri den diskurtsoa da Asanblea ezkerrera pasatzeko NUPESen alde egin behar dela, baina hemen nork du xantza gehien ezkerraldeko diputatuak Parisera eramateko? EH Baik; bereziki 6. hautesbarrutian. Nahi baldin bada ezkerreko gehiengo bat Asanblean, EH Baiko diputatuek haien ardurak hartuko dituzte.

Zinezko boto abertzalea neurtzeko parada bat izan daiteke, ezta?

Ikusiko dugu. Azken hauteskundeetan, emaitza hobeak lortu ditugu: departamenduko bozetan, lehen aldiz 20.000 bozen heina pasatu dugu. Hor ikusiko dugu ezkerreko aliantza baten ondoan nolako emaitza egiten dugun. Gure irudiko EH Baik bozak biltzen ahal ditu abertzale mundutik harago, eta hala gertatu da herriko bozetan, departamendukoetan... Ondoko asteetan erakutsiko dugu zer defendatzen dugun gure kanpainaren bidez, eta herritarrei erakutsiko diegu beren eguneroko biziaren hobetzeko proposamen errealak ditugula. Etxebizitzaren arloan, kasurako, frogatu dugu badakigula ditugun tresnak aktibatzen; adibidez, Euskal Hirigune Elkargoan konpentsazio legea ezartzeko bidea bultzatu dugu.

Bigarren itzulirako, zein izanen da EH Bairen estrategia?

Aukera guziak mahaigaineratuko ditugu, ezkerraldean betiere. Baina, dena den, lehen itzuliko emaitzen ondotik, igande gauean, gure militanteak bilduko ditugu hautesbarrutika, eta, barne bozka baten bidez, gure posizioa jakinaraziko dugu bigarren itzulirako. Dena den, emaitzek baldintzatuko dute egoera: ez da gauza bera EH Bai lehen indarra bada, edo ez. Dena den, arazo berriak dira guretzat: duela zenbait urte %2ko emaitza lortzen genuelarik, geure buruari ez genion pausatu behar horrelako galderarik. Badu zenbait urte arazo berriak badirela hauteskundeen inguruan, eta erran nahi du zerbait pisatzen dugula: marka ona da.

Ikusi gehiago:Ezkerreko batasunak dudak sortu ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.