Eskola jardunaldia aldatzeko Foru Agindua, orain!

Elixabete Ansa Otermin eta Aitor Laka Maruri
2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako 365 ikastetxe publikoetatik(0-3, Haur eta Lehen Hezkuntza, Irakaskuntza Ertainak)29 bakarrik gelditzen dira jardunaldi zatituarekin, eta bat malguarekin. Nafarroan eskola jardunaldiaren aukerak (jarraitua, malgua, zatitua) aldatzeko bozketa demokratiko bat sustatzen dugun familia taldean, hainbat hilabete daramagu araudi berri bat onartzeko premia eskatzen, aukera guztiek aukera berdintasuna izango dutela ziurtatzeko eta ikastetxe bakoitzak, familia boto-emaile gehienen arabera nahi duen jardunaldia ezarri ahal izango duela bermatzeko.

Argi daukagu horrelako prozesuei demokrazia eta justizia handiagoa eman nahi bazaie, ikastetxeei eta hezkuntza komunitate osoari autonomia eman ahal izateko, ezin dugula gehiengo bereziak eskatzen jarraitu, ez eta parte-hartzea zigortzen dutenak edo familiei inoiz galdetu ez zaien jardunaldi mota bati (zatituari edo etenari) laguntzen diotenak babesten ere.

Duela hilabete batzuk lortu genuen Arartekoak Hezkuntzari prozesu hori arautuko zuen lege-xedapen berria onar zezala gomendatzea. Urtarrilean, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak berak esan zigun, eta prentsan ere zabaldu zuen, aurtengo ikasturterako indarrean izango genukeela Foru Agindu berria, eskola jardunaldien sarrera eta irteera arautzen dituena. Araudia egin aurretik, herritarren parte hartzerako galdetegi publikoa uztailaren amaieratik gobernuaren gardentasun orrian irekita dago.

Azken asteetan, guraso federazioak, zuzendaritza taldeen elkarteak, sindikatuak eta irakaskuntzako patronalak bildu dituen partaidetza prozesu bat egin da, eta prozesu horretan, Hezkuntza Departamentuko arduradunek ere esan dute araudi berria indarrean egongo litzatekeela 2022aren amaierarako; hala, hezkuntza komunitateek prozesua baldintza berriekin egin ahal izango lukete, eta, hartara, hezkuntza sisteman sartzen diren familia berriek beren seme-alabak matrikulatu ahal izango lituzkete eskolek aukeratzen duten jardunaldien arabera.

Gogora ekarri behar da Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako 154 ikastetxe publikoetatik 29 baino ez direla gelditzen jardunaldi zatituarekin, eta bakar bat malguarekin. Beste ikastetxe guztiek, familiek bozkatutako gehiengo bereziekin bada ere, jardunaldi jarraitua dute.

Jardunaldi etena duten 29 ikastetxe horietatik zortzitan ez da inoiz egin prozesua, edo ez da iritsi familien azken botaziora. Gainerako 21 ikastetxeetan jardunaldi jarraituaren aldeko agertu da hezkuntza komunitatearen gehiengoa, nahiz eta ez den iritsi erroldaren %60ra (boto-emaileen kasuan, askotan %70etik gora lortu arren).

Aipagarria da, halaber, Nafarroako gainerako ikastetxeetan (0-3 Haur Hezkuntzan eta Irakaskuntza Ertainean) ikasleen eskola-ordutegia eguerdian amaitzen dela duela zenbait urtetik. Zergatik ez eskola-ordutegiak bateratzeko ahalegina? Une egokia dela uste dugu.

Horregatik guztiagatik, NafarroakoGobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu ez dezala gehiago luzatu eskola jardunaldiak arautzen dituen foru agindu berriaren argitaratzea, eta behingoz, eskola jardunaldi mota bakoitzaren antolaketa, garraio edo eskolaz kanpoko gaien inguruko zailtasunak arautu eta hobetzeaz gain, bozketa prozedura bidezkoagoa eta demokratikoagoa den gehiengo soila ezar dezala eskatzen diogu, ebazpen zein foru agindu bidez dela ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.