'Cabacas auzia' dela-eta irekitako barne ikerketa artxibatuko du Ertzaintzak

Josu Erkorekak Eusko Legebiltzarrean esan du auzipetu zituztenei ezin zaiela ardura diziplinariorik eskatu, jada ez direlako Ertzaintzaren parte

Cabacas auziko epaiaren kontrako manifestazioa, 2018an, Bilbon. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ertzaintzak barne ikerketa artxibatuko du. Iñigo Cabacas gomazko pilota batek jo ostean hil zen, 2012ko apirilean, Ertzaintzak Bilbon jendearen kontra oldartu ostean. Auzi judiziala egin zen, eta operazio haren buru izan zen polizia zigortu zuten bi urtera eta lau urteko inhabilitaziora. Barne ikerketa ere ireki zuen Ertzaintzak, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo Eusko Legebiltzarreko batzordean jakinarazi zuenez, barne ikerketa hori ere itxi egin dute ikertzen ari ziren sei ertzainetatik bosten aurka.

Erkorekaren esanetan, auzibidean zigortu zuten ertzainburuari ezin zaio ardura diziplinariorik eskatu, jada ez delako Ertzaintzaren parte. Beste hainbeste gertatzen da beste ia guztiekin; Ertzaintzan lan egiteko inhabilitatuta, jada ez daude Polizian.

Erkorekak esan du barne ikerketa bakarra dagoela irekita: Cabacas auzia dela-eta epaituak izan ziren ertzainetatik absolbitua izan zenetako batena, «prozesatua izan zen ertzain bakarra delako Ertzaintzaren parte izaten segitzen duena». Dena den, esan du oso zaila dela aurkitzea ertzain horrek inolako arau urratzerik egin zuenik: «Bere gainetik zeuden agintarien aginduak bete zituen, ez besterik».

«Umiliazio bat»

Agerraldia EH Bilduren eskariz egin du Erkorekak. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideari «lotsagabea» eta «etsigarria» egin zaio Iñigo Cabacasen auziaren harira irekitako barne ikerketa itxitzat ematea. «Cabacasen senideentzat beste umiliazio bat izan da», Arzuagaren esanetan. «Zergatik egin zuten tiroa egin zuten moduan pilotak bota zituztenek? Zergatik garbitu zituzten armak? Zergatik ezkutatzen dituzte frogak? Familiak justizia eskatzen du semea hil eta hamar urtera, baina Eusko Jaurlaritzak bizkarra eman die berriz ere».

Auzitegiak akusatu bakarra zigortu arren, epaia oso gogorra izan zen Ertzaintzaren jokabidea baloratzean; izan ere, epaileek ebatzi zutenez, Ertzaintzaren oldarraldia «neurrigabea eta bidegabea» izan zen —2012ko apirilaren 5ean jazo zen, Bilbon—, polizia operazioan «deskoordinazioa» izan zen nagusi, ez da egia «objektuak masiboki jaurtiki» zizkietenik, Ertzaintzaren ikerketa «eskasa» izan zen, eta epaiketan deklaratu zuten ertzainen testigantzak «espiritu korporatiboz eta ardurak saihesteko asmoz» beteak ziren.

Cabacas zenaren gurasoek ezinegona adierazi dute ikerketa artxibatzeko moduari buruz. Hedabideei egindako adierazpenetan, Ertzaintzaren eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko arduradunen «enpatia eta gizatasun falta» salatu dituzte, «bizirik egonik hil dituztela» erran dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.