Zer egin dugu presoekin?

2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Behin baino gehiago esan dugu Euskal Herrian presoak asko maite ditugula, geure gogoan beti egongo direla, askatasunaren aldeko borrokan gudari eta heroitzat ditugula, iraultzaren abangoardia izan direla… eta, zalantza izpirik gabe, garai batean, duela gutxi arte, euskal gizartearen ikur bihurtu ziren, oso garai zail batzuetan, Francoren diktaduran eta trantsizioko urteetan bereziki, Euskal Herriaren alde borroka egitean erakutsi zuten kemenarengatik. Garai baten ispilua izan zen orain esan dudana baina, herri honen eta gutako bakoitzaren lehenaldiari inolaz ere uko egin gabe, oso kezkagarri zaidan zerbait gertatzen ari da gaur egun.

Zoritxarrez, eta azkenaldian gertatzen den legez, ez dut euskal gizartean gai honi buruzko kezka handiegirik ikusten, baina preso egon ziren hainbat eta hainbat pertsona bakardade gorrian daude gaur egun, eta BERRIAk joan den urtarrilaren 2an publikatutako Jon Ugarte Harrerako kidearen hausnarketek eskaini didate gai honi buruz gogoeta bat egiteko aukera.

Oso egoera kezkagarri batzuk planteatzen dizkigu Jon Ugartek erreportaje horretan: premia ekonomiko eta humano handiak dituzte preso ohiek (haginlariarengana joateko dirurik ez, psikologoaren beharra, pentsioak jasotzeko zailtasun handiak, lan-mundura sartzeko adin batetik aurrerakoen zailtasun handiak edo ezintasuna, …), eta, benetan, hau irakurri dudanean, galdera hauek egin dizkiot behin eta berriz neure buruari, erantzunik ez duten galderak, zoritxarrez: haien borroka askatzailearengatik geure herriaren sinboloa izan zirenak, nola utzi ditugu egoera triste horretan?; borroka militarra hain miretsia, sektore batzuen artean batez ere, izan den herri honetan, praktikatu duten pertsonak zergatik geratu dira hain egoera tristean?; presoen gaia Euskal Herrian hain inportantea izan bada, zergatik hitz egiten da hain gutxi presoen egoeraz, kartzelatik ateratzen direnean? —eta egoera tristea ez da bakarrik kartzelatik ateratzean agertzen. Karlos Gorrindo preso ohiak idatzitako liburu eder bat, Funanbulistaren beldurra, irakurtzen ari naiz, eta presoen artean kartzelan izan diren sufrimendua eta gatazkak ederki planteatzen ditu—; ez al ditugu askotan presoak borroka egiteko ikur gisa erabili, haien egoera tristea kontuan hartu gabe?;imajinatzeko modukoa al da Euskal Herriari bizitza eskaini omen dion pertsonak eta, hainbat eta hainbat euskal herritarren iritziz, abangoardia iraultzailea izan denak gaur egun dentista ordaintzeko dirurik ez izatea, pertsona horiek arazo psikologikoak izatea, pentsioak jaso ezin izatea, erretiro duinik ez izatea?…

Galdera hauei, ordea, inork ez die oraindik erantzunik aurkitu, eta hausnarketa bat egin nahi dut horretaz: nire ustez, eta bi aldeetan sufrimendu handia izan dugun arren, sufrimenduaren komunitatea eraikitzeko gai ez gara izan euskaldunok, eta, horregatik, egoera mingarri horiek ditugu, alde batekoen eta bestekoen artean: presoak, ETAren eta polizien biktimak, torturatuak, erbesteratuak, mehatxatuak, gorrotoak banandutako familia eta lagun-kuadrillak, eta abar luze bat.

Irtenbidea zein litzateke? Badakit oso zaila dela baina, politikakeriaren eta iritzi desberdinen gainetik, sufrimenduaren komunitate handi bat dugula aitortu beharko genuke euskaldunok. Pentsaera desberdinetako pertsonek osatzen dute komunitate hori, eta guztien sufrimenduari eman beharko dio egun batean erantzuna Euskal Herriak, bai instituzioek, bai herritarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.